Netflix goranzko bidean da berriz, 2,4 milioi harpidedun berri lortuta

Plataformak harpidedunak galdu zituen urteko lehen seihilekoan. Akzioek %10 egin dute gora

Dahmer telesaila Netflix plataformako gehien ikusi dena da herrialde askotan. NETFLIX.
urtzi urkizu
2022ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Sektoreko zenbait ahotsek azkeneko hilabeteetan haizatu dute Netflixek goia joa zuela urteko lehen bi hiruhilekoetan harpidedun kopuruetan beherantz egin eta gero. Baina, urteko hirugarren hiruhilekoan, goranzko bidea hartu du berriz streaming bidezko plataforma horrek, eta 2,4 milioi harpidedun gehiago lortu ditu mundu osoan. Aurreikuspenak gainditu ditu konpainiak, milioi bat harpidedun gehiago espero baitzituen. Horren eraginez, Netflixen akzioek %10 egin dute gora.

Asian irabazi ditu plataformak harpidedun gehien: 1,4 milioi. Hego Koreako telesailak eragina izaten ari dira kontinente horren harpidedun datuetan. Latinoamerikan 310.000 harpidedun gehiago lortu ditu plataformak. Eta AEBetan eta Kanadan 100.000 baino ez ditu irabazi azkeneko urtean, egonkortuta dago Ipar Amerikako harpidedunen kopurua.

Azkeneko datuekin, Netflixek 223 milioi harpidedun ditu mundu osoan. Lehena da streaming bidezko plataformen artean.

Hurrengo hiruhilekoan 4,5 milioi harpidedun gehiago lortzea espero du AEBetako konpainiak. Netflixen asmoa da, hala ere, etorkizunean ez argitaratzea harpidedunen kopurua, eta arreta irabazi ekonomikoetan jartzea. Hain zuzen ere, azkeneko hiruhilekoan Netflixek 1.427 milioi euroren irabaziak izan ditu iaz sasoi berean baino zertxobait gutxiago.

Plataformak hau adierazi du gutun publiko batean: «Erronkaz betetakoa izan zen urteko lehen seihilekoa. Horren ostean, bide onean gaude hazkundea bizkortzeko. Konpetentziari egunero irabazten saiatzen gara, eta, horretarako, gure telesailek eta filmek ikusleak hunkitu egiten dituzte. Gero, ikusle horiek haien lagunei kontatzen diete, eta jende gehiagok erabakitzen du gurekin gelditzea».

Netflixen azkeneko hiruhilekoan arrakastarik handiena izan duten lanak Stranger Things 4, Extraordinary Attorney Woo, The Gray Man, Purple Hearts eta The Jeffrey Dahmer Story izan dira. Azken hori gehien ikusitakoen artean sartu da. Baina inork ez du oraindik Squid game korearra gainditu bigarren denboraldia 2023 amaieran iritsiko da.

Iragarkiak, azaroan

Badira berri gehiago Netflixen inguruan. Batetik, dozena bat herrialdetan baino gehiagotan harpidetza merkeago bat eskainiko dute, iragarkiekin: Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan azaroaren 3tik aurrera kontratatu ahalko da 5,49 euroko harpidetza; eta Hego Euskal Herrian, azaroaren 10etik aurrera. Ordu bakoitzeko lau edo bost minutuz iragarkiak sartuko ditu plataformak aukera hori kontratatzen dutenen pantailetan. Iragarkirik gabeko harpidetza garestiagoak bere hartan eutsiko dio.

Bestetik, kontuak partekatzeko murrizketa sistema abiaraziko dute hemendik gutxira. Diru gehigarria kobratuko diete kontu bera erabiltzen duten ikusleei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.