2016an Txinan sortu zenetik, Tiktok sare soziala etengabe hazten ari da. 800 milioi erabiltzaile aktibo baino gehiago ditu egun, eta nerabeen artean gehien erabiltzen den sare soziala bihurtu da dagoeneko. Horretaz jakitun, eta ikus-entzule berriengana iristeko, EITB bera ere sartu da Tiktokeko bideoen munduan. Gaztea irratia hasi zen lehenik, eta bertze saio batzuk etorri dira ondotik: Ez da posible eta Baserria, erraterako. Gaztea bera da egun jarraitzaile gehien dituena: 5.385, eta, denera, bere bideoek 82.400 atsegin dut dituzte.
Arrakastarako gakoak
«Sare sozialetan ibiltzen garen momentutik, sare sozial batean mugimendua baldin badago, bertan egotea garrantzitsua da». Jon Fernandezenak dira hitzak: Gazteako eduki digitalen arduraduna da, eta hura arduratzen da tiktokak egiteaz. Hala, arrakastaren gakoa ideian dagoela uste du: «Garrantzitsua da ideia onak edukitzea, eta ideia horiek ongi garatzea eta momentuko gaietan egotea». Nostalgia errekurtso ona da bideoak egiteko orduan, Fernandezen ustetan. Baserria-ren Tiktok kontuan egindako bideo baten adibidea paratu du: «Lehenengo bi bideoetan Lokaleko Leihotik kanta hartu dute. Kanta hori belaunaldi baten ereserkia da. Horrekin erronka bat proposatu dute, eta hori egiteko Telmo—kantaren abeslaria eta lehiaketako partaidea— izatea sekulakoa da. Nostalgiara jotzen duzu, eta nostalgia hori eguneratu egiten duzu».
Tiktoken euskarazko komunitate «sendo» bat dagoela uste du Fernandezek: «Euskaraz edukiak egin, eta hizkuntzagatik bakarrik biral egiten dira. Hala ere, denak ez du balio: kalitate minimo bat bermatu behar duzu».
Baserria da mundu horretan sartu den azken saioa, eta, hasiberria denez, begirada luzera begira jarri behar dela uste du Fernandezek: «Emaitza ona eman arren, estrategikoki pentsatu behar da». 633 jarraitzaile ditu egun.
EITBko hainbat programa Tiktok sare soziala erabiltzen hasi dira
Gaztea irratiak ditu jarraitzaile gehien: 5.385 denera. Ideia da arrakastarako gakoa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu