David Fincherren 'Mank' filma ostiralean iritsiko da Netflixera

Ordainpeko 'streaming' plataformek makina bat pelikula estreinatuko dituzte abenduan

Gary Oldmanek Herman Mankiewicz gidoilariarena egiten du David Fincherren Mank filmean. NETFLIX.
urtzi urkizu
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Zinema barneko istorio bat kontatu du David Fincher zinemagileak bere azkeneko pelikulan, haren aita Jack Fincherrek idatzitako gidoi batean oinarrituta —2003an hil zen aita—. Ameriketako Estatu Batuetako zinema areto gutxi batzuetan estreinatu dute Mank, baita Europako beste batzuetan ere, baina Euskal Herrian zuzenean Netflix plataformaren bidez ikusi ahalko da, ostiraletik aurrera.

Herman Mankiewicz gidoilaria da pelikulako pertsonaia nagusia, eta Gary Oldmanek jokatzen du rol hori. Zinemaren historian urrezko orrialdeetan toki esanguratsua duen pelikula baten gidoia idatzi zuen Mankiewiczek: Citizen Kane (1941). Orson Wellesek zuzendu zuen film hura, baina presentzia txikia du Mank-en. Hala ere, 1940ko hamarkadako Hollywood hobeto ezagutzeko parada ematen du zintak, zuri-beltzean, baita Citizen Kane egiteko prozesua nolakoa izan zen irudikatzeko ere. Zenbait kritikarik aipatu dute Mank-ek aukera asko izan ditzakeela Oscar sarietako batzuk eramateko.

Netflixek beste film esanguratsu bat estreinatuko du, abenduaren 23an: The Midnight Sky. George Clooney da zuzendaria eta aktore protagonista (bost urte zeramatzan aktore lanik egin gabe). Zientzia fikziozko istorio bat kontatzen du: Lurran hondamendiak gertatu dira. Augustine zientzilaria Artikoan dago isolatuta, eta Aether espazio ontziarekin harremanetan jartzen saiatzen ari da, Lurrera itzuli ez dadin.

Horren aurretik, hilaren 18an, Netflixek Ma Rainey's Black Bottom's filma estreinatuko du; bluesaren bueltako istorio bat da, eta ekoizleen artean Denzel Washington dago.

Meryl Streep, 10ean

HBOk, bestalde, hilaren 10ean Steven Soderbergh zinemagilearen azken filma estreinatuko du: Let Them All Talk. Meryl Streep aktoreak idazle arrakastatsu baten rola jokatzen du. Bi lagun onekin itsas bidaia bat egitea erabakiko du, eta haiekin joango da haren iloba bat ere.

Zinema aretoetan estreinatuko ez diren beste zenbait film ere iritsiko dira plataformetara hilabete honetan. Disney Plusek Eguberri egunerako gorde du Pixarren film berriaren estreinaldia: Soul. Pete Docter eta Kemp Powers dira zuzendariak. Fantasiazko mundu batera iritsiko den musika irakasle baten istorioa kontatzen du. Egun berean, Pixarren animaziozko film labur bat estreinatuko du plataformak: Burrow. Disney Pluysek, era berean, ostiral honetan Godmothered komedia estreinatuko du.

Eguberrietako istorioak ere ez dira faltako datozen egunetan: Amazon Prime Videok Gabonetako zazpi komedia jarriko ditu gaur bertan bere katalogoan.

Filmin plataformari dagokionez, Niki Steinek zuzendutako Beethoven telefilma jarriko du ostiralean bere zerbitzuan. Egun horretatik aurrera ere ikusi ahalko da Amy Selmetz zuzendariaren She dies tomorrow filma—Sitgesko jaialdian epaimahai gaztearen saria eraman du—. Hori ere ez da aretoetara iritsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.