'Teknopolis' saioak 20. urteurrena ospatuko du ETBko sasoi berrian

Bardeako apoarmatuak eta Suediako espalazio zentroa erakutsiko dituzte larunbatetik aurrera

Teknopolis saioko lantaldea eta sustengatzaileak, atzo, Donostiako aurkezpenean. INIGO IBANEZ.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2018ko irailaren 25a
00:00
Entzun
«Telebista asko aldatu da 1999tik, eta baita zientzia eta ikerketa ere», esan du Nagore Rementeria Teknopolis saioko zuzendariak. Zientziaren eta teknologiaren inguruko ETBko tarteak hogei urte beteko ditu otsailean, eta Rementeriak bi hamarkada horiek «gizartea nola aldatu duten islatu» nahi du saioan. «Oraindik ez dugu erabaki nola ospatuko dugun 20 urteurrena, baina saioan txertatu nahi dugu ospakizuna».

Saioko taldeak sasoi berria aurkezteko ekitaldia egin zuen atzo Donostian, besteak beste ETBko, EHUko, Eusko Jaurlaritzako eta saioari sostengua ematen dioten talde eta erakundeen ordezkariekin batera.

Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat gunetara emango dituzte ikusleak datorren larunbatean 13:30ean ETB1n estreinatuko duten denboraldian. Bardean (Nafarroa) egon dira, esaterako, eta han bizi diren apoarmatuak aztertu dituzte. Horrez gain, Suedia hegoaldeko Lunden eraikitzen ari diren Europako Espalazio Iturriaren lanak ikusi dituzte. «'Epa!' batzuk entzun genituen han», esan zuen atzo Rementeriak, eta egitasmo horretan lanean ari diren euskaldunak aipatu zituen. 2025erako amaituko dute munduko neutroi iturririk handiena izan asmo duena.

Horrez gain, La Pedrajan (Espainia) Aranzadi zientzia elkarteko Fernando Serrulla auzi medikuak ikertzen dituen aztarnen berri emango dute. Zientzialariek usteldu gabeko 45 garun berreskuratu dituzte frankistek han hil eta lurperaturiko 135 pertsonen gorpuzkietan.

Bokazioak sustatu

Leire Cancio Elhuyarreko zuzendari nagusiak atzo esan zuenez, entretenimendua eta gaurkotasuna jorratzeaz gain, Teknopolis saioak «zientziarako bokazioak sustatzeko helburua» du, «batez ere nesken artean» sustatzeko.

Zientziaren inguruko interesa handitu arren, Canciok nabarmendu zuen matrikulazioek behera egin dutela.

Izan ere, saioa lankidetzan arituko da EHUrekin, biek «erraz» egiten dutelako bat helburuetan, Miren Bego Barandika unibertsitateko irakasleak azaldu zuenez. «Unibertsitatearen beste zerbitzu bat da dibulgazioa; izan ere, kultura zientifikoa jakintza orokorraren parte da gaur».

Saioaren «ikusle datu onak» nabarmendu zituen ETB1eko programen zuzendariorde Xabier Aurrekoetxeak. «Ez da bakarrik zerbitzu publikoa, baizik eta gero eta gehiago kontsumitzen den produktu bat», esan zuen. «Teknopolis-ek lortu du jende askorentzat arrotzak diren gaiak hurbiltzea modu erakargarri eta ulergarri batean».

Saioa asteburuetako «aperitifaren orduan» ematen dutela eta, Leturia ETBko zuzendaritza zirikatzen saiatu zen. Azaldu zuenez, saioak ez du berrikuntza handirik izango formatuari dagokionez, eta aurreko sasoiko atal berdinak edukiko ditu datozen hilabeteetan ere. «Funtzionatzen badu, zertarako aldatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.