Nayruz Qarmout. Gazako idazlea

«Israelek nortasuna urardotu nahi dio Jerusalemi»

Hilabete igaro da AEBek esan zutenetik Jerusalem Israelgo hiriburutzat onartuko dutela. Qarmoutek ez du «itxaropena galdu», Palestinako eta nazioarteko erreakzioengatik.

BERRIA.
Jose Miguel Arrugaeta, Orsola Casagrande
2018ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Nayruz Qarmout idazle palestinarra (Damasko, 1984) Jarmukeko errefuxiatuen eremuan bizi izan zen 10 urte bete artean. «Haurtzaroa Xaam-en eman nuen; hala esaten genion Siriari. Eta herrimina sumatzen dut; lur huraxe dut sorlekua, huraxe izan nuen nire lehen iturburua, hangoxe lurra zapaldu nuen lehenbizikoz haurtzaroko urte haietan». Idazlearen familia Gazara itzuli zen 1994an, eta hantxe bizi da gaur egun. Enpresa Administrazioko ikasketak egin zituen Al-Azhar Unibertsitatean.

Duela hilabete, AEBetako presidenteak esan zuen Jerusalem Israelgo Estatuko hiriburu gisa onartuko zuela.

Tristezia sentitzen dut, baina ez dut galdu itxaropena. Mundu guztiak baztertu du adierazpen hori, gure jendea kalera irten da, eta handia izan da nazioarteko elkartasuna. Beren botere eta harrotasun handi eta guzti, AEBak eta Israel bakarrik geratu dira NBEren Segurtasun Kontseiluan.

Zer esan nahi du antzinako hiri horrek palestinarrentzat?

Amets horrexekin haziak gara. Hauxe da galdera: Jerusalem galtzen ari al gara, sionismoaren politika antolatuaren eraginez? Izan ere, nortasuna urardotu nahi dio, eta osaera demografikoa aldatu. Hiria, baina, gizakiaren sakratutasunaren erakusgarri da; maitasuna eta bakea da, erlijio askoren sehaska, Palestinaren borroka nazionalaren iparrorratza, esparru sakratua, eta ezerk ezingo ditu aldatu esanahi horiek.

Gabonetan Israelek Gazari eraso egin dio berriro.

Bai, Hamasen posizio militarrei eraso egin diete, baina baita zibilen eremuei ere. Misilek hondamendia eragin dute, eta aise ikusten da hori gure ingurumarian; horri erantzuteko, herritarrak kalera irten dira, herri erresistentzia baketsu moduan, nahiz eta sionistek ez dioten utzi krimenak egiteari. Esaterako, odol hotzean hil berri dute Ibrahim Abu Thuraya, zeinak zangoak galduak baitzituen 2008ko bonbardaketetan.

Desadostasun politikoek ahuldu egiten dituzte palestinarren eskabideak?

Nik bertatik bertara bizi izan nuen Hamas botereaz jabetu izana Gazako zerrendan, 2006ko hauteskundeetan lurralde horretan irabazi eta gero. Sekula ezin izan ditut onartu gertakari haiek, ez du inolako zuribiderik Hamasek indarra erabili izanak, baina, haren arrazoi politikoak gorabehera, nahiago dut neure sentimenduetan oinarrituta aztertu gertakari haiek; izan ere, haustura bat sentitu nuen nire memorian. Gertatzen ari zen hari guztiari erreparatu nion, eta hartaz idatzi nuen. Sentitu nuen geure eskuez ari ginela hiltzen palestinarron ametsa, gure askatasunaren eta independentziaren izenean. Horrek inarrosi egin ninduen, eta orduan hasi nintzen baztertzen dogmatismoa, estremismo erlijiosoa eta intelektuala.

Zeintzuk dira zatiketa horren arrazoiak?

Tristura ematen dit ikusteak orain ez dela palestinarren eta israeldarren arteko borroka bat, eta botereagatiko borroka bihurtua dela palestinarren artean. Alde biak ari dira palestinarren kausaren alde, baina batzuk patriotismoaren izenean eta besteak sinesmen erlijiosoaren izenean. Desitxuratu egin da gatazkaren funtsa, eta arabiar mundura aldatu da oro har, batik bat Israelgo auzo herrialdeetan, eta aldatu egin dira helmugak, noranzkoak eta xedeak; alderdi erlijiosoak klonatu egin dira, gero eta indar eta estremismo handiagoz, Arabiako eta mundu osoko gizarteen egonkortasuna mehatxatzeraino.

Gatazka konpontzeak bestelako ikuspegi bat emango lioke Ekialde Hurbil osoari?

Arabiar-israeldar gatazkak alderdi nazionalak, kulturalak, erlijiosoak eta geopolitikoak ditu. Bestela esanda: palestinar-israeldar borroka da Ekialde Hurbileko gatazkaren funtsa. Bere burua estatu judutzat onartzea eskatzen du estatu sionistak, eta ez zaio axola eremu hura oinarri konfesionaletan eraikitako estatu txikietan zatikatua geratzen baldin bada ere.

Hala ere, auzi erlijiosoaren eraginak funtsezkoa dirudi herrialde arabiarretan.

Herrixka txiki bat da mundua, eta, oraingo iraultza teknologiko eta informatiko honen ondoren, funtsezkoa da eredu intelektual bat orokortzea gazteen artean; horregatik, susmoak izan ohi ditut ea zerk eragiten duen terrorismo intelektual hori eta ea gure gizarteek berezkoa duten zerbait den. Ez dut uste Bin Laden eta Daex gure herrialdeetako kulturaren jatorrizko oinordekoak direnik. Kontuan izan behar da, halaber, Iranek eta Turkiak gero eta eragin handiagoa dutela, eta ondorio jakin batzuk dituztela Hamasengan eta Anaia Musulmanek Egipton duten indarrean. Golkoko herrialdeen ideologia salafista, berriz, Islam jihadistaren bidez hedatu da, lehenago Afganistanen, Iranen eta Turkian gertatu bezala, non izaera islamistaren adierazgarri den oro babesten duten alderdi erlijiosoak baitaude boterean.

Zure ustez, posible al da Palestinako estatu bat sortzea aurki?

Ez naiz baikorra. Ez dut ikusten erakunde palestinarrik luze gabe. Ahultzen ari gara, ilusio patriotikoaren eta ilusio erlijiosoaren artean. Denek ere ondotxo dakite garrantzitsua dela jendearen bizi baldintzak hobetzea konponbideak ekartzeko, baina, bien bitartean, gure lurra egunero murrizten ari da kolonizazio proiektuen geofagiaren eraginez eta Israelek eraikitako bakartze harresi amaigabeen ondorioz.

Zu betidanik egon zara oso inplikatua emakumeek Palestinan duten egoera dela eta.

Nire lanagatik, hainbat gairi buruz idatzi behar nuen Emakumeen Inguruko Gaietarako Ministerioan: besteak beste, genero indarkeriaren inguruko kexez, 2005ean Israel Gazatik modu aldebakarrekoan erretiratu ostean. Oso gaztea izanagatik ere, politika hori jorratu nuen, eta osatu. Zuheira Kamal andrea nuen ministro, zeinak betetzen baitzuen FIDA Palestinako Batasun Demokratikoko Idazkaritza Nagusiko kargua —PAEko erakundeetako batean—. Haren borrokak lorratz handia utzi zuen nigan, baita hark zuen fedeak ere emakumeek beren eskubideak eta berdintasuna lortzeko kausa justuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.