KRITIKA. Dantza

Efektismoa nagusi

Agus Perez.
2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun

'Notre-Dame de Paris'



Konpainia: Balletto di Siena. Zuzendaritza eta koreografia: Marco Batti. Musika: Riccardo Joshua Moretti. Argiak:Claudia Tabbi. Jantziak: Jasha tailerra. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Apirilak 13.

Balletto di Siena konpainiak Notre-Dame de Paris izeneko koreografia ekarri du Donostiara, izen bereko eleberri famatua dantza bihurtuta. Aurrera jarraitu baino lehen, esan beharra dago italiar konpainia honek hiru adarretan banatzen duela bere jarduna: ballet klasikoa, sorkuntza laburrak eta arlo garaikidetik hurbilago egon litezkeen piezak. Azken estilo horri dagokio Viktoria Eugenia antzokian eskaini diguten emanaldia, baina larunbateko emaitza ikusita, argi dago ballet arautuarena dela konpainiaren eremu naturala eta Marco Batti ez dugula koreografo garaikideen artean bereziki gogoratuko.

Izenburuak dioen bezala, Victor Hugoren eleberri aitzindaria ekarri du Sienako konpainiak taula gainera, liburuko pasarte nagusiak dantzatik baino antzezpenetik hurbilago egon diren eszenak eratuz eta giro koloretsuko atalak Parisko baztertuen mundua, Mirarien gortea deiturikoa, erregearen soldaduen eta herri xehearen arteko oldarraldiak... dantza talde osoaren agerraldi dinamikoen bidez irudikatuz.

Ballet programatikoetan bezala, jatorrizko kontakizunaren zorduna izan da lan koreografikoa, baina nik behintzat ez nuen espero dantzaren diseinua hain narratibista izatea eta dantzariek eraikitako irudi plastikoak hain figuratiboak, hain telebista mailakoak suertatzea. Riccardo J. Morettiren soinu bandak izaera erdi zinematografikoa erdi etnizista hartu du —beharbada Esmeraldaren jatorri ijitoaren omenez—, baina nik uste dut pasarte batzuetan gehiegi baliatu dela efektu kolpeez kontakizunaren dramatismoa areagotzeko.

Efektismoaren bide horretatik, beste errekurtso batzuk erabili dira, hala nola makilak, ezpatak, hasierako eta amaierako plataforma birakaria, zinta elastiko gorriak eta argi tunel harrigarria, azken hori zertara ote zetorren asmatu ez dugun arren.

Dantzarien kalitateaz esan beharra dago maila klasiko nabarmena erakutsi dutela rol nagusietan ibili direnek —Esmeraldak, Quasimodok eta Frollo artxidiakonoak batez ere— eta orbangabeak iruditu zaizkigula dantz taldearen agerraldiak. Bestetik, aipamen berezia merezi du Quasimodori emandako tratamenduak, jatorrizkoaren konkordun izaera dantzariaren gorputz trinko eta gihartsuarekin ordezkatu baita, haren pertsonaia mugimendu bihurrikariekin irudikatuz.

Hala ere, dantzarien gaitasunean bermatu da emaitza eszenikoa koreografiaren diseinuan bainoago, eta ikusleen txalo epelen ondorioz, txiripaz altxatu da bigarrenez oihala, dantzarien agur handien txanda nekez betetzen zelarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.