LIBURU AURRERAPENA

Zuloa -Izenbururik gabe- Bixente Ameztoi

Xabier Gantzarainek (Azkoitia, 1975) 'Zuloa' ondu du, Tene Mujika bekarekin. 23 saio dira, bakoitza artelan bati eskainia. Egilearentzat, artelanak bertako gizarteaz, garaiaz eta herriaz pentsarazteko artefaktuak dira. Atal honetan, Bixente Ameztoiren lan bat da abiapuntua.

BIXENTE AMEZTOI.
2018ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Bi polo, bi indar elkarren kontrako izan dira Euskal Herriko motorrak, ETAk armak utzi arte bederen, edo ETA armak utzi behar zituela pentsatzen hasi arte, hobeto esanda. Bat, aurrerabidearena, ongizatearena, egonkortasunarena, pragmatismoarena, siglarik jarri nahi bazaio EAJ edo PSE edo UMP edo UPN edo nolabait politikaren bidez statu quoa aldatzeko inolako asmorik izan ez duen jendearena, aitzitik, egoera bakoitzera ahalik eta ondoen moldatu eta hortik etekina atera nahi zuenarena. Bestea, ETAk armak uztearekin batera desagertu ez baina eraldatu egin dena, eta aurretik ere ahulduz eta ahulduz joan zena, inoiz benetako aukerarik izan ote duen ere zalantzan jartzeko moduan mehetu dena, hitz bakarrean esanda ongi ulertzeko, iraultzarena izan zen, zeinak uste izan zuen, xalotasun ikaragarriz, mundu justuago bat nahi izate hutsak ematen zuela iraultzarako aukerarik. Bi indar hauek, asko sinplifikatuta, izenda daitezke beste hitz batzuekin ere, eskuina eta ezkerra, zaharrak eta gazteak, posibilistak eta ameslariak... Sinplifikazioak alde batera utzita, eta indar bakoitzaren izaera poliedrikoa aintzat hartuz, garbi dago bi indar hauen arteko dialektikak ekarri gaituela hona.

Alderdiak aipatu ditut, siglak, baina izatez bi indar hauek sakonagoak dira, alderdien arteko borroka politikoa gainditzen duten kontuetan baitute zuztarra. Azken batean, bi mundu ikuskera kontrajarri dira, eta gero horiei zeinek nola heltzen dien da gakoa, baina funtsean uztartzen gaitzak direlako sortzen da talka, eta gero batzuek eta besteek talka hori oholtza politikora eramaten dute. Eta akaso horrexegatik bihurtu dira azkenaldian bi indar hauek benetako borroka politikoaren ardatz.

Azken urteotan Gipuzkoa izan da, eta ari da izaten, bi mundu hauen arteko guda-zelai nabarmenena. Jendea harritu egiten zen: atentatuak, heriotzak, torturak, bahiketak, dispertsioa, miseria horiek bizi izan dituen gizarte bat nola jarri da orain hain suhar zaborren kontuagatik?

Zaborra da gure funtsa ordea. Behin adin batera iritsita, pentsatzen hasi beharra dago zer egin nahi duzun zure gorpuarekin: elizkizuna, hileta zibila, lagunarteko agurra, ehortzi, erraustu, hautsak non bota, non gorde...

Ez, benetan, halaxe da. Gaur jada badakigu gure benetako gaia, beste guztiak posible edo inposible egiten dituena, planeta bera dela. Masai etniaren esaera batek dioenez, ez diegu guk uzten mundua ondorengoei, eurek guri baizik.

Jose Luis Otamendik ederki laburtu zuen poema batean: gu munduarenak gara / baina mundua ez da gurea.

Yayo Herrerok ere ondo laburtu zuen: «Krisi ekologikoa zibilizazio krisi bihurtu da».

Ez dakit zenbat urte izango diren, ez nuen gorde data, baina ez zait sekula ahaztuko; Bilboko alkate In?aki Azkuna zenak esan zuen irratian: herritarrari eskatu behar zaion gauza bakarra bere zabor poltsa kontainerrean uztea da.

Esaldi horretan ikusten da ondo zein sakona den bi mundu ikuskera hauen arteko talka; ez da mugatzen inolaz ere zaborrera, nahiz eta zaborraren kontuan oso geratzen den ageriko. Bilduk gobernatzen zuen udaletan eta aldundian martxan jarri zuen sistemak herritarrari gehixeago eskatzen dio, ardura gehiago, kontzientzia gehiago, lan gehiago. Aldiz, EAJk edo PSEk eskaintzen dutena ez arduratzea da, bota zaborra kontainerrera, gu moldatuko gara, zu ez kezkatu. Eta noski, jarrera hori ez da mugatzen afera honetara soilik, aitzitik, beste eremu guztietarako nahi dutena da.

Beharbada gauzak ez dira hainbeste aldatu, eta iraultzaren aldeko indarrak jarraitzen du sinisten eta esaten «denok eman behar dugu zerbait», eta kontrako indarrak jarraitzen du esaten «utzi gauza serioak kudeatzaileen eskuetan». Azkenean, beti ari gara kontu berari bueltaka: nolakoak nahi dituzu herritarrak?

Oraindik orain, errauskailua egitea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak, EAJ eta PSE direla agintean (Ingurumen Gunea deitu diote, mundiala da). Baina zaborraren sistemarena, atez atekoarena, errauskailuarena, ez da urte luzetako borrokaren beste kapitulu bat besterik, Abiadura Handiko Trenarena (izan) den bezalaxe, Garon?arena, edo Lemoizko zentral nuklearrarena.

Seguru asko, azken 50 urtean euskal herritarren mundu ikuskeran eta iruditerian gehien eragin duen gertakizuna Lemoizen eraiki eta martxan jartzekotan egon ziren zentral nuklearrarena izan da, eta hura gelditzeko egindako borrokarena, tartean ETAk Ryan bahitu eta hil izana dela, eta poliziak Gladys del Estal hil izana martxa ekologista batean. Seguru asko, bonba atomikoak bezalaxe, hondamendi nuklear baten aukerak errotik aldatzen du dena jendearen buruetan, eta haren inguruan sortutako zurrunbiloak ez zuen inor utzi aparte.

1972an hasi ziren Lemoizko zentrala eraikitzen. Batzuetan datuek ere ematen dute egiaren izpi bat: 1.000 tona burdina eta 200.000 metro kubiko hormigoi erabili ziren. Hortxe hasi zen Euskal Herriaren iragan hurbilean izandako atalik aztoratu eta ilunenetako bat, Ibon Aranberriren hitzak erabiltzera. Irakurtzekoa da Wikipediako sarrera, detaile txiki bakoitzaren esanguraz jabetzeko.

1984an geratu zen azkenean bertan behera zentrala martxan jartzeko asmoa, eta 1984koa da Bixente Ameztoiren koadro zoragarri hau.

Paisaia hau berezia da oso, ez baitago, bere lanik gehienetan ez bezala, giza arrastorik batere. Igeldo aldetik jarri da artista Donostiara begira, postaletan-eta erabat erabili den begiradaren aldaera bat hartuta, baina ikuslearen begiak mendian behera itsasora, hondartzara, lurrera egin orduko hautemango duenez, hiria falta da koadroan; ez bide, ez auto, ez kale, ez etxe, ez jende, ez dakigu gizakiak paraje hauek zapaldu aurretikoa den irudia, edo naturak beretzako hartu duen, basoak jan duen inoiz Donostia izan zena.

AHTaren aurkako asanbladarentzat afixak egindakoa da Bixente Ameztoi. Kontzientzia ekologista dario, bestela ere, haren lanari: gizakia porrua da, tipula da, natura da, ez dago gainetik, ez da munduaren jabe, Euskal Herrian (eta munduan) indar politiko, sozial eta ekonomiko batek uste duen bezala. Irakurtzekoa da, honen harira, Joseba Azkarraga Etxagibelen artikulua: Emozioak antropozenoan.

Mundua aldatu nahi zuten gazte haietarik izan zen Bixente Ameztoi, bere artelanak, Euskadi Sioux, Argia aldizkarirako azalak... Juan Kruz Unzurrunzagak, hil hurren zela, elkarrizketa eman zion Berrian Amagoia Ibani, Joxe Arregiren gorpua hilobitik atera eta argazkiak egin zizkion taldean Bixente Ameztoi ere bazela esateko, besteak beste. (ikus GERNIKA kapitulua)

Bixente Ameztoiren lanak miraz begiratzen dio naturari, maite du, errespetatu egiten du, liluratu egiten du. Ekologista zen, oso jende gutxi zenean ekologista. Eta hala ere, bere konpromiso ideologiko eta politikoen gainetik, niretzat beti egongo da bere konpromiso estetikoa.

Umea zela hasi zen margotzen, besterik egiterik ez zitzaiola sekula burutik pasa esan izan zuen, eta 14 urterekin parte hartu zuen erakusketa batean lehen aldiz. Sariak azkar iritsi zitzaizkion, bai eta merkatuaren presioa ere, antza: konturatzerako atzetik zeukan jendea lan eske, berak aitortu zuenez, eta horrek gaixotu egiten zuen. Epe, presa, kate guztiak hautsi eta bere barne erritmoari jarraituz ondu zituen harrezkero bere lanak.

Elixabete Garmendia Lasak aipatu zuen, Berrian argitaratutako «Arteta ahazteko bidean» artikuluan. Eta berak ongi asko azaldu zuen bezala, Euskal Herriari zahar usaina kendu nahi zion artista izan zen Bixente Ameztoi, ikonografia moderno bat eman ziona: porruak, kaputxak, eguzkitako betaurrekoak... Ez dira akaso gauza handia gaur, baina orduan berritasuna ziren, ezustea, talka, mundu berri bat.

Mundu berri bat da beti bere arte lana, eta koadro hau premonizio bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.