Hauteskundeei begira. Udalak. Aitziber Irigoras. Durangoko alkatea

«Zikloak hasi eta amaitu egin behar dira, ahalik eta ondoen»

Durangoko Udalean hamasei urtez jardun ostean, Irigoras ez da hautagai izango maiatzean, eta eskolak ematera itzuliko da: «Badut gogoa hain gustura egiten nuen hori berriro egiten hasteko».

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
gotzon hermosilla
Durango
2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Durangoko Udalean hamasei urtez jardun ostean, horietatik 11 alkate gisa, oraingoa izango da Aitziber Irigorasen azken agintaldia (Durango, Bizkaia, 1973). Duela urtebete iragarri zuen Deustuko Unibertsitatean duen lanpostura itzuliko zela, zuzenbide eskolak ematera. Maiatzeko hauteskundeetan Mireia Elkoroiribe izango da EAJren hautagaia Durangoko alkatetzarako.

Oso abagune berezian hartu zuen Irigorasek udaleko ardura nagusia. 2008an, bigarrenez izendatu zutenetik urtebetegarrenera, hil egin zen Juan Jose Ziarrusta alkatea, eta Irigoras alkateordeari egokitu zitzaion aginte makilaren jabe egitea. «Oso dramatikoa izan zen, osoko bilkuran geundelako haren heriotzaren berri iritsi zitzaigunean», esan du. Udaleko kontuak lehenagotik ezagutzen zituen arren, aitortzen du ez dela kontu bera bigarrena izatea edo taldeko buru aritzea, «baina erantzukizunez aurrera egitea erabaki nuen, eta gaur arte».

Ardura hartu zuenean, 2008an, krisi ekonomikoaren zantzuak artean ez ziren oso agerikoak. Urte gutxiren buruan, egoera erabat aldatu zen. «Oso urte gogorrak tokatu zaizkigu arlo ekonomikoan», dio Irigorasek. «Gure asmoa beti izan da artaziak ahalik eta gutxien sartzea, ahal zen neurrian behintzat. Guk hiru obsesio izan ditugu: udal langileei murrizketarik ez eragitea, udalak egin beharreko ordainketak garaiz eta zorrik utzi gabe egitea, eta herriko elkarteei eman beharreko laguntzetan atzerapausorik ez egitea. Gero, egia da inbertsio batzuk atzeratu egin ditugula, baina hiru lehentasun horiek argi eduki ditugu».

Arlo politikoan ere gauzak asko aldatu dira 2008tik hona. ETAk bortxazko jarduera baztertu izana eta legez kanporatzeen zikloa bukatzea ez dira aldaketa horien artean txikienak. «Hala ere, esan behar da ezker abertzalea beti egon dela ordezkatuta Durangoko Udalean», ohartarazi du Irigorasek, «eta hori zorte handia izan da. Tentsioak eta haserreak egon daitezke, baina zubi bat beti zabalik edukitzea, nire ikuspuntutik behintzat, izugarrizko abantaila izan da». Giro politikoaren baretzea ere «aurrerapen handitzat» du Durangoko alkateak.

Agintaldiaren hasieran PSE-EErekin egindako akordioa ere positibotzat jotzen du Irigorasek. «Oso pozik nago. Nire eguneroko lanaren ikuspegitik, gauzak asko errazten ditu horrek. EAJk zortzi zinegotzi ditu, eta PSE-EEk, bi: bat falta da gehiengo absolutua lortzeko. Beraz, badakigu gauzak aurrera ateratzeko negoziatu egin behar dugula, baina ni sartu nintzenean Gobernu Batzordeak zazpi zinegotzi baino ez zituen, eta gutxienez beste bi talderen babesa behar zen zerbait aurrera ateratzeko». Ituna egin zuten bi alderdiak «leialtasun osoz» aritu direla dio Irigorasek, eta «taldea» egin dutela, alderdi batekoek zein bestekoek.

Herri galdeketa

Seguru asko, trenbide zaharreko orubearen eraberritzearen egitasmoa izan da agintaldi honetan Durangoko Udalaren proiekturik garrantzitsuenetako bat. Eta gehien eztabaidatu direnetako bat ere bai: indar handia hartu du horren inguruan herri galdeketa eskatzen duen mugimenduak. Irigorasek ziurtatu du galdeketa «egin» egingo dela; «gainera, legeak hala agintzen du; erroldaren %10ak baino gehiagok eskatu zuen sinadura bidez galdeketa egitea eta, beraz, egin egin behar da. Baina ezin dizut esan noiz». Prozesua ez da «hain erraza», dioenez. «Guretzat, garrantzitsua da prozesua legezkoa izatea, Basaurin [Bizkaia] gertatutakoa ikusi dugu eta. Gure zerbitzu juridikoak ari dira gaia aztertzen, dena ondo egiten dela bermatzeko».

Aramotz auzunearen eraberritzea ere aipatu du Irigorasek agintaldi honetako proiektu garrantzitsu gisa: «Hala ere, balantzea egiten denean joera izaten dugu beti inbertsioak eta herri lanak nabarmentzeko, baina gizarte ekintza, enplegua eta berdintasun politikak ere aipatuko nituzke nik, agintaldi honetan zeharkako jarraibideak izan baitira Gobernu Batzordearentzat».

Agintaldi honetan, udalak 1937ko martxoko bonbardatzea dela-eta jarritako kereilak ere ekarri du Durango albistegietara. Bizkaiko Probintzia Auzitegiak erabaki zuen kereila artxibatzea, baina udalak helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Irigorasek dioenez, udalak aurrera egiteko asmoa du: «Guk egia jakitea eta justizia eskatzen dugu. Eta justizia epaitegietan lortzen da; horregatik erabaki dugu jo dugun bide horretatik jotzea».

Iazko otsailean jakinarazi zuen Irigorasek ez zela berriro Durangoko alkategai aurkeztuko, baina, dioenez, erabakia askoz lehenagotik zeukan hartuta: «Zikloak hasi eta amaitu egin behar dira», azaldu du. «Halako kargu publiko batean ezin gara betiko egon. Hasi eta amaitu egin behar da, eta ahalik eta ondoen. Bestalde, irakaslea naiz, nire jatorrizko lanpostua gorde egin dut, eta hori izugarrizko zorte ona da. Badut gogoa hain gustura egiten nuen hori berriro egiten hasteko. Gainera, EAJn badugu prest eta prestatuta dagoen jendea. Pozik egon naiz hainbeste urtean, baina uste dut unea iritsi dela ziklo bat itxi eta beste gauza batzuk egiteko».

Maiatzetik aurrera, bizimodu berriarekin, alkatetzan emandako denboratik oroitzapen asko eramango ditu etxera Irigorasek, batzuk gozoak, beste batzuk ez hainbeste: «Lan honetan gehien gustatu zaidana izan da jendearekin egon ahal izatea, jendearen arazoak entzutea eta, ahal den neurrian, ez baita beti posible izaten, irtenbideren bat topatzea. Gainera, jendea normalean gizabide onekoa izaten da, eta errespetuz eta begirunez hurreratzen dira, salbuespenak salbuespen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.