Espainiako inbestidura saioa. Aitor Esteban. EAJren bozeramailea Kongresuan

«Gobernuaren hitza dugu, baina gauzatzea kostatuko da»

Diputatu jeltzaleak uste du Espainiako eskuineko alderdiek inbestidura saioetan erakutsitako «zakarkeria» haien arteko «lehiaren» ondorio dela, eta horrekin Vox «normalizatu» dutela.

JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
gotzon hermosilla
2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
EAJk Espainiako Kongresuan duen talde parlamentarioko buru Aitor Estebanek (Bilbo, 1962) lasaitua hartu du Espainiako giro politikoan azken hilabeteotan egon den behin-behinekotasun egoera bukatzera doala ikusita, baina, hala ere, zapore mikatza utzi dio inbestidura saioan nagusitu den giro zakarrak eta, batez ere, Espainiako eskuineko alderdiek erakutsitako zakarkeriak.

Nolako gorputzaldia utzi dizute inbestidura saioko eztabaidek?

Txarra, egia esan. Nik askotan ikusi dut giro txarra Madrilgo Gorteetan, baina egun hauetakoa urrats bat harago joan dela uste dut. Gorputzaldi txarra gelditzen zaizu ikusten duzunean batzuek ez dutela eztabaidatzeko ezelango gogorik eta liskarra bilatu dutela hasiera-hasieratik.

Zure ustez, zergatik hartu dute Espainiako eskuineko alderdiek jarrera hori?

Argi dago: haien arteko lehia bat da, hurrengoan nor izango eskuinaren buru. Jokaera horrekin, [Voxeko presidente] Santiago Abascal normalizatu egin dute. Ikusi besterik ez zegoen, esaterako, UPN eta Foro Asturiaseko ordezkariak zelan joaten ziren Abascalengana hura agurtzera eta eskua ematera. Normalizatu egin dute, eta orain lehia da nor den gogorrena, pentsatuz horrela lortuko dutela esparru horren buruzagitza.

Nik uste dut PP hanka sartzen ari dela estrategia horrekin, baina badirudi hori bilatzen dutela; bestela, ez da ulertzen [PPko presidente] Pablo Casadok Cayetana Alvarez de Toledo bigarren gisa jarri izana.

Pentsatzekoa zen bezala, Pedro Sanchezen kontra egin dute bereziki, baina parlamentari euskaldunek ere epelak entzun behar izan dituzue, EH Bilduko Mertxe Aizpuruak hitza hartu zuenean, adibidez.

[Ciudadanoseko] Ines Arrimadasek, adibidez, bere hitzaldian 47 aldiz aipatu gintuen, EAJren eta PSOEren arteko akordioa dela eta; Abascalek ere niri buruzko aipamen pertsonalak egin zituen, ni zirikatu nahian.

Batez ere, Nafarroako trafiko eskumenak negoziatzeko zilegitasunik ez izatea leporatu dizuete.

Gu Geroa Bai koalizioko kideak gara, eta alderdi nagusia koalizio horretan. NBB Nafar Buru Batzarreko presidentea [Unai Hualde] Nafarroako Parlamentuko presidentea da. UPN ideologikoki karlistetatik dator, baina esan daiteke Nafarroan berriak direla, 1979an sortu baitziren. EAJren NBB, aldiz, 1910etik dago Nafarroan. Zilegitasun osoa dugu Nafarroaz hitz egiteko, eta horretan jarraituko dugu; jai izango dugu UPNk Nafarroaren foru izaera defendatzeko zain geratzen bagara.

Zure ustez, inbestiduraren emaitza positiboa da Euskal Herriarentzat?

Zentzuzko aukera bakarra zen, eta kaltegarria izango ez dena. Beste aldetik, gu ahalegindu gara gai batzuk lotuta uzten, orokorrean gizarteari eragiten diotenak, eta gauza konkretuagoak Euskadirentzat. Hori paper batean dago, eta gobernu baten hitza dugu, baina hori gauzatzea kostatu egingo da. Borrokatu egin beharko da, eta oso zaila izango da, interes asko eta oso desberdinak daudelako, eta bateratu egin beharko direlako. Baina denok ados bagaude denbora berria zabaldu egin behar dela, hori landu beharko da.

Hitzarmen horretan, besteak beste, estatuaren egiturak nazio aniztasunaren errealitateari egokitzeko aukera agertzen da. Zer-nolako bidea egin dezake horrek?

Guk aspalditik dauzkagu pentsaturik zenbait aldaketa, gure ustez euskal gizartearen gehiengoaren adostasuna izango luketenak, betiere gizarte horren aniztasuna errespetatuz. Ez ditut orain aurreratuko, nire aldetik ez bailitzateke zuhurra izango, eta hori [Espainiako] gobernuarekin negoziatu behar baita, baina gure asmoa litzateke euskal naziotasuna aitortzea eta, ondorioz, beste harreman mota batzuk ezartzea. Bide horretan PSOE eta Podemos noraino iristeko prest egongo dira? Ikusiko dugu; oraingoz, lehenengo urratsetan baino ez gaude. Eta, gainera, uste dut Katalunian gertatzen denak asko baldintzatuko duela hori.

Pentsatzekoa da zuek laster jarriko zaretela lanean hitzarmenean agertzen diren edukien inguruan, ezta?

Guk Kongresuan ekinbide batzuk jadanik erregistratuak ditugu, baina, gobernuari dagokionez, astebete edo hamar egun utzi beharko dira eratu arte, ministro berriak ministerioen jabe egin daitezen, planak definitu ditzaten eta abar. Dena dela, komeni da hasiera-hasieratik erakustea honek funtzionatzen duela eta gauzak martxan jartzen direla. Egun batetik bestera itzelezko aldaketak izango ditugula pentsatzea geure burua engainatzea da, baina hasieratik gauzak argi uztea komeni da, eta guk negoziatzeko asmoa dugu.

Gaurgero abian da legealdia. Eskuineko indarren jarrera aurrerantzean ere bera izango dela uste duzu?

Ez eduki inolako zalantzarik, baina, baiezko botoa eta abstentzioa eman dugun indarren artean konfiantza sortzen bada, legeak onartuko dira, gauzak aurrera eramango dira, eta, seguru asko, tonua jaitsiko dute, oposizioan egotea gogorra baita, eta ezin baitzaio zakarkeria horri egunero-egunero eutsi. Baina hurrengo hilabeteetan tonua hori izango da. Eta gobernua makal ikusten badute, eta, adibidez, aurrekontuak aurrera ateratzeko orduan zalantzak dituztela ikusten badute, orduan are oihu ozenagoak egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.