Jon Abril Olaetxea. Kazetaria

«Emakumeak hamaika lanetan aritu zirela adierazi nahi nuen»

Emakumeek gerraondoan Euskal Herrian egin zuten lanari buruz mintzatu da Abril 'Isildutako eskuak' liburuan. 11 lanbidetan aritutako hamalau emakumeren istorioak bildu ditu.

JON URBE / FOKU.
Isabel Jaurena.
2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Tene Mujika lehiaketaren irabazleetako bat izan zen Jon Abril Olaetxea (Bera, Nafarroa, 1975), eta Isildutako eskuak liburua izan da sari horren emaitza. 11 lanbidetan aritutako hamalau emakumeren bizipenek borobiltzen dute kontakizuna.

Nafarroa iparraldean hasten da istorioen ibilbidea, Ipar Euskal Herrira egiten du gero, eta Gipuzkoan amaitzen da.

Zergatik erabaki zenuen gai honi heltzea?

Neskatoak dokumentala egin nuen 2016an. Euskal Herrian barrena 80 bat emanaldi egin nituen. Aunitzetan, emakumeek hitza hartzen zuten ondotik, eta kontatzen zuten eurak ere lanean ibili zirela etxetik kanpo. Batzuk neskato, eta bertze batzuk bertze lanbide batzuetan, baina antzeko bizipenak izanak zituzten. Ikusi nuen liburua bazela modu bat dokumentalari luzapena emateko, ikusteko emakumeak uste baino lanbide gehiagotan ibili zirela.

Liburuan, emakumeen kontakizunak garaian garaiko historiarekin tartekatu dituzu. Zergatik?

Tene Mujika lehiaketarako proiektua aurkezteaz gain, lagin bat ere aurkeztu behar da. Lagin horren prestaketan ikusi nuen emakumeek protagonismoa behar zutela, eta haien istorioak testuinguru bat behar zuela. Eta historiako pasarte horiek emateak laguntzen zuela testuinguru hori ulertzen. Iruditzen zait hori ere kontatu behar dela ulertzeko zer bizi izan zuten, eta zein egoeratan. Eta haien erabaki batzuen ondorioak nondik heldu diren.

Adibidez?

Aipatzen dut nola Otsagabian [Nafarroa] garai batean unaiak ia desagertu ziren. Izan ere, baserritik bizitzea gero eta zailagoa zen, eta jendea Iruñera mugitzen hasi zen. Agertu nahi nuen hori errealitate bat izan zela, eta ezinbizi horrek eragin zuela Pirinioak hustea.

Zergatik antolatu duzu kontakizuna eremuka?

Ibilbide hori editorearekin batera adostutako kontu bat da: ez nuen arrazoi argirik horrela egiteko. Bi aukera zeuden mahai gainean: liburua kronologikoa egitea edo geografikoa. Geografiak borobiltzen du. Aldi berean, lehendabiziko ataleko eta azkeneko ataleko emakumeak dira aitzinetik ezagutzen nituen bakarrak, bat osaba baten arreba baita, eta bertzea, berriz, osaba baten ama. Sinbolikoki, niretzat ere bazuten erranahia bi istorio horiek.

Zergatik 11 lanbide?

Ez nuen doktore tesi bat egin nahi, eta 11 istorio kopuru polita da liburu baterako. Euskaraz hamaika-k duen erranahiagatik ere egin dut: emakumeak hamaika lanetan aritu zirela adierazi nahi nuen.

Irizpideren bati jarraitu diozu ogibideak aukeratzeko garaian?

Geografiari garrantzia eman nahi izan diot, Euskal Herri osokoak izatea nahi nuelako, eta geografiak markatu egiten duelako lanbidea. Otsagabiko [Nafarroa] emakume batek ez ditu izan Bizkaiko ezkerraldean eduki dituzten lan aukerak. Eta, leku batzuetan, lanbide batzuk ikono izan dira: kontserbena bai kostaldean eta baita Nafarroako Erriberan; espartingileak Maulen; eta neskatoak Lapurdiko kostaldean.

Aldi berean, erakutsi nahi nuen bazirela lanbide batzuk emakumeek ere egin zituztenak, baina gure buruan hain barneratuak ez ditugunak. Bereziki aipatuko nituzke metalurgiako eta paper fabriketako lanbideak.

Zergatik erabaki duzu Neskatoak dokumentaleko testigantza txertatzea?

Tene Mujika lehiaketarako lagina egiteko hori baliatu nuen, iruditzen baitzitzaidan bazituela elementu hagitz interesgarriak: muga pasatzearena lanera joateko, klandestinitatean joatearena, paperik gabe joan behar hori, eta horrek eragiten duen beldurra, arriskua... Iruditzen zitzaidan istorioa bera oso polita zela.

Horretaz gain, gure herriko iparraldearen eta hegoaldearen arteko harremana ulertzeko. Eta bereziki emakumeek pairatu behar izan zuten diskriminazio horiek erakusteko balio zuelako, lotura natural bat zelako.

Ofizioren bat kanpoan gelditu dela uste duzu?

Erranen nuke meatzaritzarena izan dela hutsunerik nabarmenena. Testigantzak bazeuden, baina bizirik zegoen emakumerik ez. Bilboko Artiach fabrika nahiko ikonikoa izan zen emakumeen borrokaren ikuspegitik. Hor ez nuen lortu emakumerik elkarrizketarako: hainbat ate jo nituen, baina horrek huts egin zidan.

Jakina da emakumeek baserrian lan egin dutela, baina testigantza horiek ez dituzu jaso.

Badago unaiaren edo behizainaren kontakizuna. Baina baserriarekin zera pasatzen zitzaidan: nik etxetik kanpo lan egitearen aukera kontatu nahi nuen, eta belaunaldi horretan baserrian lanean aritu diren emakumeendako ez da aukera bat izan, behar bat izan da. Ez zen lanbide gisa hartzen alde horretatik.

Nolako harrera izan du liburuak?

Protagonistetako bik irakurri dute liburua, eta hagitz hunkituta adierazi didate haien istorioa ongi bilduta dagoela, eta hori hagitz pozgarria izan da niretzat. Bertze batzuk harritu dira, ez baitzuten espero emakumeek hainbertze lan egin izana, edo horrelako ibilbidea eduki izana.

Liburuak hausnarketa bultzatuko duela uste duzu?

Nik uste dut hori badela emakume horiek egiten duten ekarpen interesgarri bat. Ez da bakarrik haien kontakizuna, baizik eta ikustea haien lanak zein ondorio izan dituen. Pilarrek eta Martak sekulako lana eta borroka egin zuten emakumeen rola duintzeko lan munduan, eta ikusten dute gaur egungo gizartean klase kontzientzia hori aunitz galdu dela, eta borrokarako grina gutxi sumatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.