Maria Guijarro. PSE-EEko diputatua Espainiako Kongresuan

«Ezin dugu EH Bildurekin proiektu handirik partekatu»

PSOEk koalizio abertzalearekin itunak «noiz edo noiz» egin arren, «orain» harekin aliantza handiagoak egitea baztertu egin du Guijarrok. Legegintzaldia osorik amaituko duela uste du.

BERRIA.
xabier martin
2022ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Herritarrek «ongizate estatuari eusteko ahalegina» sarituko dute hauteskundeetan. Hala uste du Maria Guijarro Espainiako kongresukideak (Barakaldo, Bizkaia, 1971). Azpimarratu du autogobernuak PSOEren eskutik egin duela aurrera beti.

Aurrekontuak hirugarren urtez atera ditu aurrera Espainiako Gobernuak, baina legegintzaldia amaitu ahal izango du Sanchezek?

Legegintzaldi izugarri konplexua da, eta, hala ere, hirugarrenez onartu ditugu aurrekontuak. Eta egia da: Espainiako lehen koalizio gobernua da, eta horrek talkak eragiten ditu, baina baita akordio handiak ere. Garrantzitsuena da berriro aurrekontu hedatzaileak daudela, gehiengo sozial bat babesteko.

Maiatzeko hauteskundeen azterketa ere gaindituko du gobernuak, apurtu gabe?

Alderdi bakoitzaren interesak zilegiak dira, baina horren gainetik ardura dago herritarrekiko, eta konpromiso hori adostu zen gobernu akordioan. Gobernu honek legegintzaldia amaituko du.

EAJren eta EH Bilduren botoak lortu dituzue kupoa berritzearen eta eskuduntza gehiagoren truke, besteak beste. Lege organikoak bete ez, eta botoak erosteko formulak ez al du nekatu euskal gizartea?

Gernikako estatutuak aurrera egiten du gobernu sozialistak daudenean; hori argi ikusten du gizarteak. EAJrekin eta EH Bildurekin negoziatu dugunean, izan da aurrekontuetan politika sozialdemokratak martxan jartzeko. Ezkutu sozial bat aktibatzea da xedea, pentsioak %8,5 igotzea, EAEko 43.000 herritarrengana iristea bizitzeko gutxieneko diru sarrera...

Sanchezek ez du beteko jakitera eman zuen transferentzien kronograma, baina eskuduntza berriak iritsiko dira aurki?

Negoziatzen ari dira, bai. Dena den, eskuduntza gutxi geratzen dira emateko. Batzuk besteak baino zailagoak dira eskualdatzen, baina, Sanchez presidente denetik, ez da inoiz egon horrenbeste transferentzia Euskadirentzat. Hobe berme juridiko guztiekin egitea azkar egitea baino, dena den. Negoziazio hau ez da bi aurkariren arteko gatazka bat.

Aurkariak ez, gobernu bazkideak dira EAJ eta PSOE Jaurlaritzan, baina Madrilen EAJk estatutua betetzea eskatu du beti eta PSOEk ez du beti bete...

Tira, euskal autogobernuak izan dituen aurrerapenik handienak PSOEren eskutik heldu dira.

Gizarte segurantzaren transferentzia egitea aurrerapen handia litzateke autogobernuan.

Hori hitz egiteko dago; negoziatu egin behar da, aztertu, baina gutxika, eta hedabideen oihartzun handitik urrun.

Kutxa bakarra hautsiko luke transferentzia horrek?

Ez gara horretara iritsiko.

Badago beste modurik?

Utz diezaiegun lanean horretan dabiltzanei, baina kutxa ez da apurtuko.

Kongresuko ernegazioaz hitz egiten da egunotan Madrilen. Zer dago horren atzean?

Oso kezkagarria da gertatzen ari dena, hitzaren tenplua behar zuena beste zerbait bihurtu nahi dutelako batzuek. Eraso matxistak eta irainak ezin dira onartu, baina beste zerbait ezkutatzeko egiten dituzte.

Espainiaren etsaiekin konpontzen zaretela eta gobernuak zilegitasuna galdu duela zabaltzen ari dira...

Gobernu kolpista bat garela ere esan digute... Bai, PSOEri zilegitasuna kentzen saiatzen dira, ezkerrekoak garelako. Gauza askok urruntzen gaituzte zenbait alderdietatik, baina Kongresuan dauden talde demokratikoekin hitz egitea eta adostea da gure betebeharra, demokratikoki hautatu dituztelako.

Gorenak ez badu gobernuak espero duen jurisprudentzia ezartzen, Soilik baietz da baietz legea zuzendu beharko du gobernuak?

Zigorretatik harago doa lege hori, baina sakon aztertu behar da zer ari den gertatzen; Gorenaren zain egon behar dugu. Biktimak zigorretatik harago babesten ditu legeak, dena den, askotariko alorretan, eta hori argi esan behar da, onespena jartzen duelako muinean. Hala ere, legea doitu behar bada, doituko da.

Marlaska ministroak dimisioa eman behar du Melillako heriotzen eskandaluagatik?

Marlaska gardena izan da bere azalpenetan; irudiak erakutsi ditu, eta esan behar da mugak zaintzea ez dela batere erraza. Espainiako mugen barruan ez zela egon heriotzarik azaldu du, eta protokoloak berraztertu behar badira berraztertuko direla.

EAJren makulua izatea baino helburu gehiago ez luke izan behar PSEk hauteskundeetan? Hego Euskal Herrian, bazterturik duzue beste gehiengo batzuk osatzea, EAJren ezkerrera?

Guk gure helburu politikoen alde egiten dugu lan, ahalik eta ordezkaritzarik handiena lortzeko, eta emaitzarik onenak espero ditugu. Hauteskunde osteko aliantzei buruz ez dugu hitz egiten, eta orain ere ez dugu egingo.

Jesus Egigurenek esan berri du ez dela ezinezkoa EH Bildu-PSE itun bat, baina oraindik ez dela iritsi momentua. Zer diozu?

Begirunerik handiena diot Jesusi. Guk, orain, ezin dugu partekatu proiektu handirik EH Bildurekin. Noiz edo noiz paktuak egin ditzakegu, baina ez dugu proiektu handien inguruan akordio handirik egingo.

Udal gobernu bat osatzea proiektu garrantzitsua da?

Udal hauteskundeen emaitzak ikusi egin behar dira aurrena.

PP-Vox gehiengo absolututik gertu kokatzen dituzte inkesta batzuek. Horren beldurrik bai?

Joera aldatuz doa, eta, azkenerako, martxan jarri dugun ezkutu sozialak eta ongizatearen estatuaren indartzeak bere saria izango dutela uste dut. Zintzoak izan gara inor atzean ez uzteko ahaleginean, eta horrek bere isla izango du hauteskundeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.