Albistea entzun

Inmaculada Mujika Flores. Aldarte guneko arduraduna

«Genero indarkeriari ezin zaio zantzu heterosexistekin heldu»

Beldurra, tabua edo lotsa tarteko, LGTBI harremanetan gertatzen den indarkeriaz inoiz gutxi mintzatu ohi da. Adituek diote, baina, arazoa ikusaraztea dela eman beharreko lehen pausoa.
OSKAR MATXIN EDESA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Isabel Jaurena -

2023ko irailak 20

LGTBI kolektiboko pertsonen arteko harremanez mintzatzean, inor gutxik aipatzen du horietan izaten diren indarkeria egoerak. Badira, baina, auzi hori eztabaidagunean jarri nahi dutenak. Inmaculada Mujika Flores psikologoa (Tetuan, Maroko, 1959) Aldarte guneko arduradunetako bat da. Bertan LGTBI kolektiboko pertsonekin lan egiten dute, eta indarkeriaren biktimak izan direnak ere artatzen dituzte.

LGTBI kolektiboko pertsonen arteko harremanetan gertatzen den biolentziaz mintzatzean, «harreman toxikoak» kontzeptua erabiltzen da. Zergatik indarkeriaren kontzeptua bera ezkutatzeko behar hori?

Badago jendea uste duena LGTBI mugimendua itsustu egiten duela elkarri erasotzen diogula kontatzeak. Lotsa kolektibo bat badago. Gainera, indarkeria hori jasan dezaketen horien artean badago erresistentzia moduko bat biktimaren kontzeptualizazio horretan sartzeko. Hortaz, indarkeriaz ez, baizik harreman toxikoez mintzatzen bagara, badirudi [erasoa jasan dutenak] egoeraren kontrol handiagoa duela.

Zergatik dago erresistentzia hori?

Kontua da LGTBI mugimenduak ez duela jakin indarkeria hau jasan duenarentzako asistentzia espezifikoa legedian sartzen. Hau da, trans eta LGTBI legea eztabaidatzen ari zirenean, bazegoen mugimendu bat pentsatzen zuena indarkeria hau bazela genero indarkeria. Hala ere, egungo legedian auzi hau azpiatal batean geratu da, non agertzen den indarkeria LGTBIfoboen aurka borrokatu behar dela, baina arreta esparruak ez dira aipatu ere egiten.

Eta horrek zer ondorio ditu?

Ondorio zuzenena da indarkeria mota hau ikusezin egitea, isiltasuna eta errekonozimendu falta. Biktimak lotsatuta daude, eta haiek ere ez dira gai gertatzen zaienaz hitz egiteko.

Nola aurre egin dakioke gizartearen begietara existitzen ez den arazo bati?

Lehenik eta behin informatu, trebatu eta ikusarazi behar da. Gizartea kontzientziatzeaz gain, gizarte zerbitzuetan lan egiten duten profesionalak trebatu behar dira. Erakutsi behar zaie identifikatzen gisa honetako indarkeria jasaten duen pertsona baten aurrean dauden ala ez. Horrez gain, jasangarriak diren arreta markoak behar ditugu, eta alor juridiko nahiz psikologikoan lan egin ahal izateko baldintzak. Izan ere, gaur egun, biktimak bere ingurunetik atera behar badu, ez dugu baliabiderik hori lortzeko.

Nola trebatzen dira profesionalak indarkeria hori artatzeko?

Haiengana jotzen duten pertsona bakoitzaren egoera espezifikoa kontuan hartzeaz gain, harreman mota horien inguruan dauden mitoetan ere lan egin behar dute. Batzuetan jendeak pentsatzen du: «Nola jasan ditzake gizon batek tratu txarrak?» edo «Nola izan daiteke emakume bat erasotzailea?». Bigarren mailako harremanak direnez, indarkeriari ez zaio halako garrantzirik ematen. Oro har, LGTBI harremanetan izaten den indarkeriari ez zaio behar beste dimentsio politiko eta sozial ematen.

Eraso horiei garrantzirik ez ematean, nolakoa da biktimekin egiten den lanketa?

Gehienetan indarkeria psikologikoa pairatu ohi dute. Hortaz, denborarekin lan egin behar da. Kasu partikularrak diren heinean, bakoitzaren esperientziaz hitz egin behar da, galdetu behar zaie beren sexualitatea isilpean bizi ote duten, hartaz arazorik gabe hitz egiten duten, direnaz harro dauden... Oro har, guztia oso lotuta egon ohi da ondoezarekin, erruarekin eta lotsarekin.

Egoerari aurre egiteko legedia gakoa dela argi dagoen arren, LGTBI mugimenduan bertan badira bi proposamen, ezta?

Aldarte gunekoon iritziz, LGTBI pertsonen arteko indarkeria genero indarkeria kontsideratu beharko litzateke. Baina badago beste jarrera bat dioena indarkeria espezifiko bat dela, eta, beraz, legedia espezifiko batek jorratu beharko lukeela.

Eta zergatik duzue jarrera hori?

Guk honako hau interpretatzen dugu: gizartean dagoen diskriminazio estrukturala patriarkala badela, baina ez hori bakarrik: heteropatriarkala ere bai. Hau da, patriarkatuak ulertzen du heterosexualak izan behar dugula, eta, gainera, gizon eta emakume gisa egokitu zaizkigun rolak bete behar ditugula.

Horregatik defendatzen dugu gizonen nahiz emakumeen arteko harremanak genero harremanak direla. Eta, hortaz, kontsideratu beharko liratekeela genero indarkeria. Genero indarkeriari ezin zaio zantzu heterosexistekin heldu, generoa bizitzeko dugun modua ere zigortzen baitu patriarkatuak.

Zein da gaur egungo egoera?

Uste dut aurrera egin dugula, baina ez nahi genuen bezainbeste. Adibidez, gaur egun emakume lesbiana anitz artatzen dituzte indarkeriaren biktima izan diren emakumeen zerbitzuan. Egia da salbuespen batzuk aplikatzen zaizkiela alor juridikoan, nahiz psikologikoan, eta neurri ekonomiko batzuetara sarbiderik ez dutela. Baina artatuak izan daitezke; gizon homosexualak, aldiz, ez.

Hori konpontzeko zein helburu dituzue epe motzera?

Indarkeria mota honi aurre egin behar diogu, dela lege espezifikoen bidez, dela genero indarkeriaren lege orokorra erabiliz. Bidea eman behar zaie biktimei gertatzen zaienaz hitz egiteko, eta lotsa kentzeko. Oro har, ingurune sozialak eskain dezakeen laguntza oso garrantzitsua da biktimen erreparaziorako.

Biktima izan diren emakumeentzako arreta zerbitzua

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Turista bat, Donostiako udaletxearen aurrean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Paradoxa bat kasino zaharrean

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Donostiako Udalaren turismo politika 2027ra arte zehaztuko duen planak paradoxa bat du oinarrian: lehentasun bera dute —oso handia— turismoa mugatzeak eta turismoa sustatzeak. Jon Insaustik, Turismo zinegotzi berriak, aitortu du udalak «gaitasun mugatua» duela turismoa gobernatzeko.
Turista talde bat, atzo, Donostiako Alderdi Eder lorategian, bisita gidatu batean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Turismoak goia jo du, donostiar gehienen iritziz

M. Elkoroberezibar Beloki

Herritarren %65ek uste dute «turismo saturazio handia» dagoela hirian, udalak Ikertalderi eskatutako azterketa baten arabera
Euskaltzaleen Topagunaren batzarra, atzo, Ermuan; Amonarriz Iziarri lekukoa pasatzen. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Euskararen erabileran «jauzia» egitea du xede Euskaltzaleen Topaguneak

Arantxa Iraola

Agiri bi aurkeztu ditu batzar orokorrean, datozen urteetako lana zedarritzeko. Iziar lehendakari da jada

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.