Noiz sortua: 2020-04-03 00:30:00

Koronabirusa. Mati Iturralde. Medikua

«Gizartea otzan edukitzeko saio orokor bat da krisi hau»

Iturraldek uste du botereak «kontrol soziala» eta «beldurraren estrategia» abiatu dituela koronabirusaren pandemia baliatuta. Egoera zaurgarrian daudenak babestea premiazkoa dela dio.
JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2020ko apirilak 3

Mati Iturralde medikua (Gasteiz, 1958) kezkatuta dago osasun krisiarekin. Uste du hartutako neurriak ez direla nahikoak pandemia gelditzeko, eta ohartarazi du osasun sistema ez dela gai birusa kontrolatzeko.

Zerk kezkatzen zaitu gehien pandemiari buruz?

Adinekoek duten arriskuak kezkatzen nau. Datuei erreparatuta, ikusten da arrisku hori mantenduko dela eta batzuek oso heriotza triste eta krudela izango dutela. Orain horrek etsipena eta tristura handia sorrarazten dizkit.

Egoera oso larria da. Zer gertatu da honaino iristeko? Berandu hasi gara erantzuten?

Bai, estrategia finkatu behar zutenak oso berandu ibili dira. Ez dira argi ibili, eta orain ari gara pairatzen ondorioak. Espainiako Gobernuak hartu dituen azken neurriak berandu datoz, aurretik eten behar baitzuen ekoizpen sistema osoa. Gainera, Eusko Jaurlaritza erabat arduragabe jokatzen ari da, interes ekonomikoak herritarren osasunaren gainetik jartzen ari baita. Duela urte asko, Albert Camusek Izurria idatzi zuenean, esaten zuen hitzek baino, denborak jartzen duela bakoitza bere tokian. Eta uste dut egoera honetan ere denborak arrazoia eman eta kendu egingo diola bakoitzari.

Gure osasun sistema gai da gaitza kontrolatzeko?

Pandemiak hartu duen abiadura gelditzea oso zaila da, eta osasun sistema ez dago antolatua egoera honi erantzuteko. Kontuan izan behar dugu urteetan ospitaleetako oheak desagertu egin direla eta, beraz, osasun sistemak oso abiapuntu prekariotik hasi dela birusaren hedapenari aurre egiten. Sistema oso zurruna da; ez da batere malgua denbora gutxian aldaketak egiteko, eta ez dago egokituta bat-bateko edozein aldaketa egiteko. Iritsi ezinik dago. Oso penagarria da ospitaleek duten egoera; gaixo ugari dituzte, eta denak ezin dituzte behar bezala artatu. Osasun sistemak ezin du jasan hainbesteko zama. Ematen du oso gizarte aberatsa garela eta halako krisiak bideratzeko gai garela, baina agerian geratu da osasun sistema indartsu, zabal eta malgu bat izan ezean ez dagoela modurik irtenbide duin bat emateko krisi honi.

Birusaren hedapenarekin kezkatuta zaude, eta, aldi berean, publikoki kritikatu duzu koronabirusaren inguruan histeria kolektiboa zabaldu dela. Zergatik?

Duela aste batzuk hitzaldi bat eskaini nuen Zuian, hango herritarrek gaitzari buruz zituzten zalantzak argitzeko, eta, orduan, herritarrak oso beldurtuta sumatu nituen. Beldur hori oso modu indibidualistan eramaten zuten, gainera. Alegia, bakoitzak bere burua salbatu nahi zuen, albokoarekin zer gertatuko zen kezkatu gabe.

Esan nahi duzu birusa ez harrapatzeko beldur horren ondorioz etsaiak bilatzeko eta ahulenak erruduntzat jotzeko joera agerian geratu dela?

Gaitz honek zerbait irakatsi badigu, irakatsi digu ahalegin guztiak jarri behar ditugula gizartean egoera zaurgarrienean daudenak laguntzeko, eta gure erantzukizuna dela haiek babestea. Hasieran, gaitza gure inguruan hedatzen hasi zenean, oso jarrera arrazistak egon ziren hainbat kolektiboren aurka: ijitoak, txinatarrak... Botereak indibidualismo hori baliatu du, eta estrategia bat abiatu du aldamenekoei errua botatzeko eta beldurra sakabanatzeko.

Azken egunotan ikusi dugu Espainiako armada Euskal Herriko zenbait tokitara iritsi dela, eta agintari batzuek hizkuntza militarra erabiltzen dutela gaitzaz hitz egiteko. Beldurra elikatzeko osagaiak dira?

Herri honetan ongi ezagutzen dugu Espainiako boterearen autoritarismoak nola funtzionatzen duen, eta jarrera hori eremu guztietara eramaten ari dira. Kontrol soziala oso nabarmena da krisia hasi zenetik. Eta, beraz, ez da kasualitatea hizkuntza gerrazalea erabiltzea eta polizia indarrak eta indar militarrak etengabe goraipatzen egotea. Egun, oso agerikoa da estatua osasun krisialdi larri hau baliatzen ari dela bere egitura guztiak indartzeko, eta, horretarako, Polizia eta armada erabiltzen ari da.

Nola aurre egin beldurrari?

Herri eta auzo askotan elkarri laguntzeko dinamikak jarri dira abian, nahiz eta boterea saiatu egin den bere zilegitasuna aldarrikatzen eta dinamika horiek ezabatzen. Boterea esaten ari da instituzionalizatu egin behar direla laguntza horiek guztiak, baina errealitateak erakusten du erakundeak ez direla gai eremu horietara iristeko. Komunitateak askoz ere zilegitasun handiagoa dauka halako babes sareak eta laguntza sistemak antolatzeko.

Pandemia honek gerarazi egin du mundu osoa. Zer ondorio ekarriko ditu gure gizartean? Mugarri bat jarriko du gure arteko harremanetan?

Ez dakit mugarri bat ala saio orokor bat izango den. Sistema kapitalistak argi dauka krisiak gero eta ugariagoak izango direla, eta oraingo krisia saio orokor bat izaten ari da ikusteko gerora nola eduki gizartea otzan. Beldurrak, mehatxuak eta jarrera indibidualistak bultzatuko dituzte.

Komunitatearen balioa azpimarratu duzu lehen. Aurrera begira zer egin dezakegu?

Herritarrok esnatu egin behar dugu, eta argi izan ezin dugula segitu orain arte bezala. Komunitatea sortzen badugu, alternatiba bat eratu dezakegu gauzak beste modu batean egiteko. Krisi honetatik irteten garenean, bidegurutze batean egongo gara, eta botereak areagotuko egingo ditu beldurra eta kontrol soziala.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 1ean eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan ez da inor hil COVID-19 gaitzaren eraginez. Bost positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta 11 gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.309 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Bizkaiko pentsionistak protestan, pasa den astean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Koronabirusak zahar etxeetan izandako eragina ikertzeko eskatu du Bizkaiko Pentsionisten Mugimenduak

Berria

Protesta egin dute gaur Bizkaiko pentsiodunek Bilboko udaletxearen aitzinean, eta argi utzi dute ez dutela murrizketarik onartuko osasun publikoan eta pentsioetan. Pentsiodunek zahar etxeen inguruko informazioa eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Aldundiari, baina ez dute erantzunik jaso. 

Gasteizko Txagorritxu ospitaleko Mikrobiologiako langileak, proba serologikoak aztertzen. ©Gorka Rubio / Foku

Hegoaldean ez da gaixorik hil azken 24 orduetan

Andoni Imaz

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute PCR bidezko positiborik atzeman, hiru hilabetean lehen aldiz. Azken orduetan, koronabirusaz kutsatutako hamar lagun ospitaleratu dituzte; hiru, ZIUn.

Zahar etxeetan gertatutakoa argitzeko eskatu dute pentsiodunek gaurko mobilizazioetan. ©Aritz Loiola / FOKU

Leiho berriak mugikortasunari (eguneko laburpena)

Pello Urzelai

Euskal Herrian ez da izan hildakorik azken orduetan. PCR proba bidezko positibo berriak gutxi izan dira: bost, denak Nafarroan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna