Maialen Gago. Bilboko Gazte Topaketen antolatzailea

«Munduari zabalik nahi dute hiria, baina gu ez gara sartzen»

Gazte Topaketak egin dituzte Bilbon; besteak beste, «batera aritzeko guneak» eta gazte eragile guztiek partekatuko duten «zoru komun bat» sortzeko beharra nabarmendu dute ondorio gisa.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Joan den larunbatean, Gazte Topaketak antolatu zituzten Bilboko Karmela gune autogestionatuan Gu Ere Bagara Bilbo izeneko plataformaren inguruan batzen diren gazte elkarte eta eragileek. Aurreko egunetan ere zenbait hitzaldi, mahai inguru eta ekitaldi egin zituzten, baina larunbaterako utzi zituzten eztabaida nagusiak.

Larunbateko egitarauan, bi mahai inguru nabarmendu zituzten antolatzaileek, han jorratu beharreko gaiei ematen dieten garrantziaren erakusgarri: lehenengoak Gazte antolakuntzatik, gazte batasunera. Batasuna da dugun erremintarik indartsuena izan zuen izenburu, eta bigarrenak, berriz: Begiradak, bizipenak eta borrokak batuz, hiria eraldatu. Gazte antolakuntza Bilboko hiri ereduaren aurka. Gazteen batasuna eta hiri eredua, horra hor jardunaldietako gai nagusiak. Maialen Gago (Bilbo, 1996) Gazte Topaguneen antolakuntzan ibili da buru-belarri lanean, eta, dioenez, jardunaldiek balio izan dute urrats bat aurrera egiteko, oraindik bide luzea gelditzen zaien arren.

Zer da Gu Ere Bagara Bilbo?

Proiektua [2020ko] urtarrilaren 30eko greba orokorreko harremanetatik abiatu zen. Gazte eragile batzuk eta auzoetan antolatutako greba batzordeetako zenbait gazte harremanetan hasi ginen, grebaren inguruko ekinbide batzuk antolatzeko. Ikusi genuen greba ez zela gauza izan auzo guztietara eta sektore guztietara iristeko, baina agerian geratu zela zer beharrezkoa den batera borrokatzeko elkarguneak sortzea; ekinaldi bakar eta zehatz baterako ez ezik, eguneroko lanerako ere.

Eta hortik sortu zen Bilboko Gazte Topaketak antolatzeko egitasmoa.

Bai. Sarea ehuntzeko eta harremanak sendotzeko behar horretatik sortu zen Gu Ere Bagara Bilbo, baina helburua ez da marka edo sigla berri bat ezartzea; horregatik, Gazte Topaketak sare horren inguruan mugitzen garenon ideia izan bada ere, izaera propioa izan dute, eta Gazte Topaketak izenaren pean antolatu ditugu.

Urrats edo jauzi bat egitea zen jardunaldien asmoa. Helburu hori lortu duzuela esan daiteke?

Uste dut baietz. Topaketak ez ziren ezeren azken geltokia, oraindik lan asko gelditzen da-eta egiteko. Oraindik ez gara nahi genuen lekura iritsi, baina Topaketen aurreko lauzpabost hilabeteetan lan handia egin dugu, harreman batzuk sortu dira, gazte mugimendu klasikoa beste sektore batzuekin uztartu da, adibidez gazte arrazializatuen mugimenduarekin, eta alde horretatik esan daiteke urrats bat izan dela.

Ekitaldi ugari antolatu dituzue, bai topaketen egunean, bai aurreko egunetan ere, baina bi mahai inguru nagusi egin zenituzten, jorratu nahi zenituzten gai garrantzitsuenekin. Horietako bat gazte batasunarena izan zen.

Argi ikusten dugu batera borrokatzeko guneak beharrezkoak direla. Asmoetako bat zen zoru komun bat lortzea eta gutxieneko programa bat aurkeztea. Ez gara horretara heldu, eta, arlo horretan, eztabaida abstraktuagoa izan da: aliantzak nola ulertzen ditugun, intersekzionalitatearen beharra, ulertzea bateratze guneak ez direla norberaren helburu maximoak planteatzeko tokia, adostutako gutxieneko borroka bat elkarrekin eramatekoa baizik, gazte guztien lehentasunak ez direlako berberak, eta abar.

Beste gai garrantzitsua Bilboko hiri eredua izan da. Zertan da zuek atzera bota nahi duzuen hiri eredu hori?

Askotan esan dugu: munduari zabaldutako hiri bat nahi dute, baina gu ez gara kabitzen. Mahai inguru horretan jaso nahi genituen aurreko hitzaldi eta solasaldietako hausnarketa batzuk, eta, esan bezala, gutxieneko programa adostera iritsi ez bagara ere, eragileek proposamen asko egin dituzte, eta gauza asko atera dira.

Esaterako?

Eragin plataformak esplotazio forma berriez hitz egin du, eta tokian tokiko gazte prekarizatuen batzarrak sortzeko beharra plazaratu du; Sukar Horiak azaleratu du zoriontasuna kontsumoari lotuta saldu nahi digutela eta horri buelta eman behar zaiola; Bilboko Sare Feministak zalantzan jarri du segurtasun eredua; etxebizitzaren aldeko mugimenduak azalera ekarri ditu gazteok emantzipatzeko ditugun zailtasunak, eta abar. Horrez gain, auzoko bilerak ere egin ditugu, eta auzoetan lanean ari diren gazteek asko nabarmendu dute aisialdirako, militantziarako eta sozializaziorako tokiak behar zituztela, eta auzoen arteko saretzeaz ere hitz egin dute.

Beraz, gutxieneko programa bat finkatu ez dugun arren, identifikatu dugu mugimendu bakoitzak non kokatzen duen bere oinarrizko borroka.

Topaketetan atera dituzuen ondorioak Euskal Herriko beste leku batzuetarako baliagarriak direla uste al duzue?

Nik uste dut baietz. Egia da batasunak molde desberdinak har ditzakeela antolatzeko moduaren arabera, eta Bilbon, adibidez, pila bat eragile daude; beharbada horregatik, eragile horien nolabaiteko bateratze batera jo dugu, baina auzoetan ere azken gaztea ere interpelatzera iritsi nahi dugu. Topaketa hauek batez ere gazte mugimenduan ibiltzen garen gazteen arteko topaketak izan dira, baina gure asmoa da gazte guztiengana heltzea, eta hori auzo edo herri txikiagoetan errazago egin daiteke.

Urrats hau eginda, zein izango da hurrengoa?

Gure gogoeta da gazteok ez garela jaio akademia izateko, ekintzara jotzeko baizik. Egia da hausnartzen jarraituko dugula, baina uste dut orain lehentasuna izango dela identifikatu eta mahai gainean jarri ditugun alor horietan borrokatzen eta antolatzen hastea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.