Itsaso Nabaskues. Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol teknikaria

«Adingabeen aurkako biolentzia eragotzi behar da kirolean ere»

Pisuaren inguruko presioa egitea edo okerrago jokatzen duen taldekidea kanpoan uztea: halako indarkeria egoerak pairatzen dituzte umeek kiroletan. Trebakuntza eman diete begiraleei.

IDOIA ZABALETA/ FOKU.
Isabel Jaurena.
Donostia
2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Ikasturte berriarekin batera, eskolaz kanpoko jarduerak ere hasi dira. Hamaika aukera badaude ere, anitz dira kirola egitea erabakitzen duten haurrak eta nerabeak. Xakea, gimnastika erritmikoa edo futbola izan, umeek ordu anitz pasatzen dituzte lagunekin, irakasleekin eta entrenatzaileekin. Eremu horietan ere babestuta daudela ziurtatzeko, haurren eta gazteen aurka kirol arloan izaten den indarkeriari aurre egiteko prestakuntza jaso dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat begirale eta entrenatzailek. Itsaso Nabaskues (Donostia, 1990) izan da ikastaro horiek prestatu dituzten teknikarietako bat.

Zertan datza, zehazki, eskaini duzuen formakuntza?

Bi ikastaro egin dira, oso oinarrizkoak. Kontuan hartu dugu kirol munduan dauden eragile asko boluntarioak direla, eta ez diegu lan karga handirik eman nahi izan. Saioetako bat sentsibilizaziorako izan da, kirol eragileak gai honen inguruan kontzientziatzeko. Ikastaroa bi edo hiru orduan egin dezake nahi duenak, eta gehiago sakondu nahi dutenentzat badaude jarduera osagarriak. Haurrak babesteko kirol entitateetarako protokoloaren erabilerari buruzkoa da bestea, eta hori erakunde bakoitzeko babes ordezkariek soilik egin behar dute.

Zein dira babes ordezkari horiek?

Zerbait gertatuko balitz protokoloa aurrera eramateko ardura izango luketenak. Informazioa jaso behar dute, eta protokoloan adierazten den zerbitzura bideratu. Hau da, haiek ez dute ardurarik egoera biolentziazkoa izan den ala ez epaitzeko.

Zein tresna eman dizkiozue behaketa hori egin ahal izateko?

Protokolo bat prestatu dugu, eta bertan hainbat biolentzia egoera zehaztu ditugu. Horiek identifikatzeko galderak ere prestatu ditugu, babes ordezkariak agente ezberdinen arteko indarkeria egoerak detektatu ditzan. Adingabeen aurka gertatzen den biolentzia eragotzi behar dugu kirolean ere, eta protokoloan oinarrituta denok jakin dezakegu indarkeriaz ari garenean zertaz ari garen.

Ez dira, beraz, haurren arteko indarkeria kasuak bakarrik kontuan hartzen; eragile gehiago ere badaude?

Edozein indarkeria mota hartu dugu kontuan: guraso batek haurrei modu txarrean oihuka egitea, epaile batek egindakoa, haurren artekoa edo kirol medikuak egindakoa. Horregatik, protokoloan jasotzen diren ekintzak hainbat eragileri bideratuta daude: familiei, entrenatzaileei, kirol medikuei...

Kontuan hartu dituzuen indarkeria horiek zein dira?

Sailkapenean zazpi indarkeria mota daude: norberak bere buruari egindakoa, zabarkeria, indarkeria psikologikoa, fisikoa, kontakturik gabeko sexu indarkeria, kontaktudun sexu indarkeria eta egiturazko indarkeria. Sailkapen hori nazioarteko ikerketa batetik atera dugu. Oso aipagarria da bertan identifikatu dituzten biolentzia egoera gehienak entrenatzaileek adingabeei egindakoak direla.

Adibide zehatzagorik jaso duzue?

Nork bere buruari egindakoei dagokienez, esaterako, gimnastika erritmikoan oso gutxi jaten dute batzuek, pisuan sartzeko, eta anorexia edo bulimia kasuak izan daitezke. Indarkeria psikologikoari dagokionez, nahiko naturalizatuta dago haurren eta nerabeen arloko kiroletan. Ohikoenetako bat da entrenatzaileek edo gurasoek presioa egitea oihuen bidez. Egiturazkoetan, generoari lotutakoak bururatzen zaizkit: neskei ordutegi txarrenak edo baliabide ekonomiko gutxiago eskaintzea.

Hori guztia kontuan izanda, babes ordezkariak psikologiako edo antzeko arloren bateko aditua izan behar du?

Legeak ez du zehazten: entitate bakoitzak askatasuna du nahi duen pertsona izendatzeko. Dena den, guk aholkatzen dugu pertsona gertukoa izatea, enpatikoa, jendearekin hitz egiteko erraztasuna duena, eta garrantzitsuena: haurrek ezagutzen duten norbait. Ez dadila izan inoiz bertaratzen ez den mamu bat, oso zaila baita haurrek ezagutzen ez duten norbaiti zerbait kontatzea. Bestalde, ordezkariak gaitasuna izan behar du behaketen bidez gauzak identifikatzeko.

Adingabeekin lan egiteko baldintzaren bat bete behar dute derrigorrez?

Sexu delituen ziurtagiria negatiboak izan behar du halabeharrez, baina hori aurretik ere bazegoen. Orain prestatu dugun formakuntza ere izan behar dute. Gainera, 2026tik aurrera gutxieneko titulazio bat edukitzea eskatuko zaie pertsona horiei.

Nork ziurtatzen du protokolo berria betetzen dela?

Eusko Jaurlaritzako Kirol Eskolaren bidez ematen dira ikastaro hauek, eta beraiek kontrolatzen dute zenbat gizonek eta emakumek egin duten gaur arte ikastaroa. Dena den, hau oso gauza berria da, eta uste dut bai kirol administrazioak, bai erakundeak poliki-poliki joango garela honetaz gehiago ikasiz, eta hau modu eraginkorrago batean aplikatuz.

Luzera begira landu beharreko gaia da, beraz.

Nik uste dut honek etengabeko formakuntza bat eskatzen duela. Zehatzago jakiteko egoera ezberdinei nola aurre egin, edo arlo honetako biolentziak detektatzeko begirada garatzeko. Dena den, gaur egun, garrantzitsuena da jendeak jakitea neurri hauek ezartzen hasi direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.