Aitzol Izquierdo. Lanbide heziketako irakasle teknikoa

«Beste irakasleek bezala parte hartu nahi dugu oposizioetan»

Urtarrilean hasi zituzten itxialdiak EAEko lanbide heziketako irakasle teknikoek; salatu dute oposizioetarako baldintzak aldatu dizkietela, eta «kolokan» ikusten dituzte euren lanpostuak.

JON URBE / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Aitzol Izquierdok (Villabona, Gipuzkoa, 1984) hamar urte darama lanbide heziketako irakasle tekniko gisa: egun, Tolosan. 2010ean oposizio batzuetan parte hartu zuen, baina orduan ez zuen nahikoa puntu plaza lortzeko, hezkuntzaren alorrean lan esperientzia «eskasa» zuelako. Ordutik, ordezko gisa jarraitu du, eta hark eta egoera berean daudenek urtero —«abuztu erdialdean»— lehiaketa batera aurkeztu behar izaten dute, hurrengo ikasturtean espezialitate bakoitzean hutsik dauden lanpostuak egokitzeko.

Iaz, Izquierdok hezkuntzako lan eskaintza publikoan eman nahi izan zuen izena berriz, baina aurrekoan ez bezala, ezin izan zuen, baldintzak aldatu egin dizkietelako: unibertsitate titulu bat —«edozein»— eskatzen diete aurkeztu ahal izateko, orain arte ez bezala. 2007an Espainiako Gobernuak onartutako dekretu batean du jatorria erabakiak. Izquierdok azaldu duenez, 11 urteotan ordezko langile «ugari» kontratatu ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, eta haien geroa «kolokan» dago orain. Kexu dira: urtarrilean hasi zituzten ixtialdiak, Gasteizen. Donostian eta Bilbon ere ari dira. Bitartean, eskolak ematen jarraitzen dute. Donostiako Easo Politeknikoko gimnasioan igaro du gaua Izquierdok.

Nori eragiten dio lege aldaketak?

26 arlotan dago banatuta lanbide heziketa, eta bi irakasle multzo daude: bigarren hezkuntzakoak eta irakasle teknikoak. Orain arte, guri baldintza hauek eskatu dizkigute oposizioetan aurkezteko: espezialitate zehatz batekin loturiko goi mailako lanbide heziketa titulu bat, EGA mailako euskara titulua, eta formazio pedagogikoko titulua. Gutxi gorabehera, lanbide heziketako irakasleen erdiak gara irakasle teknikoak. Neurriak 26 alorretatik hamaseiri eragiten die; hamar salbuetsita daude.

Adar guztiei ez die eragiten, beraz. Horren azalpenik baduzue?

Ez. Ez da ezer ageri dekretuan; ezta baldintza berria jarri izanari buruzko azalpenik ere.

Aldaketaren berri izan zenutenetik zer harreman izan duzue Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko agintariekin?

Iazko maiatzean txosten bat bidali genien, gure egoera argitu zezaten. Ekainean gutun bat eman genien eskura Lanbide Heziketako arduradunei. Udazkenean erantzunik ez genuenez jaso, urtarrilean itxialdia abiatu genuen Gasteizen. Horrek komunikabideetan izan zuen oihartzuna dela eta, dei bat jaso genuen, denbora emateko eskatuz, eta bilera batera deituz Lakuara.

Bilera hartan proposamenik egin zizueten?

Ez. Esan ziguten haien eskumenetik kanpo dagoela auzia, Espainiako lege bati erantzuten diola.

Zer erantzun zenieten zuek?

Guk gogoratu genien Eusko Jaurlaritzak kontratutako langileak garela.

Eta erantzuna?

Aurreko bera. Hori ikusita, bileratik atera ginean, erabaki genuen segitu behar genuela soinuegiten; bide diskretuetatik erantzunik ez genuenez jasotzen, mobilizazioekin jarraitu behar genuela. Eta zain jarraitzen dugu.

Hiru hilabete itxialdiak hasi zenituztela. Noiz arte?

Amaitzeko egunik ez dugu jarri.

Zer lortu nahi duzue?

Oposizioetan beste irakasleek bezala parte hartu ahal izatea. Lan egiteko balekoak bagara, zergatik ez funtzionario izateko?

Espainiarena bada ardura, zer?

Gu ez gara legeetan adituak. Guk gure egoera konpontzea nahi dugu. Beste alor batzuetan egin ditu akordioak Jaurlaritzak Madrilekin. Uste dugu baduela tartea gurean ere zer edo zer egiteko. Interesa dagoenean gauzak egiten dira. Hezkuntza Sailak badaki berak mugitu behar duela fitxa.

Irakasle teknikoaren figura kolokan ikusten duzue?

Ez nuke hori esango. Baina badirudi neurri honek ez duela bat egiten zabaltzen ari diren mezuekin: lanbide heziketa oso garrantzitsua dela, heziketaren eta lan munduaren arteko lotura bultzatu behar dela... Hori benetan hala dela erakutsi beharko lukete.

Sindikatuen babesa duzue?

Bai, guztiak daude gurekin. Jaurlaritzakoekin izan genuen bileran ere egon ziren. Haien laguntza beharrezkoa dugu lege kontuetarako eta.

Zein berme dituzue lanpostuak mantentzeko?

Jaurlaritzatik esaten digute gure lanpostuak bermatuta daudela, ez gaituztela kaleratuko. Baina hori ez da guztiz benetakoa. Oposizioak gero eta maizago egingo dira, irakasleria finkatu nahi dutelako. Hori dela eta, gutxitu egingo dituzte ordezko gisa gaudenok urtetik urtera bete ahal izango ditugun lanpostuak.

EAEko Eskola Kontseiluak proposatu du ordezko irakasleok zuen lanpostuei eusteko oposizioetan aurkeztu beharko duzuela derrigor.

Kolpe gogorra izan daiteke. Harrituta geratu ginen albistearekin. Gainera, Madrilek ezarritako baldintza berria dela-eta pentsatzekoa da guri ez digutela utziko oposizioetan aurkezten, eta, beraz, kaleratuak izango garela; ez modu ofizialean, baina bai praktikoan.

Zenbat zaudete ordezko gisa? Eta zein da zuon soslaia?

Errolda ofiziala ez dugu, ez digu eman nahi Hezkuntza Sailak. 200 ingururekin jarri gara harremanetan hiru herrialdeetan. Eta denetarik dago, berriak eta hamar urte baino gehiago daramatenak. Horietako askok zituzten lanak utzi zituzten proiektu honetan sartzeko, eta orain esaten diete ezin dutela beren lanpostuak finkatu.

Erkidego denei eragiten die neurriak. Nola jokatu dute beste batzuetan?

Dekretua 2007koa da: beste erkidegoetan, lege horren aurretik zeuden langileek segitu dute lanean edo funtzionario bihurtu dira, baina berririk ez dute sartu. Aldiz, hemen, Jaurlaritzak 2017ra arte jarraitu du jendea kontratatzen baldintza zaharrekin. Hori dela eta, beste erkidegoetan baino handiagoa da gure kolektiboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.