Noiz sortua: 2019-06-28 00:30:00

Josu Waliño. Puntueus fundazioko zuzendaria

«Bi urtean hirugarren izan nahi dugu, '.com' eta '.es'-en atzetik»

Gaur bost urte dira '.eus' domeinuak martxan jarri zituztela. Proiektua arrakastatsua izatea lortu dute, Waliñok dioenez: euskal komunitatean «esanguratsu» diren ia 10.000 webguneren domeinua da.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ibai Maruri Bilbao -

2019ko ekainak 28
2014ko abenduan, hutsetik abiatu zen .eus domeinua. «Domeinua proiektu arrakastatsu bihurtzea izan zen orduko erronka: gizarteak bere egitea, bideragarri izatea, eta ahalik eta askotarikoena bihurtzea», gogoratu du Puntueus fundazioko zuzendari Josu Waliñok (Zumaia, Gipuzkoa, 1972). Gaur bost urte dira lehen domeinuak martxan jarri zituztela, eta 10.000 dira ia. Gaur ospatuko dute, Bilboko Kafe Antzokian, 11:00etan hasiko den ekitaldian.

Proiektua arrakastatsua izatea zenuten helburu. Lortu duzue?

Interneteko domeinu baten arrakasta bi modutan neur daiteke. Bat kuantitatiboa da: bost urtean 10.000 domeinura iritsi izana bada arrakasta. Bestea kualitatiboa da: hau da, 10.000 domeinu horiek ez izatea edonolakoak. .eus-en inguruan bildu diren webguneak esanguratsuak dira. Euskal komunitatearen ordezkaritza zabala bildu da. Alderdi instituzionala hor dago, erakunde publikoek lehen egunetik apustua egin zutelako. Komunikabide nagusiak ere hor zaudete. Enpresa munduan ere garrantzi handia hartu du, eta, gaur egun, 10.000 domeinu horien ia erdiak enpresei dagozkie. Gainontzeko sektoreetan ere eragina izan du: hezkuntzan, kirolean, kulturan... Arrakasta izan du, bai domeinuen kopuru aldetik, bai domeinu horiek duten ikusgarritasun eta ordezkaritza mailaren ikuspegitik. Badago beste faktore garrantzitsu bat: gizartearen pertzepzioa. Oso azkar zabaldu da; oso barneratuta dago. Askok esan digute: «Badirudi .eus betidanik egon dela».

Beste domeinu batzuetan ere enpresak dira erdiak?

Nik uste dut, oro har, Interneten enpresek dutela presentziarik handiena. Webgunea dutenak gehienbat enpresak dira: denda txiki batetik abiatuta, nazioarteko enpresa handi batera arte. Domeinuen munduan, enpresek pisu handia dute. Horrek erakusten du .eus domeinuak balio erantsia ematen diela enpresei. Enpresa batek domeinu baten aldeko apustua egiten duenean, seinale uste duela domeinu horrekin bere merkatuan hobeto komunikatzen dela. Izan ere, zuk .eus erabiltzen duzunean, adierazten duzu inguruko jendearen komunitate berekoa zarela, eta haiekin euskaraz komunikatzeko gai zarela. Eta sentsibilitate bat duzula euskararekin.

Zuen behatokiko datuen arabera, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian dago errotuta domeinua. Nola lortu oreka herrialde guztietan?

Galdera ona da, baina oraindik ez daukagu erantzunik. Hori lortu nahi dugu. Domeinuaren banaketa geografikoa oso lotuta dago lurralde bakoitzaren errealitate soziolinguistikoarekin. Espero dugu gainontzeko lurraldeetara ere indar handiagoz iristea, baina bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Kanpaina bereziak egin ditugu, eta espero dugu pixkana gehiago izango garela.

Domeinuen %8 Euskal Herritik kanpo erosi dituzte. Nork?

Hainbat motatako enpresak dira. Batzuetan, Interneteko enpresak dira. Hau da, Google, Facebook, Twitter eta horrelako enpresek .eus hartzen dute; batzuetan, euren marka babesteko, eta, besteetan, erabiltzeko. Applek eta Twitterrek .eus erabiltzen dute. Beste kasu batzuetan, badira kanpoko enpresak Euskal Herrian egoitza dutenak edo merkatuan sartu nahi dutenak; Mercadona supermerkatu katea, kasurako.

Kanpokoek domeinuaren aldeko apustua egiteak euskararen alde egitea ere ekartzen du?

Noski. Guretzat oso garrantzitsua da Googlek .eus-en aldeko apustua egitea, horrek esan nahi duelako euskarari tokia egingo diola bere zerbitzuetan. Euskarak behar du erraldoi horiek berari begira jartzea. Edo Mercadonak erabakitzea .eus erabiltzea garrantzitsua da Euskal Herrian errotzeko. Merkatura sarbide errazagoa ematen dio, gertutasuna transmititzen laguntzen baitio.

Behatokiko txostenetan, euskarak Interneten duen presentziari ere erreparatzen diozue. Domeinuak lagundu du igoera horretan, edo ezin dira bata eta bestea lotu?

Ezin dira konparatu, baina bada gure helburua. Domeinuan biltzen diren webguneen %90ek euskarazko edukiak dituzte. Beraz, lortu nahi duguna da ahalik eta domeinu gehien ekartzea, horrek ekarriko baitu euskararekiko konpromiso bat hartzea, nahiz eta orain euskara ez erabili. Gero leku gehiago egingo diote, konpromiso hori hartu dutelako. Aldaketa bat ekar lezake haien komunikazioan; orain beste domeinu batean erdaraz ari direnak euskarara ekarri beharko lituzke .eus domeinuak. Hori da gure helburua.

Orain normalizazio prozesua hasiko duzuela iragarri duzue.

Gizartean errotu da, eta hemendik aurrera dagokiguna da normaltasun horretan are eta indar handiagoarekin sustatzea. Hau da, jaso ditzagun fruituak, eta egin dezagun lan domeinua toki gehiagotara irits dadin. Horregatik, lan egiteko modua ere aldatu beharko da. Helburu horrekin egin dugu eskaintza berria: 19 euroan jarri dugu prezioa. Gure finantzaketa iturri bakarra domeinu salmenta den heinean, ezin genuen hasieratik merkatuan ohikoak diren prezio merke horietan ibili. Konparatiboki garestia izan da. Argi geneukan gainontzeko domeinu nagusien parera jaitsi nahi genuela. Prezioa jaitsi dugu, baina horrek ez du esan nahi balio jaitsiera izango denik. Prezio berri hori betiko izango da, gainera.

Bost urtean, ia 10.000 domeinu; beste bostean, zenbat?

Nik helburu jarriko nuke Euskal Herrian lehen postura iristea. Baina badakigu edozein eremutan .com dela nagusi. Epe laburrera, bi urte barru edo, Euskal Herriko merkatuan hirugarren izan nahi dugu, justu .com eta .es domeinuen atzetik. Gu bi horien ondoren lehena izatea urrats handia litzateke. Bost urte barru? Gutxienez bikoiztu egin beharko genuke. Orain 26.000 webgune daude euskaraz; bada, gutxienez horiek.eus izatea lortu nahi dugu.

Albiste gehiago

Martxoaren 29an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 7.773 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 350 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 1.528 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Jolas parkeak duela bi aste itxi zituzten. Irudian, horietako bat Donostian. / ©Gorka Rubio, Foku

Madrilek entzungor egin dio Urkulluren eskaerari

Berria

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gutun bat bidali dio Pedro Sanchez Espainiako presidenteari, eta eskatu dio autonomia erkidego bakoitzak erabaki ahal izatea zeintzuk diren jarduera kritikorako lagungarriak eta beharrezkoak diren jarduerak eta enpresak. Maria Jesus Montero eledunak erantzun dio Madrilek ezin dituela "desberdintasunik egin" erkidego autonomoen arabera.

Martxoaren 29an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 7.773 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 350 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 1.528 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

 ©Jon Urbe / Foku

778 kasu gehiago eta dagoeneko 350 hildako

Berria

Denera, 7.773 positibo atzeman dituzte Euskal Herrian. Bizkaian jaitsi egin da aurreko eguneko datuarekin alderatuta egun batetik bestera positibo eman dutenen kopurua

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna