Albistea entzun

Mario Zapata. Soziologoa

«Hizkuntzari lotutako harrera bazterrean geratu izan da»

Migratzaileen harreretan, maiz, ez da kontuan hartu hizkuntza, horretan ari direnek ez dutelako egoeraren berri. Horrek mezu negatiboak zabaldu ditzakeela dio Zapatak.
IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Lander Muñagorri Garmendia -

2021eko urtarrilak 28

Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta, Topaldia jardunaldia egingo dute gaur Bilboko Bizkaia aretoan. Egungo hizkuntza aniztasunean euskararen biziberritzea nola kudeatu aztertuko dute. Mario Zapata soziologoak (Iruñea, 1966) emango duen hitzaldian, migratzaileen harrera eredu integral baterako zer gako behar diren azalduko du, gai horri buruz ikerketa egindakoa baita.

Gaur egungo gizartean gero eta hizkuntza aniztasun handiagoa dago, eta euskara, minorizatuta. Zein da bi errealitateen arteko harremana?

Aniztasun linguistiko hori aurreko mendearen erdialdera hasi ginen bizitzen, batez ere herri euskaldunetara gaztelaniaz, galegoz edo portugesez hitz egiten zuten pertsonak iristen hasi zirenean. Gaur egun, ordea, bestelakoa da egoera, hizkuntza asko baitaude.

Errealitate horrek nola eragiten dio minorizatutako hizkuntzari?

Hizkuntza minorizatua izatearen markoak erabat markatzen du kultur aniztasuna ikusteko modua, gaia praktikoki eta teorikoki ikusteko berezko begirada bat ematen baitu. Kontua da ea nola asmatzen dugun uztartzen aniztasun horren kudeaketa, ikuspuntu berezi honetatik.

Erakundeek, esaterako, nola landu beharko lukete?

Hau bada administrazioaren zeregina, baina perspektiban ezinbestekoa da ohartzea halako fenomenoei aurre egiteko erantzun partekatu bat izan behar dela. Eragile sozialak eta norbanakoak ezinbestekoak dira. Sarri, gainera, eragile sozialak administrazioaren aurretik joan dira, eta askotan markatu dute zereginen norabidea, bai immigrazioaren kudeaketan, jatorri etnokulturalen kudeaketan, eta baita euskararen ikuspuntutik ere.

Migratzaileen harreran hizkuntzak duen funtzioa ikertu izan duzu. Harrera horietan zer hartu behar da kontuan?

Harrera deitzen dugun horretan errealitate plurala dago, eta elementu ezberdinak sartzen dira: juridikoa, ekonomikoa, soziala, psikologikoa, eta baita kulturaren eta hizkuntzaren gaia ere. Harrerarako, beharko litzateke ikuspegi integral bat, hori guztia biltzen duena. Baina nor da gai halako harrera integral bat eskaintzeko? Oso zaila da, hori lortzeko beharrezkoa baita eragileen arteko osagarritasuna. Aipatutako guztia behar da, baina, normalean, kultura eta hizkuntzari lotutako harrera bazterrean geratu izan da.

Harrera hori, askotan, norbanakoen esku geratzen da?

Askotan bai, norbanakoen borondatearen, jarreraren eta ezagutzaren esku geratu ohi da. Ikusi izan dut horietako askok euskararen inguruko informazio gutxi edo eskasa zutela. Eta ez badakite euskara ikasteko zer laguntza dauden, nekez emango dute informazio hori.

Migratzaile horiei zer mezu iristen zaie? Maiz, estereotipoak dira euskara hizkuntza zaila dela, traba ugari dituela...

Ezagutzen ez duzun errealitate batean, normala da estereotipoekin aritzea, eta, zoritxarrez, mezu gehienak negatiboak dira. Gainera, badago errealitate bat, migratzaile gehienak gurera datozenean harreman gutxi izaten dutela bertako jendearekin eta euskaldunekin. Euren esparru naturalean ez daukate zuzeneko informaziorik, eta oso iragazkorrak izan daitezke bertan dauden gatazka linguistikoekin.

Azken boladan migratzaile batzuen aldetik entzun den diskurtso baten arabera, euskara pribilegioduna da. Iragazkortasun horri lotzen diozu?

Ez dakit diskurtso hori oso anekdotikoa ez ote den, zenbateraino dagoen hedatua. Ni ziur naiz diskurtso horren iturria aspalditik ditugunetatik datorrela, hau da, euskara jakitea administrazioan sartzeko pribilegio bat dela dioena. Migratzaileak hizkuntza gatazka horren erdian daude, hedabideetatik elikatzen dira, eta harreman gutxi dute eremu euskaldunetako pertsonekin. Beraz, edaten duten iturrietatik kutsatzen direla esan daiteke. Diskurtso horri interpretazio positibo bat ematearren, hona datorren bati balio baldin badiezaioke hizkuntzak promozio sozialerako eta estatusa lortzeko, pentsa dezagun hori izan daitekeela arrazoi bat euskara jakiteko.

Euskara kohesio sozialerako baliagarria dela dioen diskurtsoa hedatzea falta da?

Bai, baina askotan maila abstraktuan geratzen zaigu kohesio sozialarena. Gatazka linguistiko bat dagoen lekuan, zaila irudikatzen da nola lotu hizkuntza kohesio sozialarekin. Hizkuntza gutxiagotutako egoera da gure abiapuntua, eta ekologia linguistikoa mahai gainean jarri behar da. Munduko aniztasuna bermatu nahi badugu, bertako aniztasun kultural hori zaindu behar da. Baina simetria terminoetan planteatzen badugu hizkuntzen arteko elkarbizitza, guztiok dakigu zer gertatzen den: hizkuntza hegemonikoak gailentzen dira, eta gutxiagotuta daudenak desagertzen dira.

Leku denetan, ordea, ez da berdina kohesio sozial hori...

Kohesioaren bizipena oso ezberdina da Bilbon edo Markinan [Bizkaia]. Dena den, helburuak beharko luke jendea gehitzea, eta ez sektore bat errealitate horretatik kanpo gelditzea. Horrek ekarriko bailuke segregazioa eta ezberdintasuna.

Carme Junyent hizkuntzalariak dio elebitasunak bainoago eleaniztasunak salbatuko zuela katalana. Horrela ikusten duzu?

Askotan kateatu gara elebitasun orekatuan. Baina eleaniztasunak abanikoa zabaltzen digu, eta, lortzen badugu euskarari behar duen lekua ematea, hizkuntza hegemonikoarekin dagoen buruz buruko gatazka disolbatzen da. Ez dakit hortik etor daitekeen hizkuntza gutxituen salbazioa, baina onartu behar da badituela bere elementu positiboak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ertzaintzak egindako ikerketaren zenbait pasarteren irudiak. ©BERRIA

Ertzaintzak lurralde antolaketaren aurkako delitua ikusi du Zaldibarren

Iñaki Petxarroman

Durangoko epaitegiari helarazitako ikerketa baten arabera, zegokion baino lur eremu zabalagoa erabili zuen Verter Recycling SM enpresak, Jaurlaritzaren eta Zaldibarko Udalaren baimenik gabe
 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Dozenaka lagun Iruñean, «esklusibitatearen alde eta osasunaren pribatizazioaren kontra»

Ion Orzaiz

Nafarroako Osasun Plataformak deituta, Osasunbidearen egoitzaren aurrean elkartu dira dozenaka pertsona, «osasun publikoa parasitatu nahi dutela» salatzeko

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Osatu dugu minbizia? Oraindik ez, baina asko laguntzen ari gara»

Irati Urdalleta Lete

Aparteko kezka sortzen duen gaitza da minbizia, eta hori ikertzen aritzen da Zubiaga. Gaixoen biziraupena hobetuko bada, hiru norabidetan lan egiteko beharra ikusten du: diagnostiko goiztiarra, terapia zuzenduak eta txertoak.
AHTaren aurka 2010ean eginiko manifestazioa, Hendaia eta Irun arteko zubian. ©BOB EDME

Trenbidearen berritzea, abiadura lortzeko

Garazi Aduriz Zuñeda

Bordeleko, Baionako eta Irungo auzapezek trena berritzearen aldeko deia egin zutenetik, AHTaren eztabaida pil-pilean da Ipar Euskal Herrian. AHTaren aldekoak zein trenbidea berritzearen aldekoak beren argudioak mahai gainean jartzen ari dira proiekturik eraginkorrenaren bila.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.