Marina Landa eta Miren Gutierrez. Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak

«Jendeak ulertu behar du datuak eskura dituela»

Pandemiarekin batera, datu irekiekiko interesa areagotu egin da herritarren artean; loraldi horri buruzko artikulu bat argitaratu dute Marina Landa eta Miren Gutierrez ikertzaileek nazioarteko aldizkari entzutetsu batean.

Marina Landa eta Miren Gutierrez, Deustuko Unibertsitatearen campusean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Open Data Euskadi plataformaren sorreratik hamar urtera ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan berrerabiltzen ziren datu irekien kopurua txikia zen, koronabirusa heldu zen arte. Egun batetik bestera, ordea, datuen, grafikoen eta mapen ekoizpenak eta kontsumoak loratze bat izan zuen, eta, hala, «kurba apaltzea» gizartearen helburu nagusi bihurtu zen.

Pandemiak ekarritako aldaketa hori aztergai izan dute Marina Landa (Donostia, 1993) eta Miren Gutierrez (Iruñea, 1966) Deustuko Unibertsitateko ikertzaileek. Herritarrek datu irekiei ematen dieten erabilerari buruzko artikulu bat argitaratu dute Journal of Urban Technology aldizkari prestigiotsuan, besteak beste Open Data Euskadiren ideia lehiaketara azken urteetan aurkezturiko 78 proiektu aztertu eta gero.

Pandemiaren aurretik datu irekien berrerabilera txikia zela diozue. Zergatik?

MIREN GUTIERREZ: Irekiako [Eusko Jaurlaritzaren plataforma] funtzionarioekin eta datuen berrerabiltzaileekin eginiko elkarrizketen bitartez dakigu txikia zela. Langileak kezkatuta zeuden, iruditzen zitzaielako enpresa pribatuek datuak izan eta etekinak lortzeko erabiltzen dituztenez herritarrak ez direla jabetzen datuek eskaintzen dizkieten aukerez, ezta horiek erabiltzeko moduaz ere.

MARINA LANDA: Dena den, ezin da ziurtasun osoz jakin zein zen berrerabilera maila hori, Open Data Euskadik jakin dezakeen gauza bakarra baita zenbat aldiz deskargatu den datu serie bat. Ez du deskargaturiko datu horien bilakaera aztertzen, jakiteko zertarako erabiltzen diren edo herritarrek zein beste datu behar dituzten, eta hor komunikazio arazo bat dago.

Nondik dator komunikazio arazo hori? Zergatik ez zaie herritarrei galdetzen?

GUTIERREZ: Bi arazo nagusi daude. Batetik, datuak kontsultatu nahi dituen jendeari esaten badiozu inprimaki bat bete behar duela, oztopoak jartzen ari zara. Datu irekiak izateari uzten diote, datu truke batean sartzen garelako, eta formula hori ez da erabili horregatik.

Baina, bestetik, datuak dituen jendeak ez dauka erabilgarria izan daitekeenaren nozio bat, haiek ez direlako arduratzen datuak berrerabiltzeaz. Eta, Marinak aipatu duen herritarrekiko lotura hori ez daukatenez, modu arbitrarioan jokatzen dute. Eurei interesgarriak iruditzen zaizkien datuak irekitzen dituzte, benetan interesgarriak diren jakin gabe, haiek erabiliko ez dituztelako eta erabili ditzakeen jendearekin harremanik ez dutelako. Nolabaiteko ezjakintasun bat dago hor.

Borondate faltaz ala jabetze faltaz ari zarete?

LANDA: Guk ikusi dugunagatik, borondatea badago. Arazoa da administrazioaren eta herritarren artean ez dagoela komunikazio arin eta eraginkorrik. Hori errazteko mekanismo bat ezarriko balitz, askoz errazagoa izango litzateke pertsonentzat erabilgarriak izango diren datuak irekitzea. Sistemaren akatsa hor dago.

GUTIERREZ: Beste aukera da zuzenean datu guztiak irekitzea. Tentuzkoak diren datuak izan ezik beste guztiak irekiko bagenitu, ez genuke estrategia bat ere beharko. Formula egokiena izango litzateke.

Pandemiaren iritsierarekin grafikoak eta mapak ugaritu egin zirela diozue artikuluan.

GUTIERREZ: Hor aldaketa bat izan zen. Jendea sumindu egiten zen, datu serieak aldatzen zizkietelako. Noiz ikusi duzu zuk halakorik? Alde batetik, Open Datako jendea pozik zegoen herritarrak datuak eskatzen ari zirelako. Baina, bestetik, larrituta ere bazeuden, lanez gainezka. Pandemia egun batetik bestera iritsi zen, eta egokitu egin behar izan zuten. Adibidez, konturatu ziren herri txikietako datuak ematerakoan kontu handiz ibili behar zutela, herriren batean hileta bat bazegoen mundu guztiak jakingo zuelako pertsona hori COVID-19aren ondorioz hil zela. Hori informazio pribatua da, eta ezin da jakinarazi.

LANDA: Horregatik, momentu batetik aurrera datuak aurkezteko modua aldatu zuten, eta kritikatu egin zituzten horregatik, baina guk jaso genuen azalpena zen datu jakin batzuk emanez gero zenbait herritarren pribatutasuna arriskuan jar zitekeela.

Zergatik sortu zen datuekiko bat-bateko interes hori?

GUTIERREZ: Osasuna eta bizitza jokoan zeudelako. Argi eta garbi. Beste gai garrantzitsu batzuekiko ez dago hainbesteko sentiberatasunik, baina, kasu honetan, jendeak datuak behar zituen erabakiak eta neurriak hartzeko: erosketa ohiturak, kalera irteteko ordutegiak... Herritarrek datuak behar zituzten eguneroko bizi estrategiak antolatzeko, eta horrek eraman zituen grafikoak interpretatzeko edo eskala logaritmikoak ulertzeko beharra izatera.

LANDA: Nabarmentzekoa da, gainera, administrazioak eskaintzen ez zituen grafiko eta mapa asko herritarrek eurek egin dituztela. Hau da, aditu samarrak diren pertsonak edo elkarteak datuak ikusarazteaz arduratu dira gainerako herritarrek uler ditzaten, alde horretatik administrazioak ez duelako bere eginkizuna guztiz bete.

Datuekiko interesa pandemiari loturiko gaietara mugatu da?

GUTIERREZ: Fenomenoa orokorra den edo ez esateko daturik ez daukagu, baina uste dut ez dagoela atzera-bueltarik. COVID-19ak ez du atzera-bueltarik, eta datuekiko interesak ere ez. Eta normalena litzateke hortik jendeak beste arlo batzuetara jauzi egitea. Open Data Euskadiren lehiaketara aurkezturiko proiektuetan ikusi dugu badirela interesa sortzen duten beste hainbat gai: politikarien soldata, alokairuen prezioa... Interesatzen zaizkigu, eta orain jabetzen ari gara datuak hor ditugula.

LANDA: Jendeak ulertu behar du datuak zer diren, zertarako balio duten, eta eskura dituela. Botere publikoarekiko kontrola handitu dezakegu, eta datuak giltzarri dira horretarako.

Datu irekietatik datu eraldatzaileetara igarotzeaz hitz egiten duzue. Zer dira datu eraldatzaileak?

LANDA: Normalean datu publikoez, datu eskuragarriez eta datu irekiez hitz egiten dugu. Datu publikoak argitaratuta daudenak dira; eskuragarriak, berriz, eskuratu ditzakezunak; eta irekiak, azkenik, erabil ditzakezunak. Bada, horien ostean, datu eraldatzaileak ditugu: horretaz guztiaz gain, aldaketa soziala eragiteko gai direnak. Herritarrentzat eta erakundeentzat onurak ekar ditzakete, baina horretarako ezinbestekoa da datuen alfabetizazioa.

Datuen erabileraren pedagogia behar dela esan nahi duzu?

GUTIERREZ: Hori da. Herritarrentzako hezkuntza eta ahalduntze jarduerak behar dira, administrazioarekin batera erabaki dezaten zein datu ireki behar diren, zein formatutan eta zein arrazoirengatik, helburu komunak finkatuta. Alfabetizazioaren bidez, herritarrei datuak erabiltzeko gaitasunak, tresnak eta aukerak eskaini behar zaizkie.

LANDA: Herritarrek rol aktibo bat izan behar dute datuak irekitzeko prozesuan, dena administrazioaren esku ez uzteko.

GUTIERREZ: Eta hori benetan garrantzitsua da, jokoan herritarren giza eskubideak daudelako.

Zer zentzutan?

GUTIERREZ: Pentsa egun programa sozial ugari datu publikoak erabiltzen dituzten plataformen eta algoritmoen esku uzten direla. Gero eta gobernu gehiago ari dira algoritmoen esku uzten erabaki horiek hartzea, eta gure eskubide sozialak horien menpe geratzen ari dira. Nola ez da, ba, garrantzitsua izango horretaz jabetzea?

Adibidez: urte hasieran, Herbehereetako gobernu osoak dimisioa eman zuen, jakin zelako diru laguntzetan iruzurrak detektatzeko diseinaturiko algoritmo batek jatorri atzerritarreko milaka familia diskriminatu eta dirurik gabe utzi zituela. Norbaitek hori auzitegira eraman zuen, eta gobernuak dimisioa eman behar izan du. Diskriminazio hori mundu analogikokoa baino gogorragoa da, ikusezina delako. Zu, emakumea izanik, lan elkarrizketa batera bazoaz eta aurrez aurre duzun pertsonak galdetzen badizu ea ezkonduta zauden edo zeintzuk diren zure etorkizuneko planak, badakizu emakume izateagatik diskriminatua izaten ari zarela. Baina lana eskatu eta algoritmo batek zuzenean curriculum bera duen gizon bati baino postu okerragoa eskaintzen dizunean, zu ez zara konturatzen hor gertatzen ari denaz. Datuen eta algoritmoen bidezko diskriminazioa masiboagoa eta opakuagoa da.

Datuen erabilerarekin loturik, herritarrek aurkezturiko 78 proiektu proposamen aztertu dituzue. Zer topatu duzue?

LANDA: Txertoen historia kontsultatzeko kartilla elektroniko baten proposamena topatu dugu, pandemiaren aurrekoa. Eta turismoarekin, mugikortasunarekin eta beste gai askorekin loturiko proiektuak ere aurkitu ditugu. Eta gehienek arazo sozialei edo herritarren interesei erantzuteko helburua zuten: horrek agerian uzten du datu irekiak balioa eta onura soziala sortzeko erabil daitezkeela.

Herritarrak administrazioaren aurretik doazela uste duzue?

LANDA: Neurri batean, bai. Bainaikusi dugu, horrez gain, proiektu batzuei datu jakin batzuk falta zitzaizkiela bideragarriak izateko, eta egileek ez zutela datu horiek erakundeei eskatzeko pausoa eman. Horrek jabetze arazo bat islatzen du. Datu publikoak denonak dira. Hiltzen naizenean, nire heriotza heriotzen datu publikoetan agertuko da, eta elkarte bat sortzen dudanean, haren izena elkarteen zerrendara doa. Datuak guk sortzen ditugu, eta denonak dira. Has gaitezen horrekiko kontzientzia sortzen, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.