Albistea entzun

Maria Dosil-Santamaria. Hezkuntza arloko ikertzailea

«Sarri nerabeek geolokalizazioa eskatzen diete bikotekideei»

Bikotekideen arteko ziberindarkeria landu du EHUk 13-15 urteko nerabeekin. Oraindik behin betiko emaitzak izan ez arren, ikusi dute gazteek ez dituztela ondo ezagutzen sarearen arriskuak.
MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Javi West Larrañaga -

2022ko uztailak 2 - Leioa

EHUko Psides ikerketa taldeak ziberindarkeria lantzeko programa pilotu bat ipini zuen martxan iaz. Eskola publiko batean eta ikastola batean egin zuten proba, eta datorren irailean itunpeko ikastetxe batean egingo dute. Maria Dosil-Santamaria (Zugaztieta, Bizkaia, 1990) da proiektuaren ikertzaileetako bat.

Proba pilotu bat egin duzue bi eskolatan. Zer ikusi duzue?

Oraindik ez dauzkagu emaitzak. Aurre ebaluazio bat egin dugu; eskala balidatuak ematen dizkiegu ikasleei, 13 eta 15 urte bitarteko ikasleei. Alde batetik, lehen maitasun harremanetan saretik kanpo gertatzen den indarkeria neurtzeko eskala bat, eta, bestetik, sarean gertatzen dena neurtzeko beste bat. Gero beste faktore batzuk daude. Autoestimua, emozioen erregulazioa, sumindurari aurre egiteko daukaten kontrola... Ez dugu soilik indarkeria neurtzen. Hamabi saio egiten ditugu programan, eta gero berriz ebaluatzen ditugu, ikusteko ea desberdintasunik egon den gu hor egonda.

Oraindik ebaluazioa egin ez arren, zer sumatu duzue?

Ikusi dugu saioen ostean gaitasun handiagoa daukatela jarrera sexistak, maitasun erromantikoaren mitoak eta Interneten arriskuak hautemateko. Hasieran uste zuten Internet komunikatzeko tresna normal bat zela, nerabe guztiek «behar» dutena. Baina, Unicefen ikerketa baten arabera, hiru nerabetik batek arriskuan ipintzen du bere burua Interneten. Gazteek hori identifikatzeko zailtasunak dituzte.

Zer egin daiteke arriskuekin?

Uste dut gure ardura dela gizartean orokorrean eta bikote harremanetan galdetzea aldez aurretik: «Aizu, hau jarriko dut [sarean]». Askotan jazarpena ez da bakarrik argazkiak zabaltzea, baizik eta mezuen bidez zirikatzea. Hori ere ziberindarkeria da. Sareko indarkeria momentu oro gerta daiteke, egun osoan. Ez da amaitzen etxera zoazenean. Gazteek jakin behar dute zein den arriskua argazki bat zabaltzen dutenean, eta prebenitzeko ardura hartu.

Zelan egiten duzue lan?

Metodologia aktiboekin. Trivialen antzeko jolas bat daukagu, roleplaying egiten dugu... Bideo bat egin dugu aktoreekin, lehenengo maitasun harremanetan gertatzen den ziberindarkeria azaltzeko. Estereotipoak eta genero rolak lantzeko, Ibai Llanos eta Lolita youtuberren arteko aldea erakusten genien. Batak gamer-en estereotipoak betetzen ditu, eta besteak, arropa eta makillajearen inguruko edukia sortu.

Eurak badira horren jakitun?

Askotan erraz identifikatzen zituzten bideoetan islatzen diren jarrerak, baina egunerokoan modu inkontziente batean barneratzen dute informazioa. Orduak eta orduak ematen dituzte sareko edukiak kontsumitzen, eta arriskua dago hor. Ez dut esan nahi ezin dutenik sare sozialik erabili, baina gutxienez kontzientzia piztuta izan dezatela.

Esan duzu hamabi saiotan egituratu duzuela programa.

Bai. Programak hiru modulu ditu: lehenengoan autoestimua zer den lantzen dugu, haiek kapaz izateko hori identifikatzeko, eta emozioen erregulazioari ere garrantzia ematen diogu. Bigarren moduluan generoa lantzen dugu, rolak, maitasun erromantikoa... Gizarteak estereotipo batzuk ezarri dizkie mutilei eta beste batzuk neskei, eta azaltzen diegu nola joan garen bide bat egiten generoaren arabera. Hirugarren moduluan, sarearen arriskuez eta ziberindarkeriaz jarduten dugu. Eztabaidatu egiten dugu ea pasahitza lagunei ematea ona den ala ez, ea sarean edo saretik kanpo zenbat aldatzen diren gure pertzepzioak...

Eta zelan erantzuten dute?

Kaletik norbaiti jarraitzea argi ikusten dute gaizki dagoela, baina ez hainbeste norbaiten Instagram istorio guztiak ikustea. Edo etxeko giltzak ematea eta sare sozialetakoak ematea alderatzen ditugu.

Identifikatu dituzue jarrera toxikoak?

Bai. Pasahitza besteei ematen zieten batzuk zeuden, geolokalizazioa bidaltzen zutenak, zer arropa erosten duten erakusteko eskatzen zutenak... Eta ez zuten kontrol moduan ikusten.

Geolokalizazioa eskatzen diete bikotekideei?

Askotan. Oso ohikoa da. Batzuek justifikatzen zuten esanez haien gurasoekin ere egiten zutela, baina konnotazioa ez da bera. Gu saiatzen gara hori guztia deseraikitzen, baina nerabeen ikuspuntua kontuan hartuta, eta ez autoritarismoaren aldetik jota.

Zer irakatsi diezue?

Askotan, haiek bakarrik gai ziren ikusteko erasotzailearen eta biktimaren rola, baina ez lekukoena. Toxikoak diren jarrerak ikusten dituztenean zer egin behar dute? Askok esaten ziguten ez zela euren arazoa. Guk esaten diegu garrantzitsuena heldu batengana jotzea dela, eta ezer ez egiten azkenean modu pasibo batean onartzen dutela. Zuk egin behar duzu zeozer. Eginkizun bat daukagu, guztion ardura da. Kontzientzia piztu behar diegu.

Ikusi duzue jarrera toxikoak gehiago errepikatzen direla mutilen artean?

Teorian nerabezaroan noranzko bietakoa izan daiteke, eta sare sozialetan ere hala izaten da. Oraindik ez dugu emaitzarik ikusi, baina, teorian, biktima izatean, neskak kaltetuago ateratzen dira autoestimuaren aldetik. Kontua da hori oso lotuta dagoela generoaren sozializazioarekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Dozenaka auzokide joan ziren Itzulbaltzetako Nagusien Etxearen atarira protesta egitera, atzo. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Eguneko zentro baten hustea

Javi West Larrañaga

Ertzaintzak eta Getxoko Udaltzaingoak Getxoko Itzubaltzeta auzoko Nagusien Etxea husteari ekin zioten atzo. Auzitegiak agindu du eraikina ez eraisteko, baina poliziek lanean segitu dute halere.
Mugimendu feministak atzo egin zuen agerraldia, Getxon. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Mugimendu feministak esan du Algortan ez zietela oztoporik jarri ertzainei

Irati Urdalleta Lete

Nabarmendu dute ez dutela mugimendu feministaren «kriminalizaziorik» onartuko, eta azaldu dute jaietako protokoloa bete zutela
 ©BERRIA

Irudi ase, intimitate gose

Isabel Jaurena

Azken urteetan ohikoa bihurtu da gurasoek seme-alaben argazkiak eta bideoak sare sozialetan zabaltzea. Adituek ohartarazi dute praktika horrek kalte egiten diola adingabeen pribatutasunari.

Hutsuneak ditu adingabeen pribatutasuna babesteko legediak

I. Jaurena

Ipar Euskal Herrian badaude sare sozialetan edukia sortzen duten adingabeak babesteko neurriak; Hego Euskal Herrian, ordea, ez

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...