Koronabirusa. Adelina Comas-Herrera. Ikertzailea

«Kostu apalak helburu, sarri jo da egoitza handiak egitera»

Zaintza luzaroan behar dutenak artatzeko sistemak ikertzen ditu Comas-Herrerak, eta tentuz erreparatu die COVID-19aren ondorioei. Argi du, oro har, sistema ahulak direla: aldatu egin behar dira.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
arantxa iraola
2021eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Londresko Ekonomia Eskolan ikertzailea da Adelina Comas-Herrera (Girona, Katalunia, 1972), Ingalaterran. Bere jarduna giltzarri izan da iragan hilabeteotan, tentuz aztertu baitu zer eragin izan duen COVID-19aren izurriak zahar etxe eta antzekoetan. Eta datu artegagarriak eman ditu: lehen olatuetan, esaterako, hildako hamar pertsonatik bost adinekoen zentroetan hil ziren. Ezkerraberri fundazioak antolatutako COVIDaren lezioetatik abiatuta osasun-sistema publikoez hausnarketa jardunaldian solastatu zen lehengo hilean, Bilbon.

Izurria heldu zen, bereziki erasokor adinekoekin. Zer-nola heldu zen herrialde gehienetan, oro har, erronka zail horretara haien artara zuzenduriko sistema?

Egiturazko gabeziak zituen sistema bat genuen; Europa osoan, oro har, eta Ipar Amerikan-eta ere bai. Asiako zenbait herrialde izan dira salbuespen bakarra:Hong Kong, Singapur, Korea... Horietan MERS eta SARS eritasunen esperientzia izana baitzuten aurrez. Toki horietako zahar etxeetan, ezarriak zituzten infekzioak-eta kontrolatzeko beharrezko errutinak, bazituzten babes materialen stockak, eta ahalmena izan zuten testak-eta berehala erabiltzen hasteko. Hobeto prestatuta zeuden. Nabarmendu behar da arazoak egon direla garabidean diren herrialdeetan ere; egoitzak badira horietan ere, baina egoera txarrean sarri.

Izurriari erantzuteko tresnakfalta ziren. Bestela ere, oro har, ez al zen gabeziak zituen alor bat?

Beti badira praktika onen adibideak. Baina aintzat hartu behar da alorrak urte asko daramatzala baliabide urriekin. Soldatak, adibidez, oso apalak dira gehienetan. Herrialde gehienetan gertatzen da: lan bera egiteagatik, oro har, gehiago kobratzen duzu erietxe batean adinekoentzako zentro batean baino. Ondorioz, askotan zaila da langileak erakartzea, ondo prestatutako langileak izatea. Era berean, kostu apaletan ibiltzeko ahaleginen ondorioz, sarri ez da behar adinako urratsik egin berrikuntzan, edota, adibidez, egoitza handiak egitera jo da. Ikusi da, pandemia heltzean, zer ondorio izan dituen horrek.

Praktika onak badirela diozu. Nora begiratu behar da?

Europako Batasunera begira, horra alderaketa. Espainian, adibidez, gastu publikoa %0,7 inguru da; Herbehereetan eta Danimarkan, %3-3,5 inguru. Eta eskaintzen dutenean, bada aldea. Eta zera ikusi behar dugu: herrialde horiek ez dute hondoa jo zerbitzu horietan gehiago gastatzeagatik. Kostu bat dira zerbitzu horiek, baina enplegua ere sortzen dute, eta era ematen diote jendeari, adibidez, lana utzi gabe gurasoen zaintza bermatzeko. Zeraere gertatzen da sarri: etxeko artarako eta komunitaterako zerbitzurik ez dagoelako, zentroetan sartzen dira zaintza egoki batzuekin etxean ondo arta zitezkeen pertsonak. Zerbitzu hori egoki emateko, ordea, batera jardun behar dute osasun sistemak eta zaintzenak.

Maiz hitz egiten da zaintzak etxean emateaz. Zaintzaile rolean geratu nahi ez duten askorentzat ez al da zama?

Emakumeei gertatzen zaie batez ere, eta ez luke inork hautatu behar lanean jarraitzearen edo gurasoak zaintzearen artean. Garrantzitsua da zaintzea, eta, oro har, denok izan nahi dugu maite ditugunen zaintzaren parte, baina laguntza behar dugu hori egiteko gure lana-eta utzi gabe.

Nola lortu egoitzek etxearen antz handiagoa izatea?

Europan badira esperientziak, eta Ameriketako Estatu Batuetan ere bai. Apartamentu txikiak izaten dituzte adineko pertsonek, zaintzak ematen dituzten gune zabal batean. Baina jendeak bere sukaldea du, bere egongela, bere logela, eta, bikotekidea baduzu, aparteko bizitza egin dezakezu harekin; hori bai, horretarako behar duzun laguntza jasota. Finantzaketa sistema onak behar dira eredu horiek denentzat eskuragarri egiteko, bakoitzaren egoera ekonomikoa dena delakoa ere.

Gaur egun, egoitza handiak dira asko, eta egoiliarren autonomia eta intimitatea ez dira bermatzen. Nola egin aldaketa?

Eraikin horiek moldatu egin daitezke, beste era batean egituratu. Izurrien hedapenera begira ere, argi ikusi da gero eta jende gehiago batera egonda errazago zabaltzen direla birusak. Ja egituratuta dauden eremuetan unitate txikiagoak antolatzea izan daiteke hautu bat. Aireztapena ere, adibidez, kontuan hartu behar da.

Egoitzetan, batzuek dementzia aurreratua-eta dute, eta beste batzuk, berriz, autonomoak dira. Talde txikietan errazagoa da bakoitzaren beharrei erantzutea ere, ezta?

Guztiz. Aldeak handiak dira. Badira egoitza batean hamar urte egingo dituzten pertsonak; beste hainbaten egonaldia aste gutxi batzuetara mugatuko da. Beraz, behar eta nahi oso ezberdinak dituzten pertsonak daude hor.

Nola uztartu osasun sistema egoitzen sarearekin? Zein da horretarako eredurik onena?

Egoitzetan dauden pertsonek eskubidea dute osasun sistemara heltzeko: ezin dute eskubide hori galdu egoitza batera sartzen direlako. Mediku batek artatzen bazintuen, adibidez, garrantzitsua da behin egoitzan sartuta ere harekin harremanetan jarraitzea. Osasun sistema publikora begira, eskubide osoko herritarra zara egoitza batean bizitzen jarri zarenean ere.

Izurriaren ondorioz,orain egoitzak gotortzera egin daitekeen susmoa azaldu dute hainbat adituk. Kezka hori baduzu zuk ere?

Bai, arrisku hori badago. Eta egin daiteke hobeto. Zer ikasia badugu gertatu den honetatik. Ezin da beti goi mailako alertan egon; birusaren aurka egiteko modu gizatiarragoak bilatu behar dira. Senitartekoei bisitetan ezarri zaizkien murrizketak-eta, adibidez, oso traumatikoak izan dira, oso mingarriak. Jende askok bizitzako une oso garrantzitsuak galdu ditu; maite dituztenei adio esateko aukerarik gabe ere geratu dira. Hori oso gogorra izan da, eta espero dut berriz ez gertatzea. Egiteko beste modu batzuk bilatu behar dira. Eta orain ja honek guztiak ezin gaitu ezustean harrapatu.

Gobernantza arazo bat dagoela diozu. Nork bideratu behar du?

Berriz hasi behar dugu. Instituzio zenbait daude kasu gehienetan sistemaren atzean, konplexua da egoera, eta berriz diseinatu behar da sistema: guztiz eraberrituta. Eta udalen mailan hasi behar da, eta, ahal bada, osasun sistema eta zaintzen sistema uztartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.