Leire Zugazua Urturi. Gasteizko sindikoa

«Gasteizko Udalak etxebizitza plan integrala egin behar du»

Zugazuak azaldu du Arabako hiriburuko herritarren defendatzaile gisa egiten duen lanean garrantzi handia dutela elkarbizitzarekin lotutako kexek. Pedagogia egitearen beharra nabarmendu du.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Leire Zugazua Urturi (Gasteiz, 1976) 2017 amaieratik da Gasteizko sindikoa, herritarren defendatzailea. Hori baino lehen, bost urte eman zituen Martin Gartziandia aurreko sindikoaren ondoko gisa. Oraindik orain aurkeztu du gasteiztarrek 2018an egindako kexei buruzko balantzea.

Zeintzuk izan dira jaso dituzuen kexa nagusiak?

Urtero dugu nabarmentzen den gairen bat. Duela urte batzuk etxebizitzen lurren plusbalioarekin lan handia izan genuen, eta,iaz, udaltzainen grebak eragindako isunen gorakada.

Etxebizitzarekin lotutako hainbat gai izan dira azkenaldian: Santo Domingo kaleko bizilagunak, Olarizu eta Aretxabaletako okupazioak...

Etxebizitzarekin lotutako txosten asko ez genituen ireki. Dena den, uste dut hori dela gure erronka nagusietako bat: etxebizitzaren arazoari aurre egitea, eta neurriak hartzen hastea. Egoera ezin da egun batetik bestera konpondu.

Zein da egoera Olarizun eta Aretxabaletan? Udalak erosi eta eraitsi nahi zituen etxebizitza batzuk okupatu dituztela eta, inguruko bizilagun batzuk kexatu dira. Ordea, okupatzaileak kaleratuz gero, babesgabetasun egoera handiagoan geratzeko arriskua dute.

Olarizun bizi diren etxebizitza jabe batzuk oso kezkatuta daude, segurtasun falta sentitzen dutelako: bizikidetza okertzen ari dela. Okupatzaileekin ere elkarrizketatu ginen. Etxebizitza arazo bat dago, baina Gasteizko baliabide sozialak topera daude.

Zer egin dezake udalak horri irtenbidea emateko?

Batetik, udalak okupatzaileak sartzea nahi ez bazuen, hasieratik arazoa prebenitzea zuen. Bestetik, ez dut babesten etxebizitza horiek okupatuta egotea, baina uler dezaket. Ulertzen ez dudana da horiek guztiak kanporatzea, etxebizitzak eraisteko. Kasuak banaka aztertu behar dira, irtenbiderik egokiena emateko. Arazo latza da, eta aurre egin behar diogu.

Santo Domingo kaleko bizilagun batzuk kexak jarri dituzte. Eraikina uztera behartu zituen Gasteizko Udalak, egiturazko arazoak zituelako, baina ez dira gai hobekuntzak ordaintzeko.

Udalak entzun behar ditu bizilagun horien eskaerak, eta arreta jarri behar du horien egoeran. Orain arte, udalak argudiatu du Santo Domingoko atari horietako bizilagun guztiek betebeharrak eta eskubideak dituztela, gainontzeko herritarrek bezala. Dena den, betebeharrei erantzun ezin dieten pertsonak daude. Saiatu dira, baina ezin dute gehiago egin.

Zein izan daiteke konponbidea?

Udalaren eta bizilagunen artekoelkarlana. Horretan ari gara lanean. Egikaritza subsidiarioa eskatu dute bizilagun batzuk, adibidez. Agian, kasuz kasu aztertu beharko litzateke, eta ezer ez egitearen ondorioak aztertu. Hustu zituzten etxebizitzen inguruko atariren bat ere ez dago ondo. Egoera zabalduz gero, ondorio latzak ekar ditzake.

Gogorarazi izan duzu Gasteizko Udalak badituela erabiltzen ez dituen etxebizitzak.

Datu zehatzak falta zaizkigu, baina asko dira. Udalak argudiatu du ez daudela egoera onean, eta inbertsioa beharko luketela egokitzeko. Lehentasunen arabera antolatu omen dituzte lanak, inbertsio gutxi behar dutenekin lanean hasteko. Gure ustez, esku hartze integrala behar da. Udalbatzan azaldu genuen etxebizitza plan integrala behar dela. Horren arabera, ekintzak egin ahalko dira, baina ordena batekin.

Etxebizitzarekin lotutako arazoak igo daitezke, alokairuen prezioen gorakadarekin batera?

Etxebizitza beharra eta arazo sozialak ez datoz beti eskutik. Pertsona askok lana dute, bizitza normalizatu bat, baina ez dituzte behar besteko diru sarrerak alokairu bat ordaintzeko: merkatu pribatuko prezioen gorakada, fidantzak, bermeak... Merkatu pribatuan ezin da esku hartze handirik egin, baina Etxebizitza Legeak giltza batzuk ematen ditu, udaletan planak egitea, adibidez.

Txostenean jaso dituzue euskara erabiltzeko aukera ez izateagatik izandako kexak ere.

Urtero, bi edo hiru kexa jasotzen ditugu horrekin lotuta. Udalbatzan azaldu nuen badaudela zeharkako gai batzuk: euskararen erabilera udal barruan, adibidez. Kontuan izan behar da kexa batzuk Hizkuntza Eskubideen Behatokira heltzen direla; aurki bilduko gara haiekin. Dena dela, gai horrekin lotutako kexa gutxi jasotzen ditugu; izan daiteke, agian, kontzientzia gutxi dagoelako eskubide horren inguruan.

Udaltzainen greba aipatu duzu aurretik, lan ituna negoziatzen ari zirela isunak nabarmen ugaritu zirelako. Zer gertatuko da ireki zenituzten txostenekin?

Hilabete horiek erotzekoak izan ziren. Ofiziozko txosten bat hasi genuen, eta horri atxiki genizkion herritarren kexak. Bere garaian, ordaintzeko eskatu genien: arau haustea egon bazegoen. Oraindik ez dugu ebatzi txostena.

Zergatik?

Botere desbideraketa egon zitekeela hausnartu zuen Martin Gartziandiak, eta gu bat gatoz horrekin. Udaltzainek ahalmen bat dute, helburu bat erdiesteko: trafiko segurtasuna bermatzea... Ahalmen hori beste asmo batekin erabiliz gero, lan baldintzak hobetzeko, botere desbideraketa legoke. Arazoa da zaila dela hori frogatzea.

Bizikleta, oinezko eta autoen arteko elkarbizitzarekin lotutako kexarik jaso al duzue?

Oinezkoen aldetik, batez ere. Bizikidetzarekin lotutako gaia da. Agian, patinete elektrikoak arautzeko prozedura balia daiteke horri heltzeko. Gasteizen, espaloian ibil daitezke bizikletak, eta ez dugu gaizki ikusten, baina trafiko legearen kontrakoa da. Bizikidetzarekin lotutako beste gai asko daude, ordea: bizilagun batzuek jasan behar duten zarata, txakurrak... Gai horietan pedagogia egiten saiatzen gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.