Koronabirusa. Nicola G.A. Abrescia. Birologoa

«Distantzia da oraingoz dugun tresna eraginkor bakarra»

Birusen egitura aztertzen du Abresciak Ikerbasquen, CIC Bioguneren barruan. Argi du COVID-19a oso azkar hedatzen dela gogorarazten jarraitu behar dela: ez da egun batetik bestera ahulduko.
ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2020ko uztailak 9

«Birusak aztertzen ditut nik, haien egiturari erreparatuta. Nire lan ibilbidearen %95 birusen inguruan ardaztu dut». Jarduera horrekin, COVID-19a eragiten duen SARS-CoV-2 birusaren bilakaerari begira adi-adi dago Ikerbasqueko eta CIC Bioguneko birologo Nicola G.A. Abrescia. , Nabarmendu du ororen gainetik birusak transmititzeko duen «azkartasunak» harritu duela: «Oso erraz zabaltzen da birus hau gainerako SARS birusekin alderatuta: hori du berezitasunetako bat, eta horrexek eragin du hain zaila izatea hau geratzea». Ekarri dituen ondorioak «tamalgarriak» izan direla onartu du; alde on bakar bat ikusten dio izurri honi: «Interesgarria da jendeak orain birusetan duen interesa; ona da dibulgazioa egitea. Izan ere, birusak beti hor egon dira. Horrenbeste birus daude hor kanpoan! Finean, birusak naturaren parte dira; arbola bat ikustea naturaren parte den bezalaxe. Jakina, horien gaineko ezagutzak lagundu egiten du horrelakoak gertatzen direnean». Eta uste dut dibulgazio eta ikerketa lan horretan irmo jarraitu behar dela. «Izan ere, birus hau desagertuko da, baina etorriko dira berriak».

Birusa berriz oldartzen hasi dela erakusten duten datuak albisteen lehen lerro dira egunotan. Azkar zabaltzen da birus hau...

Bai, SARSaren eta MERSaren birusekin alderatuta, adibidez, berezitasun hori badu honek; horregatik hesitu ziren haiek hobeto. Kasu honetan ez da lortu. Ezin dugu ahantzi SARS-COV-2 birusa, beste haiek bezala, animalietatik heldu dela gizakietara; normalean, animalietatik gizakietara jauzi egiten dutenean birusek, ondorioak nahiko txarrak izaten dira, oldarkorragoak. Horixe jazo da, hain zuzen ere, kasu honetan.

Oldarraren fase larriena joan zen. Birusa orain ahulagoa dela esateko motiborik ba al dago?

Konfinamenduak ekarri zuen birusa gutxiago hedatzea. Horrek ez du esan nahi denborarekin birusa ahuldu ez daitekeenik, oldarkortasuna urrituko ez zaionik, baina konfinamenduak apalarazi zuen zirkulazioa; zorionez, konfinatu egin ginen, eta horregatik baretu zen: gure arteko kontaktuak urritu genituelako.

Egon dira zientzialariak adierazi dutenak orain birusa ez dela hain erasokorra…

Ez dakit hori esango nukeen, baina egia da birusek ostalari edo eramaile batengan —dela animalia, dela gizakia— denbora bat daramatenean oreka bat bilatzen dutela. Birus batek bere eramaile guztiak hilko balitu, bere burua ere hilko luke. Beraz, oreka baten bila, birusek zenbaitetan oldarkortasuna baretzera egiten dute. Baina ezin dute apaldu denbora tarte bat ostalarian egin gabe.

Birusek apaltzeko joera izan dezaketela jakiteak pentsaraz dezake izurriak denborarekin ahultzera egingo duela. Arinegi ateratako ondorioa da?

Ez da hain sinplea. Hori gerta daiteke, baina normalean gertatzen da birusaren zirkulazioa handiagoa denean. Denbora behar da oraindik ere birusa apalduko den ikusteko. Ikusi egin behar da oraindik birus honek zer eboluzio klase duen, baita genetikoki ere.

Oraindik goiz da ondorioak ateratzeko?

Niretzat bai. Egia da birusak dezenteko zirkulazioa izan duela, eta oso gogor erasan die zenbait pertsonari, baina oraindik ere infekzio maila apala da biztanlerian. Uste dut hainbat hilabete igarotzen utzi behar ditugula, ikusteko benetan indartsuago datorren, esaterako, negua datorrenean.

Erruz hitz egiten da neguaz, orduan birusak izan dezakeen oldarraldiaz. Zerk eragin dezake, bada, aldaketa horretan?

Aldaera genetikoez harago, beste aldagai asko daude. Tenperatura faktore bat da arnas aparatuan eragiten duten birusentzat, baina faktore esanguratsuena hezetasuna da. Animaliekin-eta egindako ikerketek argi erakutsi dute hori. Birus bakoitza mundu bat da, baina, tenperatura kontuan hartuta, hezetasun erlatiboa da birusetan eragina duten aldagaietako bat; izan ere, tenperatura hotzetan hobeto kontserbatzen da birusa, egonkorrago. Baina aldagai asko daude; neguan ere eragina izaten du, adibidez, denbora gehiago pasatzeak toki itxietan…

Eta horietan handiagoa da kutsatzeko arriskua…

Gertutasuna badago, bai. Izan ere, gure arteko hurbiltasuna da birusaren hedatzean eragina duen aldagai arriskutsuena. Ni metroan edo autobusean banoa inguruan sei pertsona gainean ditudala, metro eta erdiko tartea baino txikiagoa badugu, haiek ni edo nik haiek kutsatzeko arriskua handiagoa da. Eta neguan hori gertatzen da: toki itxietan denbora gehiago egoten gara, eta horrek birusaren zirkulazioa eta birzirkulazioa eragiten ditu.

Beraz, birusaren ezaugarriez baino gehiago, argi dago bizi ohiturez jardun behar dela, ezta?

Gure bizi ohiturak kontuan hartu behar ditugu. Horrez gain, esandakoa: birusak tenperatura hotzetan eta hezetasun pixka batekin egonkorragoak izaten dira, eta hizketan ari garela ihes egiten digun tantatxo hori, adibidez, neguan denbora gehiagoz egoten da airean. Baina aldagai gehiago ere badira. Gure mukiak ere ezberdin daude, adibidez, giro lehor eta hezeetan. Eta hortxetik sartzen da, hain justu, birusa.

Baina elkarren arteko distantziak zaintzea ezinbestekoa da...

Elkarren arteko distantzia da birusak zirkula ez dezan oraingoz eskura dugun tresna eraginkor bakarra. Urruntze soziala ez zaigu gustatzen, baina elkarrekin gaudenean gutxienez metro eta erdira egotea, edo maskara edo babesak erabiltzea erabakigarria izango da kutsatzeak saihesteko. Eta horri erantsi behar zaio ager daitezkeen kasu berrien jarraipena. Izurriaren lehen kolpeak ezustean harrapatu gintuen, baina erremintak baditugu kontrolerako. Eta ezin da ukatu: urruntzea aldagai ezinbestekoa da. Ni zenbaitetan harrituta geratzen naiz ikusten ditudan gauzak ikusita.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

18 kasatzeman dituzt azken ordueta Zangozan. ©Iñigo Uriz/FOKU

Beste neurri batzuk hartuko dituzte Zangozan

Berria

Azken orduetan, 18 positibo atzeman dituzte han. Hego Euskal Herrian, 234 positibo izan dira.

Kaltzda Zahar eguneko zenroa, Bizkaian. ©Marisol Ramirez/FOKU

Eguneko zentroak irekiko dituzte gaur Araban

Berria

Zahar etxeetako murrizketek abuztuaren 9ra arte jarraituko dute indarrean.

Basurtuko erietxearen kanpo aldean ostiralean hasi ziren PCR probak egiten. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

Berriro ere berrehun positibo baino gehiago egun bakarrean: 255

Mikel P. Ansa

Bezperan baino 39 kasu gutxiago detektatu dituzte azkeneko 24 orduetan, baina berrehuneko langatik gora jarraitzen dute eguneko kasu berriek. Nafarroak osasun arreta indartuko du.

Emakume bat Zisjordaniako Bani Naim herrian maskarak saltzen, hil hasierako irudi batean. ©ABED AL HASHLAMOUN / EFE

Palestinako kasuek gora jarraitzen dute, neurriak gogortu arren

Ander Perez Zala

PANek 11.000 positibo baino gehiago baieztatu ditu, eta haren diru sarrerak %80 txikitu dira

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna