Mihail Popsoi. Moldaviako Parlamentuko bozeramailea

«Errusiaren eta Moldaviaren harremana tirabiratsua da»

Popsoi itxaropentsu da EBn sartzeko prozesuari dagokionez. Bertze kontu bat da, ordea, Moldaviak Moskurekin duen mendekotasuna: «Zinez zaila da luze gabe energia iturriak dibertsifikatzea».

BERRIA.
Alex Bustos
Mosku
2022ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Mihail Popsoi Moldaviako Parlamentuko bozeramailea da, eta PAS Ekintza eta Elkartasuna alderdiko kidea zentro-eskuineko alderdi hori dago orain gobernuan, eta EB Europako Batasunean sartzearen aldekoa da. Moldavia EBn sartzeko asmoei buruz solas egin du Popsoik BERRIArekin, baita Moldaviak Errusiarekin dituen harremanei eta herrialdeko barne gatazkei buruz ere.

Errusiarekin duen harremana garrantzitsua da Moldaviarentzat, Popsoik berak azpimarratu duenez, Moskuk monopolioa baitu energiaren arloan. Bi herrialdeen arteko trukea desorekatua da, eta, hain zuzen, desoreka horrek arazoak sortu zituen aurtengo neguan: Gazprom Errusiako estatu konpainiak, Moldavia gasez hornitzen duen bakarrak, prezioak goititu zituen, abendu betean hornidura eteteko mehatxua egin ondotik. Azkenean, bi aldeak ados jarri ziren, baina ez prezioa goititu gabe.

Nola lor dezake Moldaviak energiaren arloan Errusiaren hain mendeko ez izatea?

Zoritxarrez, luze gabe, ez dugu alternatiba anitzik. Errusiak eta Gazpromek dute monopolioa eskualdean, eta zinez zaila da luze gabe energia iturriak dibertsifikatzea. Nazioarteko merkatuari erreparatu diogu, teorian bederen, baina oraindik ere garestiegia da guretzat. Errusiak eskaintzen digun prezioa garestia da, baina, hala ere, nazioarteko merkatukoaren erdia da.

Bertze bide batzuk bilatu beharko dituzue, orduan?

Epe ertain eta luzera, gai izan behar dugu energia iturriak dibertsifikatzeko eta askotariko iturrietatik erosteko. Oraingoz, kontratu bat dugu Gazpromekin, eta egonkortasuna ematen digu, erronkak eta zailtasunak goiti-beheiti. Moldavia duela 30 urtetik da independente, eta, ordutik honat, ezin izan ditu dibertsifikatu energia iturriak, ez gasari eta ez elektrizitateari dagokionez; bertzalde, energia berriztagarrien erabilera ez du handitu, eta, beraz, ez du aukerarik izan gas gutxiago inportatzeko. Baina ez dago konponbide errazik. Oraingoz, bederen bi hilabeterako hornidura biltegiratu behar dugu, negoziatu ahal izateko eta krisiren bat izanez gero arnasa pixka bat edukitzeko, gaur-gaurkoz ez dugu-eta halakorik.

Zure ustez, nolakoa da Errusiaren eta Moldaviaren arteko harremana?

Harremana tirabiratsua izan da 30 urtez, dudarik gabe, ez bakarrik energiarengatik, baita Transnistriako gatazkagatik ere. Baina iruditzen zaigu pragmatikoak izan behar dugula, eta gure errealitate geopolitikoaren kontzientzia hartu. Migrante moldaviarrak ditugu Errusian, eta Errusiako gasaren eta elektrizitatearen mende gaude. Gainera, Transnistrian Errusiako indarrak daude [onartu gabeko estatu bat da, Errusiatik hurbil dagoena eta nazioartean Moldaviaren partetzat hartua], Errusiak 90eko urteetan ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundean hartutako konpromisoa goiti-beheiti.

Baduzue gatazka konponduko den itxaropenik?

Nahiz eta harremana ez den erraza izan, espero dugu nazioartearen laguntzaz Transnistriako gatazka konpontzen ahalko dugula, bai eta gure arazo energetikoa ere. Nolanahi ere, Errusiara bidaltzen ditugun esportazioen mende ere bagaude. Aldi berean, pragmatiko izan nahi dugu, eta Errusiarekin harreman pragmatiko bat eduki, aurrez ikusteko modukoa.

Zer behar du Moldaviak EBn sartzeko?

Hasteko, moldaviar gehien-gehienak EBn sartzearen alde daude, eta horietako anitz, heren bat zehazki, Europako herritarrak dira jada, errumaniar herritartasuna baitute. Edozein modutan, prozesua bizkortzeko, lehentasuna eman behar zaio erreforma judizialari, gisa horretan EBn sartzeko hautagaitza aurkeztu eta aitzineko negoziazioak abiatu ahal izanen ditugu eta. Beharrezkoa zaigu legea betetzea, gure auzitegiek egoki funtzionatzea eta ustelkeria gutxitzea. Horiexek dira gure lehentasunak.

Zer abantaila lituzke independentzia judizialak?

Independentzia judiziala izatea ona da moldaviarrentzat: horri esker, konfiantza izan dezakete auzitegietan egiten den justizian; ez du gehien ordaintzen duenak irabaziko, bertzerik gabe, hori ez baita justizia. Eta, horrela, inbertsioak egiteko giro hobea izanen da, bai baitakigu atzerriko kapitalak nahiago dituela jabetza pribatua legez babestua duten herrialdeak, aurrez ikusteko moduko lege esparru bat dutenak. Eta, gainera, uste dugu hori baldintza garrantzitsua dela gure ekonomia garatu dadin.

Nola bideratuko da Transnistriako gatazka baldin eta EBn sartzeko prozesuak aitzinera egiten badu?

Transnistriak gehiago esportatzen du EBra, Errusiara baino; are, merkataritza harreman handiagoa du Errumaniarekin, Moskurekin baino. Ekonomiari dagokionez, Transnistria hagitz sartua da Europako merkatuan. Bada argumentu bat dioena gatazka konpondu bitarte ezin garela sartu EBn, baina ez da bidezkoa: Zipre da horren erakusgarri. Zipre estatu kidea da, eta Ipar Zipreko gatazka piztua da oraindik.

Eta Gagauzia eskualde autonomoan zer? Lurralde horrek talde etniko propioa du, eta biztanle gehienak errusiazaleak dira.

Gagauz anitz Errumaniak ordaindutako haurtzaindegietara joaten dira, Turkiak ordaindutako errepideetan barna ibiltzen dira, eta Europako diruarekin sortutako enpresetan lan egiten dute; lurra hondatzen duten pestizidak, Sobietar Batasunaren garaian erabiltzen zirenak, NATOren diruarekin kentzen dira. Baina, zoritxarrez, anitzek ez dakite hori guzia, berri horiei ez baitzaie behar bertzeko oihartzunik eman. Gagauzek Errusiako telebista ikusi ohi dute, eta, Moldaviako hedabideentzat, zaila da Errusiakoekin lehiatzea han. EBk eta Turkiak babes ekonomiko handia ematen diote eskualdeari, eta eginahalak egiten ari gara jendeak lan horren berri izan dezan. Gazte belaunaldiek aise hobeki dakite EBk zer onura dakartzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.