Iñaki Otamendi Gutierrez. 'Gastu militarrak gizarte beharretarako' ekinbideko kidea

«Armagintzan 20.050 milioi gastatu zituen iaz Espainiak»

Gastu militarretan erabiltzen den dirua osasungintzara bideratzeko ekinbide bat abiarazi dute bederatzi euskal taldek. Datu zehatzak eskaini dituzte jendea kontzientziatzeko asmoz.

AIURRI.
2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Munduan armagintzara bideratzen den dirua osasungintzara bideratzeko egitasmora batu dira Euskal Herriko bederatzi talde antimilitarista, Gastu militarrak gizarte beharretarako izenarekin. Infografien bidez azaldu dute zenbat diru gastatzen duen armetan mundu osoak, baita Espainiako Gobernuak ere, eta osasunarekin zerikusia duten hainbat baliabideen kostuarekin alderatzen dute. Horrez gain, Euskal Herrian alarma egoeraren «kudeaketa militarista» egon dela salatu nahi izan dute. Ekinbideko kide da Iñaki Otamendi Gutierrez.

Nondik dator gastu militarrak azalarazteko ekintza hau?

Berez International Peace Bureau elkarteak bultzatu du, eta Bartzelonako Centre Delasek ere kanpainan parte hartu du; hortik heldu zaigu deialdia euskal talde antimilitaristei. Hain zuzen, bederatzi euskal taldek sinatu dugu manifestu bat kanpaina honen harira: AA-KEM-MOC Nafarroa, Bake-Ekintza Antimilitarista, Centre Delas (Euskal Delegazioa), Emakumeok Gerraren Aurka, Gerrarik Ez Eibar, Gerra Hemen Hasten Da, Gernika Gogoratuz, Kakitzat Koordinakunde Antimilitarista, eta KEM-MOC Bilboko Talde Antimilitaristak.

Armagintzara bideratzen den dirua osasungintzara bideratzea proposatu nahi duzue, ezta?

Bai. Uste dugu momentu ona dela gizarteak ikusteko zeintzuk diren benetako beharrak. Krisi honek mahai gainean jarri du gastu militarrak ez duela inongo onurarik ekartzen, eta benetan behar duguna kalitatezko osasungintza dela. Aurrekontuak egitean, erabaki politikoa da zertan inbertitu, eta ezin digute esan dirurik ez dagoela pentsioentzat eta osasungintzarentzat milioiak gastatzen ari direnean armagintzan.

Zenbat diru gastatzen da armagintzan?

Mundu osoan, gastu militarra 1,6 bilioi dolarrekoa da, Gerra Hotzaren amaieran baino %50 handiagoa. Centre Delas elkartearen arabera, Espainiako Gobernuak 20.050 milioi euro gastatu zituen 2019an armagintzan, hau da, 54 milioi euro egunean. Adibide bezala, 54 milioi horiekin tamaina ertaineko hamar bat osasun zentro eraiki daitezke. Hala ere, ezin dugu ziurtatu hori denik benetako gastua; izan ere, elkartearen arabera, hainbat gauza hartzen dira kontuan, edo ez.

Baina Espainako aurrekontuetan ezin daiteke ikusi zenbat gastatu den armagintza militarrean?

Bai, baina aurrekontuetan ez dira sartzen, besteak beste, PEA Armamentu Programa Berezietan egiten duten gastua. Defentsa Ministerioaren gastu militarra eta gastu militar osoa ez datoz bat, inondik inora ere. Adibidez, Sipri elkartearen arabera Espainiako gastua 17.000 milioi eurokoa da, baina ez ditu kontuan hartzen hainbat irizpide; Defensa Ministerioaren aurrekontua soilik hartzen du kontuan. Centre Delas elkartea askoz ere zehatzagoa da, eta ministerio guztietan armagintzarekin zerikusia duten gastuak aztertzen ditu. Beraz, esan dezakegu gutxienez 20.000 milioi gastatzen direla, baina uste dugu askoz gehiago gastatzen dela orotara.

Euskal Herrira ekarri duzue ekimen hau, zer helbururekin?

Alde batetik, herritarrak kontzienteago izatea nahi dugu. Gastu militarra osasungintzara bideratzeko ideia ez da berria; 70eko hamarkadan jada holakoak aldarrikatzen ziren. Baina, nolabait, aldarrikapen orokor bat izan dena gaur egun datu zehatzekin ikus daiteke. Itsaspeko bat, adibidez; zertarako behar du gizarteak itsaspeko bat? Zer onura ekartzen digu? Diru horrekin 62.000 erizainen soldata ordain daiteke. Horrela pentsatzen dugu herritarrek errazago ikusiko dutela, konparatzen baditugu armak ospitaleko oheekin edo arnasgailuekin.

Euskal Herrian hainbat enpresak dihardute armak egiten. Horien jarduerak aldatzea ere izan daiteke helburu bat?

Herritarren presioak soilik eragin dezake datorren urteko aurrekontuetan armagintzan egiten den gastua hain handia ez izatea. Kontuan hartzen badugu estatua dela armagintza enpresen bezero bakarra, armagintzan gutxiago gastatzen bada, nahitaez, jarduera gutxiago egongo da enpresa horietan. Hemen ardura politiko bat dago, baina ardura industrial bat ere bai. Alde batetik, gastu militarrera bideratua ez doa behar sozialetara, eta, bestetik, hemen sortzen ari diren armak gerrek sortzen duten sufrimenduaren eragile dira. Ingurumenean edo osasungintzan beharra dagoela nabarmendu da; beraz, aukera bat da enpresa horiek teknologia eta gaitasunak behar horiei erantzutera molda zitezkeen.

Kaleratu duzuen manifestuan ere osasun krisi honetan egin den «kudeaketa militarista» salatu duzue.

Alarma egoera ezarri zenetik, militarizazio soziala areagotu egin da. Prentsaurrekoetako militarren partaidetzan eta gure kaleetan ikusi dugun soldaduen presentzian ikus daiteke. Bestalde, unitate militarrek egindako desinfekzio lan puntualak beste zerbitzuetako langileek egin zitzaketen, hobeto hornituta baleude; esaterako, osasun arlokoek, garbiketakoek, babes zibilekoek...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.