Vidal Aragones. CUPeko diputatua

«Deklarazio formal hutsa izan liteke U-1eko agindua ezartzea»

Fokua Parlamentutik ateratzera deitu du antikapitalisten diputatuak. «Gehiengo oso zabalez» mintzo da, eta, «independentziaren aldeko siglak» lehenetsi beharrean, «batasuna» lehenesten du.

DANI CODINA.
Carme Porta.
Bartzelona
2018ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Vidal Aragones (Cornella de Llobregat, 1978) CUPeko diputatu independentea da Kataluniako Parlamentuan, iazko abendutik. Abokatua da, eta zinegotzia izan da bere jaioterrian. Eskubide Sozialen Aldeko Herritarren Mahaian parte hartu zuen, eta Cornellako Ateneo Popularreko kidea da.

CUPek argi eta garbi kendu dio babesa Kataluniako Gobernuaren ildo politikoari, gaur egungo testuinguru politikoak bultzatuta.

Batzar Nazionalaren maiatzeko akordio politikoei erantzun diegu. Bertan, modu generikoan, jada esan genuen parlamentuan ez genituela babestuko, ez autonomia kudeatzeko politikak, ez mozketak atzera botako ez zituzten politikak. Dena den, akordioak aurreikusten zuen blokeo jarrera bat hartuko genuela halako egoerak gertatuz gero.

Fokua atera behar dugu parlamentutik, burujabetza politikorik gabeko erakundea baita. Han gertatzen denak ez ditu erabakitzen herritarren bizi baldintzak.

Fokua atera behar dugu parlamentutik, baina ildo bati eutsiz: parte hartuko dugu errepresioaren kontrako neurriren bat baldin badago, aurrerabide nazionala eragin dezakeen neurriren bat baldin badago, neurri sozialak edo gizarte mugimenduetatik datozenak baldin badaude. Baina ez dugu denborarik galduko gainerako guztian. Herritarren mobilizazioetan egotea izango da lehentasuna, hori da gure erdigune politikoa. CUPen oinarrira bueltatzen ari gara, eta berreskuratu egin dugu erakundeetan sartzearen jatorria, Troiako zaldi gisa. Gauza garrantzitsu askori uko egin diogu adostasunaren eta aurrerapenen izenean, baina orain CUPen espiritua berreskuratu dugu.

Zein da CUPen proposamena egungo egoera gainditzeko?

Herritarren mugimenduen kaleko indarra berreskuratuko dugu. Herrietako galdeketa txikietatik, manifestazio erraldoietara. Horiekin batera, baita erreferenduma eta gero independentismoaren inguruan agertu diren masa antolaketak ere. Autodeterminazioaren aldeko mugimendua testuinguru eta ingurune horretara deituko dugu. Behetik gorako prozesua izango da, adierazpenetan oinarritutako aldebakarreko adierazpenen irtenbide magikotik kanpo, helmuga jakinik ez duten erakundeetatik kanpo.

CUPek 1978ko erregimena eta estatuaren markoa hautsi nahi ditu. Beraz, baztertu egiten al du estatuarekin hitz egitea?

Guk ez dugu ukatuko uneren batean estatuaren ordezkariekin hitz egin daitekeenik zenbait gai hitzartzeko: presoak askatzea edo Espainiako Estatuaren eta Kataluniaren —agian aurrerago Herrialde Katalanen— aktiboak eta pasiboak nola banatu diren. Ez diogu uko egiten elkarrizketari harreman historikoagatik, eraginkortasun materialagatik. Espainiako Estatuaren funtzionarioak dauzkagu, baita armadunak ere, gure lurraldean. Hori gauza bat da, eta bestea independentziaren aldeko zenbait sektore planteatzen ari direna: elkarrizketa mahai batek autodeterminazio eskubidea aplikatzeko bidea emango digula. Ez gaude horrekin ados, premisa faltsu batetik abiatzen baita, sinetsarazi nahi baitute Espainiako Estatuak Kataluniako herriaren autodeterminazio eskubidea onartuko duela. Hori ez da inoiz gertatuko, Espainiako Estatuaren izaeraren oinarria baita. Estatuarentzat posible izango litzateke galdeketa bat, baina autodeterminazio eskubiderik gabe. Estatuak ez luke inoiz onartuko benetako autodeterminazio eskubidea: hau da, bozkatzea eta irabazten duen aukera aplikatzea. Beraz, bide horrek Kataluniako herritarren zati bati ilusio faltsuak sortuko lizkioke, eta ez dugu horretan parte hartuko.

Independentziaren aldeko ezkerra eta CDR Errepublikaren Defentsarako Batzordeak ez daude proposamen ofizialen erdigunean, eta tinkotasuna eta desobedientzia eskatzen ari dira urriaren 1eko agindua aplikatzeko. Bakardadean egin beharreko lidergoa al da?

Komeni da argitzea ez gaudela urriaren 1eko agindua indarrean jartzearen kontra; baina planteatzen duguna da aitortu egin behar direla urriaren 1ean indarrean jarri ziren metodoak, eta bide horiek erabili behar ditugula errepublika eraikitzeko. Urriaren 1eko agindua ezartzea, besterik gabe, deklarazio formal hutsa izan daiteke. Garrantzitsua da, baina ezin da hori bakarrik izan. Urriaren 1ekoa, agindua baino gehiago, desobedientzia zibileko ariketa kolektiboa izan zen, izaera demokratikoko helburu komunak zituena: herritarren erabakia gehiengoetan oinarritzea, errepublika eraikitzea, eta hala 78ko erregimen bukatzea. Oraingo egoeraren aldean, orduan jendeak ez zuen onartu, eta aurre egin zion.

Oraindik errepublikazale sentitu ez arren, dei egin nahi diegu konpondu beharreko eskaerak eta premiak dituzten pertsonei, monarkikoak ez direnei eta 78ko erregimenaren jarraitzaile ez direnei. Gehiengoei buruz hitz egiten dugu, gehiengo oso zabalez. Guretzat, horiek dira urriaren 1eko benetako helburua. Hautagaitza bateratuen proposamena horren guztiz kontrakoa da. Aurrerapena dela eta, eman dezake gehitu egiten duela, baina benetan errepublika gauzatzeko moduari buruz hainbeste desadostasun daudenean, hain sektore ezberdin eta heterogeneoak ados jarri nahi direnean, elkarrekin kontraesanean dauden proiektuak dituztenean... Gehitu baino gehiago, gutxitu egiten du. Herritarren batasuna eraiki nahi dugu, ez independentziaren aldeko siglak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.