Ozgur Urfa. Abokatu Progresisten Elkarteko kidea

«Erdogan kritikatzen duten guztiak atxilotzen dituzte»

Abokatuaren esanetan, Turkiako Gobernuak legea baliatzen du bere eta estatuburuaren aurkako kritikak isilarazi eta beldurra zabaltzeko: «Ez dute nahi borroka egiterik eta jendea babesterik».

LARA VILLALON.
Ankara
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Bideo bat non norbait Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganen itxurak egiten agertzen den; duela urte asko idatzitako txio bat; iritzi zutabe bat edo kalean egindako bat-bateko elkarrizketa bat non presidentea kritikatzen den. Ugari dira «presidentea iraintzeaz» akusatuta atxilotuak izan direnen adibideak, Turkian lau urte arteko kartzelarekin zigortzen den delitu bat. 2014an Erdogan presidentetzara heldu zenetik, 160.000 auzi ireki dira arrazoi horregatik; aurreko legealdietan larri iritsi ziren 300 ikerketara.

ÇHD Abokatu Progresisten Elkarteko kidea da Ozgur Urfa abokatua. Erakunde horrek oinarrizko eskubideen aldeko kanpaina egiten du, eta delitu horretaz akusatutako dozenaka lagun defendatu ditu. Urfa bera hamar hilabeteko kartzelaldira zigortu zuten «presidentea iraintzeagatik», delitu beragatik epaitutako bezero bat defendatzen ari zela.

Zer jotzen da delitutzat presidentearen aurkako irainez ari garenean?

Zigor kodean «irainekin» lotutako delitu bat dago, euren artean errespetuz aritzen ez diren herritarrentzat. Bada beste bat soilik presidenteari dagokiona. Kartzelan sar zaitezke presidentearen aurkako adierazpenik egiten baduzu. Hori legez kanpokoa da, herritarren arteko berdintasun printzipioa urratzen duelako. Politikari batek kargu hori hartzen badu, kritikak onartu behar ditu.

Nola erabakitzen da zer den presidentearen aurkako iraina?

Presidentea kritikatzen baduzu Twitterren, Facebooken edo protesta batean, atxilotua izan zaitezke; batzuetan, baita torturatua ere. Epaitu egin zaitzakete, isuna jarri, edo espetxera bidali.

Nola eragiten die delitu honek kazetari eta abokatuei?

Edonor zigor dezakete kartzelara. Kazetariek gauza bera sufri dezakete haiek idatzitakoa Erdoganen gustukoa ez bada. Guk horretaz akusatuak izan direnak defendatzen ditugu, eta batzuetan gure aurkako ikerketak ere zabaltzen dituzte, uste dutelako presidentea iraintzen dugula haiek defendatzerakoan. Alfer-gurpil bat da. Epaiketa bat hasten bada, zaindu egin behar duzu nola idazten duzun horri buruzko albistea, nola defendatzen duzun akusatua. Mezu bat bidaltzen diote gizarteari, beldurra nagusi den testuinguru bat sortuz.

Zure ustez, zergatik ugaritu dira horrenbeste kasuak Erdoganek presidentetza hartu duenetik?

Agintean gizon bakar bat izatearen emaitza da. Ez dago bidezko lege prozedurarik. Inork ezin du hura kritikatu. Hori egitera ausartzen dena atxilotua da. Modu horretan eraiki dute justizia sistema.

Uste duzu presioa Erdoganek berak egiten duela edo justizia sistemak?

Ez dago justiziarik; justizia sistema osoa gobernuaren menpe dago, baita karguak ere. Nahierara aukeratutako fiskal eta epaile horiek guztiek ez dute euren arduradunen aurka egingo. Haiek dira erantzuleak, baina are gehiago dira haiek aukeratu dituzten politikariak.

Nola eragiten dio honek guztiak adierazpen askatasunari?

Turkian gertatzen denari buruzko edozein kritika atxilotze batekin amaitzen da. Inork ezin du modu askean hitz egin. Beldurra dago adierazpen oso sinpleak egiteko ere. Jendeak ezin du txio bat bera ere argitaratu. Bi ordu geroago, Poliziak atea jotzen du. Ekintza horien atzean jendeari irakaspen bat emateko asmoa dago. Hala ere, jendeak presidentea kritikatzen jarraitzen du, adierazten jarraitzen du. Horrek itxaropena ematen digu.

Zu Erdogan iraintzeagatik salatu zintuzten, hura oraindik presidente ez zenean.

2014an lehen ministro zen Erdogan. Orduan emakume baten aurkako salaketa jarri zuten «funtzionario publiko bat iraintzeagatik», Erdoganen aurkako protesta bat egiteagatik. Guk haren kasua defendatu genuen. Bera zigortu egin zuten, eta helegitea aurkeztu genuen. Haren helegitea prestatzen ari nintzen, eta prozesu horretan bi urte igaro ziren; hauteskundeak egin ziren, eta Erdogan presidente bilakatu zen. Fiskaltzak nire aurkako auzi bat zabaldu zuen, ulertu zuelako nire txostenean presidentea iraindu nuela. Hamar hilabeteko kartzelara zigortu ninduten. Kasuaren aurkako helegiteak aurkezten jarraitzen dugu.

Uste duzu zure lana isilarazi nahi zutela?

Uste dut haien indarra erakutsi nahi zutela nire aurka eta abokatu guztien aurka eginez. Une hartan presidentearen aurka irainengatik zabaldutako hainbat kasu eramaten ari ginen. Auzitegi Konstituzionalean salatu genuen lege honek herritarren berdintasun printzipioa urratzen duela. Artikulu hori indargabetzen saiatu ginen. 2016an, auzitegi batek onartu egin zuen gure salaketa, eta aitortu zuen lege hori berdintasun printzipioaren aurkakoa zela eta bertan behera utzi beharko lukeela Konstituzionalak. Erdoganen abokatuek kexu bat aurkeztu zuten abokatuen elkartean. Esan zuten ikerketa diziplinario bat zabaldu behar zela nire kontra, baina elkartea aurka agertu zen.

Nola eragiten dio egoera honek zuen egunerokoari?

Epaiketetan eztabaidatu genuen adierazpen askatasunari buruz, eta oso deserosoa izan zen gobernuarentzat. Mezu bat zabaldu nahi du: hau egiten badugu abokatu batekin, pentsa zer egingo dugun zurekin. Ez dute nahi haien aurka egiterik, borroka egiterik eta jendea babesterik. Epaile baten aurrera eraman gaitzakete, espetxera eraman edo isunak jarri, baina zuzena dena egiten jarraituko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.