Anna Montañana. Lointek Gernikako entrenatzailea

«Erronka handia da Mario Lopez ordezkatzea»

Egoera «aproposenean» ez izan arren, «ilusioz» hartu du kargua Montañanak. Beti izan du buruan gauza handiak egitea, baina nahiago du egunez egun joan.

MARIA MENTXAKA / GERNIKA KEBS.
pettan uralde
2022ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Osasun arazoak tarteko Mario Lopezek kargua utzi ostean, Anna Montañanak (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1980) zuzenduko du datorren denboraldian Lointek Gernika. Montañana ohituta dago horrelako erronketara, jokalari izateari utzi zionetik, mugarriak ezarriz joan baita entrenatzaile gisa. Historiako lehen emakumea izan zen ACB ligako entrenatzaile laguntzaile kargua izaten. Ondoren, Kolonbian, lehenengo emakumea izan zen gizonen talde bat zuzentzen, eta Argentinan ere gizonezko talde baten entrenatzaile laguntzaile izan zen. Jokalari gisa dena irabazi zuen; orain, entrenatzaile moduan egin nahi du.

Nola jaso zenuen Mario Lopezen lekua hartzeko proposamena?

Ez da egoerarik aproposena izan, baina horrela gertatu da, eta erabaki onena hartu dudala uste dut. Erronka handia da Mario Lopez ordezkatzea, 11 urte eman baititu Gernika zuzentzen. Gernika, alderdi guztietan, Mariori lotuta dago. Nire kirol ibilbidea ere oso lotuta dago harekin, eta ilusio handia egiten dit haren lekua hartzeak. Erronkak gustuko ditut, baina, aldi berean, erantzukizun handia da.

Erabakia asko pentsatu behar izan al zenuen?

Ez zen erabaki erraza izan, noski. Baina zuzendaritzaren eta Mario beraren babesa izan nuen. Beraz, oso babestuta sentitu nintzen, eta ez nuen asko pentsatu behar izan. Prest ikusten dut neure burua, eta egin nezakeen onena dela uste dut. Orain, nire onena ematea tokatzen zait.

Nolako taldea ikusiko da? Jarraipena emango diozu Mario Lopezek urte hauetan egindako lanari?

Mariok eragin handia izan du nigan, eta asko ikasi dut harengandik. Baina ez gara pertsona bera. Bakoitzak bere esentzia du, eta taldea kudeatzeko modu ezberdinak izango ditugu seguruenik. Hala ere, uste dut antzekotasunak egongo direla. Estiloa edozein dela ere, ditugun jokalariak ere kontuan hartu behar dira. Ahalik eta etekinik handiena ateratzea da bilatuko duguna. Horretarako, jokoa jokalarietara egokitu beharko dugu, eta ez alderantziz.

Taldea ondo ezagutzen duzu, baina zazpi fitxaketa ere egin dituzue. Ezagutzen dituzu denak?

Bistan da denak ezagutzen ditudala. Aurreko sasoian zeuden laurak asko ezagutzen ditut, eta fitxaketa gehienek ligan jokatu dute. Esperientzia izatea ona da, euren artean elkar ezagutzen dutelako, eta espero dut egokitzapena azkarra izatea. 11 jokalari ditugu. Oso multzo orekatua eta indartsua dela iruditzen zait. Orain, pieza horiek guztiak lotu behar ditugu.

Zein da helburua?

Nahiago dut egunez egun joan; hori da nire estiloa. Jokalari eta entrenatzaile gisa, beti gustatu izan zait gauza handiak egin ditzakedala pentsatzea, baina nahiago dut egunez egun joan, partidaz partida. Lan egitea eta dena ematea da gakoa. Hori egiten badugu, ziur nahi dugun guztia lortuko dugula. Jakina ahalik eta gorenen egotea dela helburua, baina hori betiko topikoa da. Neure buruan beti dago zer hobetua hurrengo partidari begira, eta horrela jarraitzeko asmoa dut. Denboraldian aurrera goazela, espero dut ahalik eta gorabehera gutxien izatea, baina hori guztia iristen joango da, ez dut hitz egin nahi ez ditugun egoerez. Epe motzekoak izan behar dute helburuek, esan dudan bezala, egunez egun, partidaz partida.

Denboraldiaurre betea prestatu duzue. Zer atera nahi duzu prestaketa horretatik?

Batez ere oinarriak ezarri behar ditugu, zer joko mota egin nahi dugun eta zer pentsaerarekin lan egingo dugun. Saskibaloian mentalitatea ere jokoaren faktore bat da, eta berdin landu behar dugu. Hortik aurrera, denboraldiaurre ona dugu aurretik, hainbat lagunarteko eta torneorekin; tartean, Bilbo Handia txapelketa eta Euskal Kopa. Helburua da Eurokopako kanporaketara ahalik eta egoerarik onenean iristea. Jokalariek gogoa eta ilusioa dute hasteko; hasiera ona espero dut.

Ligako hiru taldek besterik ez dute emakumezko entrenatzailea. Hiru talde horiek euskal taldeak dira.

Saskibaloian ez ezik, Euskal Herrian ere emakumeek garrantzi handia izan dute beti, agian beste leku batzuetan baino gehiago. Gutxienez, hori zen nik kanpotik sumatzen nuena, eta hemen berretsi egin dut. Uste dut euskal gizartearen ispilu bat dela, hain zuzen ere, ligako emakumezkoen taldeetako hiru entrenatzaileak euskal taldeetakoak izatea. Dudarik gabe, harro egoteko modukoa da.

Aldatu al da saskibaloia zuk jokatzeari utzi zenionetik?

Funtsean, kirol bera da. Baina, jakina, garaiak aldatu egiten dira, eta, kasu honetan, saskibaloia garatu egin da. Entrenatzailearen irudia, jokalariarena, emakumezkoen saskibaloiarena... Dena aldatu da. Baina prozesu naturala izan dela uste dut. Baliabide gehiago ditugu, eta joko eredua ere aldatuz doa. Maila fisikoa handiagoa da orain, adibidez. Emakumezkoen saskibaloia, bizitzako gauza guztiak bezala, aldatuz doa, eta guri egokitzea tokatzen zaigu. Aldaketak positiboak badira, beti izango dira ongi etorriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.