Luisi Caria. A Foras mugimenduko kidea

«Okupazio militarrak kalte egiten dio gure etorkizunari»

Sardinian egindako jarduerek ingurumenari «izugarrizko kaltea» egiten diotela salatu du Cariak, eta gogorarazi, azken urteetan, «helburu terroristekin elkartzea» leporatu dietela 45 ekintzaileri.

MARCO SANTOPADRE.
Marco Santopadre
Cagliari
2021eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Sardinia Europako lurraldeen artean gehien militarizatuta daudenetako bat da; hain zuzen, Mediterraneoko uharte horretan daude Italiako Estatuko base militar eta tiro eremu guztien %60, eta 35.000 hektarea inguru hartzen dituzte. Duela urte batzuetatik, Sardinian militarizazioaren aurkako protesta mugimendu bat dago martxan: A Foras (Kanpora). Luisi Caria, oinarriko mugimenduetako militantea, horri buruz aritu da.

Zer da A Foras, eta noiz sortu zen?

Mugimendu bat da, 2016ko ekainaren 2an sortua, jardun militarraren aurka borrokatzeko eta tiro eremuak ixteko. Hainbat ikuspuntu ideologikotako errealitatez eta aktibistaz osatuta dago: independentistak, bakezaleak, antiinperialistak, ekologistak eta antimilitaristak. 2014ko irailaren 13ko manifestazio handiaren harira sortu zen A Foras: orduko hartan, milaka sardiniarrek protesta egin zuten Capo Frascako base militarraren aurrean. Herri mobilizazio transbertsal bat izan zen, eta gogoa berotu zion aktibisten belaunaldi berri bati.

Zer helburu ditu A Forasek?

Gure helburuak hauek dira: jarduera militarra etetea, baseak ixtea eta kutsatutako lurrengatiko hobari osoak ematea; hau da, komunitate sardiniarrei kalte ordaina ematea 70 urtez haien lurrak okupatuta edukitzeagatik. A Forasen asmoa da sardiniarrei ikusaraztea zenbaterainoko kaltea egiten dion okupazio militarrak gure etorkizunari, gure lurraldea azpigarapenaren eta diru laguntzen sorgin gurpil batera kondenatu baitu.

Armadak Pratobellon egin nahi zuen tiro eremuaren kontrako 1969ko herri garaipena dugu eredu: Orgosoloko biztanleak era masiboan mobilizatu ziren, eta horri esker irabazi zuten.

A Foras hainbat mobilizazioren protagonista izan da. Zeintzuk izan dira garrantzitsuenak?

Dozenaka aldiz egin ditugu manifestazioak, konferentziak, debateak, informazio txostenak eta tiro eremuen inbasio baketsuak. 2015ean, NATOk [Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea] eten egin behar izan zituen Trident Juncture nazioarteko jarduerak, Capo Teuladako tiro eremuan egiten ari zirenak, aktibistak sartu baitziren eremu militarrean.

2019an Capo Frascan izandako topaketa ere masiboa izan zen; gainera, urtero, ekainaren 2an, Italiako Errepublikaren Egunaren harira, A Forasek protestak antolatzen ditu uharteko okupazio militarraren kontra.

Iaz, pandemia zela eta, batez ere komunikabideak eta sare sozialak erabili behar izan genituen. Ospitale gehiago, militar gutxiago kanpainaren bitartez, salatu genuen gastu militarra izugarri handia dela eta osasun publikoa, ordea, ahulduz joan dela hamarkadetan egin diren murrizketen ondorioz.

Nola erantzuten diezue esaten dutenei baseak eta tiro eremuak ez direla arriskutsuak eta lana sortzen dutela?

Hamarkadetan egindako jarduerak izugarrizko kalteak eragin dizkio ingurumenari, mota guztietako misilak erabili baitira, eta metal astunak (tartean torioaren gisako kartzinogenoak eta uranio pobretua) dituzten balak; hondartza batzuk lehertu gabeko bonben hilerri bihurtu dira.

Tiro eremuen inguruko udalerri batzuetan, linfomen eta gaixotasun onkologiko arraro batzuen tasak oso handiak dira, baita umeen eta animalien malformazio tasak ere.

Gune militar industrialek izugarrizko boterea dute, eta baliabide pila. Sardiniarrak konbentzitzeko, ordainketa sistema bat sortu dute: kalte ordainak ematen dizkiete tiro eremuen inguruetan bizi diren zenbait mila laguni, gune horiek jendez hustuta eta ekonomikoki deprimituta baitaude militarren presentzia handia dela eta. Ordainketa horien eta lanpostu gutxi batzuen bitartez, armadak biztanleen parte baten onarpena erostea lortu du.

Horrez gain, propaganda sendoa egiten da armadaren irudia hobetzeko: prentsa kanpainak eta desfile militarrak, maiz folklorera jota.

Ba al dago erlaziorik militarizazioaren kontrako borrokaren eta autodeterminazioa lortzeko helburuaren artean?

1950eko hamarkadaren hasieran, Italiako Estatuak AEBen etaNATOren esku jarri zuen Sardinia, beren interes militarretarako erabil zezaten: lur eremu handiak desjabetu zituzten uharteko hegoaldean hiru tiro eremu egiteko, eta horietako bi Europako handienak dira. Sardinian entrenatzen dira NATOren indarrak eta haren aliatuak (tartean Israelgo aireko indarrak eta Turkiako itsas armada), eta ehunka instalazio txikiago daude, baita arma fabrika batzuk ere.

Okupazio militarra hipoteka erraldoi bat da gure uhartearen etorkizunerako eta Sardiniako herriaren autodeterminazio eskubiderako, eta, hortaz, estu lotuta daude independentziaren aldeko borroka eta okupazio militarraren aurkakoa.

Okupazio militarraren kontrako borroka da sardiniarrek egin dezaketen ekarpenik handiena gerra inperialisten aurka egiteko eta espresuki NATOren erasoak jasaten dituzten herriei elkartasuna erakusteko.

A Foraseko aktibistei neurri zapaltzaileak ezarri izan dizkiete maiz. Nolakoa da egoera orain?

Zenbait epaiketa daude abian A Foraseko aktibisten kontra. Azkena Lynx operazioa deiturikoarekin lotuta dago, 2014tik 2017ra tiro eremuetan egindako manifestazioekin: kalteak eragiteaz eta, are, helburu terroristekin elkartzeaz akusatu dituzte 45 aktibista.

Elkartze delituekin eta terrorismoarekin loturiko karguak, hain zuzen, manifestariak beldurtzeko erabiltzen dira, eta herri mugimenduak asaldatzeko, baina ez dute lortuko gu kikiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.