Kuba. Fidel Castroren heriotza

'Granma'-ra itzuli da

Habana hiriburuan ehunka mila lagunek eta munduko buruzagiek agur esan diote Fidel Castro buruzagi iraultzaileari. Santiagora bidean doaz haren errautsak.

Fidel Castroren errautsak daramatzan karabana, atzo, Habanatik ateratzen, herritarrek buruzagiari agur esaten dioten bitartean. SANTI DONAIRE.
inaki petxarroman
Habana
2016ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Azaroak 25 egun zituen, 1959an. 82 lagun, Fidel Castro buru, Granma itsasontzi txikian sartu, eta Mexikoko Veracruzko kostaldea utzi zuten atzean. Ideia garbi bat zuten buruan, garbia bezain ausarta: Fulgencio Batista diktadorea, armak eskuetan, boteretik egoztea. 60 urte geroago, egun berean, 90 urte zituela, Fidel Castro hil zen. Nicolas Maduro eta Enrique Peña Nieto Venezuelako eta Mexikoko presidenteek hurrenez hurren, detaile hori gogoratu dute Habanan, gainezka egindako Iraultza plazan, herritarrek eta nazioartetik iritsitako agintariek eginiko omenaldi hunkigarrian.

«90 urte bete arte lagunduko gintuela esan zigun Fidelek Evori eta bioi», kontatu zuen Nicolas Madurok, «eta jakina da Fidelek betetzen duela agindutako guztia. Orain, Granma-ra itzuli behar da, Fidel!».

Ehunka mila lagunek erne entzun zituzten nazioarteko agintarien goraipamen hitzak. Oholtzatik igaro ziren Afrika, Asia, Europa eta Amerikako hainbat eta hainbat presidente eta goi agintari: Txina, Iran, Namibia, Hego Afrika, Qatar, Mexiko, Venezuela, Nikaragua, Salvador, Aljeria, Bolivia, Grezia...

Munduaren mapa irauli zuen Fidel Castrok, hein batean, Mendebaldeko potentzia boteretsuek eraiki duten maparen alternatiba bizia, nolabait. Nabarmenak ziren, esate baterako, AEBetako administrazioak Gaizkiaren ardatz deitutako horretako agintarien presentzia Habanako omenaldian.

Raul Castrok denei eman zizkien eskerrak, eta Fidel anaiari zuzendu zizkion azken hitzak: «Fidel maitea: Martiren omenezko monumentuaren ondoan, mende erdi luzean elkartu izan garen tokian, esaten dizugu, gure herri nekaezin, borrokalari eta heroiko honekin batera, garaipenera arte beti!».

Ekitaldiaren unerik hunkigarrienetako bat izan zen hori, baina ez bakarra. Lau ordu luze iraun zuen, eta bitarte horretan asko izan ziren une gogoangarriak. Esate baterako, Alexis Tsiprasek, Europako Batasunetik iritsitako lehen mailako buruzagi bakarrak, hauxe zioen: «Grezian, justiziaren eta berdintasunaren aldeko borrokan beti izaten dugu present Fidelen eredua, gure garaipen eta porrotetan».

Namibiako presidente Heig Gottried Geingobek esker hitzak izan zituen, Fidel Castrok eta Kubak apartheidaren aurka egindako borroka gogoratuz. «Kubatarrak ez ziren etorri gure diamante eta aberastasunak lapurtzera. Euren odola eman zuten gure askapen borrokan. Beti izango gara esker oneko zuekin».

Munduko buruzagiek gogorarazi zuten Castro XX. mendea ulertzeko «erreferentzia saihetsezina» dela. Horixe esan zuen, esate baterako, Txinako presidenteorde Li Yuanchaok. «Bere garaiko erraldoi bat izan da».

Daniel Ortega Nikaraguako presidente sandinistak Castrok eta Salvador Allendek izan zuten harreman bereziarekin azaldu zuen Kubako buruzagiaren jarrera. «Allende borroka baketsuaren aldekoa zen, eta Fidel arma bidezko iraultzarekiko konbentzimendu osoa zuen, baina beti babestu izan zuen Allende».

Buruzagi ezagunez gain, munduko ezkerraren era guztietako ordezkariak zeuden Habanan, Castrori agur esateko ekitaldian. Haien artean zeuden, besteak beste, Sortuko Nazioarteko harremanetarako ordezkari Asier Altuna, Gerry Adams Sinn Feineko buruzagia eta Anna Gabriel CUPeko diputatu katalana. Arnaldo Otegi EH Bilduko buruzagiari ez zioten bidaiatzen utzi, AEBetako aire espazioan sartzeko baimenik ez duelako.

Errautsak, Santiagora

Gauekoa bukatu, eta goizean, Habanako herritarrak goiz-goiz prest ziren Fidel Castroren errautsak agurtzeko. Zazpiak zirela irten zen segizioa Santiagora, han egingo baitiote azken agurra datorren larunbatean.

Askatasunaren aldeko martxak 1959an gerrillak Batista garaitu ostean egin zuen ibilbide bera egingo du, alderantzizko norabidean. Atzo Habanatik Cienfuegosera joan zen. Bihar helduko da Santiagora, Granma itsasontzialehorreratu eta bizardunen iraultza-ren abiapuntua izan zen uhartearen ekialdeko kostan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.