Donostiako 70. Zinemaldia. Perlak. Luc eta Jean-Pierre Dardenne. Zinemagileak

«Mugimenduan jartzean soilik existitzen dira pertsonaiak»

Belgikara heldutako bi gaztetxo migratzaileren adiskidetasuna filmatu dute Dardenne anaiek 'Tori et Lokita' lanean. Euskadi Basque Country 2030 Agenda saria eman diete.

SEBASTIEN NOGIER / EFE.
itziar ugarte irizar
Donostia
2022ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Egoeraren beltzak iluntzen du filma eta protagonisten arteko afektuek argitu. Belgikara heldutako haur eta nerabe biren bizirik irauteko istorioa kontatu dute Jean-Pierre Dardenne (Lieja, Belgika, 1951) eta Luc Dardenne (Lieja, Belgika, 1954) anaiek Tori et Lokita filmean. Cannesko azken zinemaldian, propio okasio hartarako sortutako 75. urtemugako saria jaso zuten harekin. Haientzako pentsatuta ez ote zegoen ere zirikatu zituzten orduan, baina ezetz haien prentsa arduradunak: «Umilegiak dira horretarako». Eta halaxe azaldu dira zinemagile beteranoak Zinemaldian; apal, irritsu, eta azken lanari buruz lehenari buruz hitz egiten dutenen energia berbera erakutsiz. Euskadi Basque Country 2030 Agenda saria jaso zuten atzo, aurten estreinakoz banatu duten saria hori ere, eta ekitaldia baino ordu batzuk lehenago bildu dira BERRIArekin.

Zerk bultzatu zaituzte gazte migratzaileen inguruan aritzera?

JEAN-PIERRE DARDENNE: Duela hiru urte inguru, Belgikako prentsan familiarik gabe heldutako haur hauetako asko desagertzen ari zirela irakurtzen hasi ginen. Iradokitzen zen haietako askok droga trafikoari, sexu esplotazioari eta bestelako auziei loturiko mafien eskuetan amaitzen zutela. Horrek gogora ekarri zigun duela urte batzuk haur migratzaileen inguruko beste film bat egitekotan egon ginela; ez zuen aurrera egin, eta prentsako artikulu horien bidez itzuli zitzaigun gogoa.

Gai nagusia, ordea, beste bat da: adiskidetasunarena.

LUC DARDENNE: Bai. Dokumentatzen hasi ginenean —nola egiten zaien harrera haurrei, nola bizi diren gero...—, jende askorekin hitz egin genuen, tartean psikologoekin. Askok sentitzen duten muturreko bakardadeaz hitz egin ziguten, eta uste dut horrek piztu zuela zerbait gugan, filmaren erdian adiskidetasuna jartzera eraman gintuena. Torik paperak ditu, sorgindutako haur bat delako, baina Lokita bezala beren kabuz heltzen direnek ez. Berak dirua lortu behar du amari bidaltzeko, eta paperik gabe, lanik gabe, ezkutuko ekonomiara jo behar du. Hor indartsuenaren legeak agintzen du. Kontrara, Lokita eta Tori laguntasun estu batek lotzen ditu. Ohikoagoak diren lagunen arteko traizio istorioetatik urrunduta, oztopoak gainditzeko bizi den laguntasuna erakutsi nahi genuen.

Indarkeria dago filmean; fisikoa batetik, baina antzematen nekezagoa den egiturazkoa, batez ere. Garaiak eskatu dizue hori azaleratzea?

LUC D.: Indarkeria hazten ari da, hori hala da. Poliziak kontatu zigun, adibidez, kalamuarekin trafikatzen dutenen artean suzko armak erabiltzen direla egun, duela hamar urte gertatzen ez zena. Suzko arma bat agertzen da filmean, eta aurrez ez dugu inoiz halakorik erakutsi. Haur-nerabe hauei benetan gertatzen zaiena erakusteak ekarri du hori. 18 urte betetzen dituztenean bota egiten ditugu, eta egunerokoan bizia jokoan jartzen dute bitartean.

JEAN-PIERRE D.: Kontuada ez dugula gogorik immigrazioaz pentsatzeko; nahiago mugetan inbertitu. Gure parte den errealitatea da, ordea, eta izango da.

Oso modu neurritsuan filmatu duzue bortizkeria. Noraino erakutsi, hori da erabaki zailenetako bat idazketan?

LUC D.: Inportantea da hori. Lokitaren kasuan, emakumea izanda eta dagoen egoeran egonda, erakutsi behar zen hartaz aprobetxatzen saiatuko zirela. Felazio bat egitera behartzen dutenean, adibidez, aski da makurtzen ikustea. Ulertzen bada umiliazioa, ez dago harago erakutsi beharrik. Premisa biolentzia biktimen ikuspuntutik agertzea izan da, inoiz ez borreroarenetik.

Ezberdin filmatu dituzue bi protagonistak. Tori etengabeko mugimenduan agertzen da; Lokitaren gorputzak, berriz, presentzia pisutsuagoa hartzen du.

JEAN-PIERRE D.: Inoiz aktore lanik egin gabeak ziren biak. Entseguetan saiatu ginen mugimendua sortzen, eta hor topatzen enkoadraketa egokiak. Soilik mugimenduan jartzen dituzunean existitzen dira pertsonaiak; ez du zertan mugimendu bizi bat izan, edalontzi bat hartzearen keinu arrunta ere izan daiteke.

LUC D.: Gidoian antzeman genuen diozuna. Lokita handia, boxeoko hizkeran, kolpeak enkajatzen dituena da. Torik, aldiz, luma baten pisua du. Badator, badoa, horma bat igo, zirrikituetan sartu... abentura ukitua ematen dio istorioari. Lokita behea jota ageri bada, Toriren bizitasuna dator hurrengo eszenan; hitz egiten duten gorputzak dira, eta jokatu dugu horrekin muntaketan.

Zenbateko fedea duzue fikzioak bete dezakeen funtzio esnagarrian?

LUC D.: Gure egitekoa oso bakarrik dauden bi lagunen arteko adiskidetasuna kontatzea zen. Baina, noski, salatzen dugu onartezina iruditzen zaigun errealitate bat, eta ideia filmaren amaieran ikuslea higuinduta sentitzea litzateke. Torik esaten du amaieran: «Lokitak laguntzaile izan nahi zuen; nik, eskolara joan, eta biok Belgikan pisu batean bizi». Aterpe bat baino ez, edonork behar duen hori.

JEAN-PIERRE D.: Giza duintasuna bermatzeko legeak aldatu behar dira, bistan da. Hori da filmak azpitik aldarrika dezakeena, agian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.