Sandra Ygueravide. Lointek Gernika Bizkaiako jokalaria

«Gorabeherak izan arren, helburuak lortzen ari gara»

Gaur jokatuko du Gernikak Eurokopako kanporaketako joanekoa Malosten, Gorzowen aurka. Hatz lodiko lesioa sendatuta, jokatzeko prest dago Ygueravide.

LOINTEK GERNIKA BIZKAIA.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Hainbat urte atzerrian egon ostean, Espainiako Ohorezko Mailara itzuli da Sandra Ygueravide (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1984). Ez edonora. Hondarribian (Gipuzkoa) jokatu zuen garaian ezagutu zuen Euskal Herria, eta Gernikaren eskutik itzuli da bertara. «Gustuko tokia» du 3x3 diziplinako munduko sailkapeneko lehenak. Erronka handia du gaur Gernikarekin Eurokopan. Gorzow Poloniako taldea hartuko dute Malosten (20:00 ETB4)

Bi garaipen jarraian lortuta, lehen bi helburuak bete dituzue. Nolakoa da oraingo sasoia?

Lehen itzuli honetan helburu garrantzitsuena Kopan egotea zen, eta azken partidetan lortutako emaitzekin eta sentsazioekin ondo amaitu dugu. Momentu oso onak eta okerragoak izan ditugu, talde gehienek bezala. Gorabeherak izan arren, helburuak lortzen ari gara. Hori aurrerapausoa da guretzat; taldearentzat zein klubarentzat.

Min hartuta egon zara. Nolakoa izan da jokatu gabe egon zaren garaia?

Gogorra. Inoiz ez naiz hainbeste denbora min hartuta egon, eta, are gutxiago, ebakuntza bat eginda. Hala ere, uste dut taldekide askok erantzukizun handiagoa hartu behar izan dutela, eta hori ondo etorri zaigula; bakoitzak hasieran egin baino ekarpen handiagoa egiten ari gara. Denok ari gara taldeari gehiago ematen, eta hori albiste ona da.

Horietako bat da Itziar Ariztimuño gaztea, ezta?

Bai, Itzik denbora tarte gutxian hazi behar izan du partida hauetan, ni ez nengoelako, eta uste dut oso ondo etorri zaiola berari, baita taldeari ere. Sekulako pausoa eman du; partida hauetan taldea eramateko ardura hartu du, eta oso ondo aritu da.Asko eman dio taldeari erasoan zein defentsan, eta oso pozik nago eman duen aurrerapausoarekin.

Itzuli, eta 26 puntu sartu zenituen Lugon. Oso jokalari gutxiren eskuetan dago hori.

Min hartuta egon naiz, baina gauza asko egin ahal izan ditut. Alde horretatik, itzulera uste baino errazagoa izan da. Hala ere, inoiz ez dakizu nola egokituko zaren berriro taldera, ezta nola egokituko diren haiek zure jokora ere. Baina ondo sentitzen ari naiz. Pixkanaka-pixkanaka, gora egiten ari gara, bai taldea, baita ni ere.

Gorzow egokitu zaizue Eurokopan. Galatasarayren aurretik amaitu zuen ligaxka.

Hala da. Kanporaketa zaila izango da. Oso ondo ari dira, baina egia da, halaber, ez duela oso partida esturik jokatu. Hori abantaila da guretzat, gu ohituta baikaude, eta haiek ez. Hala ere, oso partida gogorra izango da.

Non egongo da gakoa?

Haien barruko jokoa gelditu behar dugu. Lau jokalarik egiten dute ekarpenik handiena, laurak atzerritarrak. Baina oso talde laburra dutela uste dut. Defentsako maila handiari eusteko eta erasoan erritmo biziarekin jokatzeko gai bagara, aurrera egin ahal izango dugu hurrengo kanporaketan.

Gorzow, Bartzelona, Avenida eta Girona. Urte hasiera gogorra izango da.

Ez dugu hilabete lasairik, ez! Oso gogorra izango da. Lehenengo, Eurokopako kanporaketagatik. Bartzelonaren partidarekin lotuko dugu kanporaketa, eta partida horretan ere asko daukagu jokoan. Ondoren, ligako goialdeko aurkarien aurkako partidak datoz, eta beti izaten dira zailak. Partidaz partida joan behar gara, eta denetan ahal bezainbeste lehiatu.

Denbora askoren ostean itzuli zara Espainiako Ohorezko Mailara. Zergatik Euskal Herria?

Etxera itzultzea zen nire asmoa, jokatzeko geratzen zaidan denboran gustura egoteko moduko leku batera. Gernikak interes handia erakutsi zuen nigan hasieratik, eta, Hondarribian jokatu nuen garaian Euskal Herria ezagutu nuenez, ez zen aukeraketa zaila izan. Leku ederra da, eta oso ondo hitz egiten da beti hemengo klubek egiten duten lanaz. Nik lehen pertsonan bizi izan dut; oso pozik nago hona etorri izanagatik.

Anna Montañana da prestatzailea. Adin antzekoa duzue, eta biak valentziarrak zarete. Zer moduz moldatzen zarete?

Oso ona da Anna. Lehen aldia du Espainiako Ligan entrenatzaile nagusi gisa, eta, beti bezala, elkarri egokitu behar izan gara; Anna guri, eta gu Annari. Gure kasuan, lehendik ezagutzen genuen elkar, hura jokalaria zen garaitik. Elkarren aurka jokatu izan dugu.

38 urte bete dituzu, eta jokatzen jarraitzeko asmoa duzu.

Bai, noski! Oraingoz, argi daukat 2024ra arte, behintzat, gustatuko litzaidakeela jokatzea. Olinpiar Jokoak egingo dira, eta ikaragarria litzateke hiruko saskibaloi diziplinan aritzea. Ordura arte jarraitu nahi dut; hortik aurrera, ikusiko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.