Albistea entzun

Jose Manuel Albares. Espainiako Atzerri ministroa

«Marokorekin genuen krisi sakona gainditu dugu»

Buruzagi sozialista ez da damu Mendebaldeko Sahararekiko jarrera aldatu izanaz, alderantziz baizik. Haren esanetan, «errespetuan» oinarritutako harremana nahi du Madrilek auzokoekin.
JUAN CARLOS HIDALGO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ricard Gonzalez -

2023ko martxoak 31 - Madril

Aurreko astean bete zen urtea Espainiak Mendebaldeko Sahararen gatazkan jarrera aldatu zuenetik: neutral izateari utzi zion, eta Marokoren aldera lerratu. Prentsan batzuek gogor kritikatu dute jokabide hori, baina Espainiako Atzerri ministroak erabakiaren aldeko jarrera berretsi du, eta «historikotzat» jo du Marokorekin egindako azken goi bilera. Marokorekin adiskidetzea lortu du, hori baitzuen egiteko nagusia 2021. urteko udan izendatu zutenetik, eta, orain, beste erronka bat du: Europako Batasuneko presidentetza gidatzea, uztailean geratuko baita Espainiaren esku.

Bada urtebete Espainiak Magreben inguruko politika aldatu zuela. Nolakoa da balantzea?

Oso ona. Krisi sakon bat gainditu dugu, eta oinarri egokiak ezarri ditugu halakorik berriz gertatu ez dadin. Diplomazia, zientzia bat baino gehiago, arte bat da; ez dago lege matematikorik, baina badago horren antzeko zerbait: ahalik eta harreman onena izan behar da herrialde mugakideekin. Eta Maroko da horietako bat. Espainiak demokrazian izandako presidente guzti-guztiek, salbuespenik gabe, lehentasun osoa eman izan diote beti Marokori atzerriko politiketan. Beraz, ez da batere arraroa harremana estutu izana. Anbizio bera izan dugu bi herrialdeok: ez genuen krisia azkar eta ondo konpondu gabe amaiarazi nahi, bion arteko harremana guztiz hoztuta. Gora begiratu dugu, goi asmoak eta oinarri berriak ezarriz: elkar errespetatzea, biontzako onurak lortzea, aldebakarreko ekintzarik ez egitea, eta adostutako konpromisoak errespetatzea.

Argi dago Marokori zertan egin dion mesede Mendebaldeko Sahararen inguruko jarrera aldaketa horrek. Zer ekarri dio Espainiari?

Zenbait elementu daude: gure merkataritza harremanek goia jo dute; 20.000 milioi euro ditugu aldebiko merkataritzan, eta 12.000 milioi esportazioetan. EBtik kanpokoetan, AEBak eta Erresuma Batua baino ez dira bezero hobeak. Espainiako 1.100 enpresa inguru Marokon daude, eta bidea zabaldu diogu hango inbertsio plan bati: 45.000 milioi euroko ekarpena egingo die gure enpresei. Pertsonekin trafikatzen duten mafien kontrako borrokari dagokionez, 2022ko urtarrileko eta 2023ko urtarrileko datuak konparatuta, ikusten da migratzaile irregularren kopurua %69 apaldu dela Andaluziako kostan, eta %82 Kanarietan —Frontexen datuak dira—. Balkanetako bidean, berriz, %157 handitu da kopurua. Gainera, azken hilabeteetan, jihadisten sei sare desegin ditugu, Espainiako eta Marokoko polizien elkarlanari esker. Ceutako eta Melillako mugak ireki ditugu; urtarrilaren 27an berriz ireki genuen Melillako aduana, eta, historian lehen aldiz, Ceutan ere aduana bat ireki dugu...

Baina abian dira benetan?

Pixkanaka irekitzen ari gara. Zenbait urrats egin ditugu, eta ondo ari dira. Gainera, azken goi bileran beste arlo bati ekin diogu: kulturari eta hezkuntzari. Duela zortzi urte egin zen halako azken bilera, eta oraingoa historikoa izan da, inoiz baino ministro gehiago bildu baitira, eta inoiz baino akordio gehiago lortu: hogei. Akordio horietan, besteak beste, adostu da sail elebidunak jarriko direla Marokoko zenbait eskolatan, eta beste eskola espainiar bat eraikiko dela herrialde horretan.

Zehaztua duzue noiz ariko diren berriz lanean Marokorekiko aduana komertzial guztiak?

Badago egutegi bat, goi bilerako adierazpen bateratuko 42. puntu adostuak dioenez. Baina, pertsonen igarobidearekin egin genuen bezala, orain ere ez dugu horren berri emango jendaurrean, ez baitugu nahi jende olderik; ez dugu nahi berriz merkataritza atipikorik izatea, aurrez gertatu zen bezala. Horretan bat gatoz alde batekoak eta bestekoak.

Nolanahi ere, laster irekiko dira?

Ahalik eta azkarrena ari gara lanean.

Marokorekin hobeto doa kontua, baina Aljeriarekin, nahiko gaizki. Hobetzeko esperantzarik baduzue?

Beste auzo herrialdeekin lortu nahi dugun gauza bera lortu nahi dugu Aljeriarekin ere: adiskidetasunean, errespetuan eta biontzako onuran oinarrituko den harreman bat, eta barne arazoetan ez esku hartzeko konpromisoa. Espainia horretarako prest dago hasiera-hasieratik. Aitortzen dugu Aljeria gas hornitzaile fidagarria dela, baina, jakina, horrek ez du esan nahi guk ez ditugunik gogor defendatuko gure enpresak eta haien interesak.

Espainiak zer politika ofizial du migratzaileak mugan bertan kanporatzearen inguruan? Ohikoa al da hori gertatzea?

Migrazioarekin lotutako kontuak ez dagozkit niri, baina segurtatu dezaket Espainiak migrazioaren arloan dituen politika guztiek erabat errespetatzen dituztela giza eskubideak. Migrazioa fenomeno oso konplexua da: Espainiako mugatik milaka kilometrora hasten da, eta oso kausa sakonak daude tartean. Hori dela eta, lankidetzarako lege berri bat sinatu dugu parlamentuan, eta ugaritu egin ditugu Afrikako herrialdeen garapena bultzatzeko lankidetza programak: lehen halako hiru dira orain. Horregatik egin berri dut bira bat Afrikako zenbait herrialde bisitatzeko. Marokotik jende gutxiago irten denez, ehunka eta ehunka lagunen bizia salbatu da. Ez da ahaztu behar Europara iristeko biderik arriskutsuena Atlantikoko bidea dela, Kanarietakoa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Israelgo espetxeetan preso daudenen hainbat senide, apirilaren 24an, Gazan. ©MOHAMMED SABER / EFE

Preso palestinarrek gose greba mugagabea abiatuko dute hilaren 18an

Mikel O. Iribar

Presoen Batzordearen eskakizun nagusia da Israelek nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzea eta kartzeletako atxiloketa administratiboaren erregimena amaitzea; 4.900 presotik 1.014 daude erregimen horretan.

Gizon bat zabortegi batean lanean, Karatxin, Pakistanen. ©SHAHZAIB AKBER / EFE

AIren arabera, klima aldaketak kolokan jartzen ditu oinarrizko giza eskubideak

Maddi Iztueta Olano

Amnesty Internationalek ohartarazi du klima larrialdiak arriskuan jarriko duela gizartearen iraupena. Giza eta diru laguntzak handitu ditzatela eskatu die herrialde aberatsenei.

Ukrainako soldadu bat Donetsk inguruan, artxiboko argazki batean ©EFE

Errusiak adierazi du Ukrainaren «erasoaldi handi bat» zapuztu duela

Igor Susaeta

Moskuk nabarmendu du Ukrainako armadaren 250 bat soldadu hil dituela Donetsken. «Informazio faltsua» zabaltzea eta «operazio psikologiko bat» martxan jartzea egotzi dio Kievek Kremlini.

 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...