Javier Lopez Jaso. Musikaria

«Jotzeko aukerak mugatuak dira, lana oso ona izanda ere»

Javier Lopez Jaso & Marcelo Escrich Quartet taldeak udazkenean plazaratu zuen 'Aporia' diskoa, «melodia garbi» eta jazz inprobisazioekin ondu duten lana. Maiatzean hasiko dira zuzenekoekin.

JAVIER LOPEZ JASO & MARCELO ESCRICH QUARTET.
itziar ugarte irizar
2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Javier Lopez Jaso akordeoi jotzaileak kontserbatorioko lagun bati entzun zion Aporia hitzaren esanahia aurrenekoz: filosofiaren eremutik dator; kontraesanak ulertu eta onartzeaz dihardu. Hala bizi du Lopezek musika sortzea, eta hala jarri diote izena Marcelo Escrichekin (kontrabaxua) batera duen taldearen bigarren lanari: Aporía (2018, Gaztelupeko Hotsak). Luis Gimenezek (gitarra) eta Daniel Lizarragak (bateria) osatzen dute laukoa, eta Alberto Arteta ere izan dute bidelagun diskoan, saxofoiarekin.

Bada denbora bat lana plazaratu zenutela. Zer bide egin du?

Saltokietan harrera polita izan du, eta, jazza izanda, pozik egotekoa da hori! Badakizu, jazza minoritarioa da. Aldizkari espezializatuetan ere, kritikak oso onak izan dira. Maiatzetik aurrera, kontzertuak ematen hasiko gara, jaialdietan-eta jotzen. Pozik gaude horregatik. Baina, bestetik, panorama nahiko izorratuta dago.

Eta hori?

Jotzeaz ari naiz. Emanaldiak lotu berri ditugu bizpahiru jaialditan, baina kontua nahiko konplikatua dago. Oro har, musikarientzat, baina, batez ere, jazzekoentzat. Arrarotzat gaituzte. Gero eta jaialdi gutxiago dago, diru laguntza gutxiago... Badira oraindik ondo ordaintzen duten jaialdiak; beste toki batzuetan, ez dut esango barregarriak direnik... baina gertu. Musikariok ikaragarri estutu behar izaten dugu gerrikoa. Profesionala bai, baina lan hau ia-ia bokaziozkoa da.

Jaialdiak dira plazarik preziatuenak jazz musikarientzat?

Jazz klubetan ere jotzen dugu, etahobe ez badizut esaten zenbat jasotzen dugun halakoetan ere. Ulertzen dut, halere, gaur egun negozio propio bat aurrera ateratzeko ezin dutela bestela egin. Eskerrak jazz musikariak nahiko eklektikoak garen, eta proiektu bat baino gehiago izaten dugun aldi berean. Hau da orain nik dudan indartsuena, baina badut beste bat ere: Hutsun Txalaparta, jazz trio bat txalapartarekin. Honetan ari garen gehientsuenok irakaskuntzan ere ari gara, eta ogia ondo irabazten dugu, baina jotzeko aukerak mugatuak dira, lana oso ona izanda ere. Begira: hartu Euskal Herria, gehitu Aragoi, Errioxa, Santander... gehienez, hamabost-hogei leku egongo dira jotzeko. Eta izen handia duten musikariak ere ez dabiltza urrun. Ez dut izenik eman nahi, baina denok goaz gurpil berean.

Diskora etorrita, aporiaren ideiak biltzen du lana. Nondik dator?

Oso lotuta dago artistaren munduarekin: inoiz iritsiko ez zaren horretara iristen saiatzearekin. Ikusten duzu, eta bazoaz, bazoaz... baina ez zara inoiz heltzen, edo hala sentitzen dugu. Beti zoaz bide desberdinak aztertzen, perfekzioaren atzetik. Gure izaerarekin oso bat dator, eta, tira, hitza ere oso polita da disko baterako.

Sormena kontraesanez betetako bide bat da.

Bai. Disko honetan ere Marcelok eta biok konposatu ditugu kantu guztiak, eta beti da sentipen bera: gustatzen zaizu, baina ezin duzu burutik kendu beste bide bat hartu bazenu zer izango zen, duda hori. Arte denetan gertatuko da.

Are gehiago jazzean, inprobisazioan oinarritutako lanetan?

Ez dira zehazki inprobisazioan oinarritutako piezak. Oinarrizko egitura bat izaten dugu, gai bat, melodia bat, eta hortik abiatuta inprobisatzen dugu. Hitzaldi bat eman behar duenak prestatzen duen gidoia bezala; hitz gakoak ditugu, hasiera, bukaera... Baina, gero, hizketan hasi, eta nahinora heltzen zara. Hor sartzen dira jazzeko inprobisazioak, estilo eta erritmo ezberdinak.

Zenbateraino inprobisatzen duzue grabatzen hastean?

Hori da onena: estudiotik ateratzen dena oso freskoa dela. Denek ezagutuko dugun melodia bat jo, eta hortik abiatzen dira inprobisazioak. Baina ez ausaz; denboran oso ondo txertatuta daude. Baina beti da berria. Handik edo hemendik joateko mila bide daude, eta jotzeko unean bertan erabaki behar da; hori da jazza. Horregatik, diskoak oso-oso azkar grabatzen dira; hau egun eta erdian grabatu genuen guk.

Pagoda (2013) ateratzean, honela definitu zenuten zuen estiloa: «Jazz tradizional eta modernoaren artean, Astor Piazzola eta Richard Gallianoren eragin nabarmenekin». Eusten diozue?

Eboluzio argi bat ere badago. Baina bistakoa da eragin horiek hor daudela. Marcelok zainetan sartuta dauka Piazzola bandoneon jotzaile argentinarraren musika. Baita nik ere, akordeoia eta bandoneona jotzen ditudanez. Eta Galliano ere beti dago hor, zeina Piazzolaren ondorengoa den.

Non dago eboluzioa, beraz?

Hau biribilagoa da, eta uste dut hobeto jota dagoela. Kantuak osoagoak dira, eta erritmo biziagoa du. Bigarren entzunaldian jada sartu egiten dira kantuak, eta uste dut jazz diskoetan ez dela beti gertatzen hori; nebulosoagoak izaten dira sarri. Esango nuke gureek melodia garbiagoa dutela.

Hugo vuelve a casa kantuan, Hugo Tabachnik poetaren olerki bi entzuten dira. Berezia da.

Marcelorena da, munduan zehar ibiltzen zen lagun baten omenezkoa. Poeta zen. Hil egin zen. Oso laguna zuen, eta milonga tempo horrekin konposatu zuen kantua, rapsoda hori erdian sartuta: «Krimen perfektuaren formarik finenetako bat da ahanztura».

Topatzen duzue aski publiko?

Denetarik. Donostiako Jazzaldira joan, eta dena da polita. Gero, azaroko astearte batean, hogei lagun elkartzen dira. Baina agian horrela izan behar du aurrera egiteko; gaur asko eta bihar gutxi. Kontua da musika ona egiten jarraitzea. Beti daude beheraldiak, eta «bukatu da» esaten duzun uneak. Baina jarraitu egin behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.