Vanesa Alvarez. Amaranta fundazioko kidea

«Bizitza merkaturatu dugu»

Alvarezek indarkeria sufritu duten emakumeekin lan egiten du. Inor «salbatu» baino gehiago, egunerokoari aurre egiteko tresnak eskaini nahi dizkiete andreei. Bilbon egon da egunotan, hizlari.

LUIS JAUREGIALTZO/FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Vanesa Alvarez gizarte langilea (1975, Gijon, Espainia) Amaranta fundazioko kide da. Hego Euskal Herrian, Espainian, Herrialde Katalanetan eta Galizian aritzen dira, eta sexu esplotazioa pairatzen duten emakumeei «bizitzan aurrera egiteko aukerak» zabaltzea dute xede. Afrikatik Europara iristen diren andreen egoeraz mintzatu da Alvarez, CEAR Euskadik antolaturiko Mugak gurutzatzen dituzten bizitzak. Hegoaldeko Mugari buruzko analisi feminista bat kongresuan.

Indarkeria era askotan gorpuztu daiteke emakumeengan. Zein da zehazki zuen egitekoa?

Guk, batez ere, prostituzioan aritzen diren edo salerosketaren biktima diren emakumeekin egiten dugu lan. Baliabideak eskaintzen ahalegintzen gara: batzuek lotarako tokia behar dute; beste zenbaitek, babesa. Finean, haien eskubideak berma daitezen saiatzen gara, aukerak zabaltzen.

Jardunaldietan, arreta berezia eskaini diezue Afrikatik Europara iritsitako andreei. Nolakoa da hartu-emana haiekin?

Emakume horien bizitza biolentziak markatu du erabat. Sorterrian, bidaian, eta baita muga igarotzen dutenean ere. Andreek migratu egiten dute, eta, tamalez,kasu gehienetan biolentziak zeharkatzen ditu haien bizitzak eta gorputzak, eta aztarna sakona uzten die. Hona iristen direnean biktima gisa ikusten ditugu, eta ikuspegia zabaldu behar dugu. Emakume horietako bakoitzaren bizitza bakana da, eta gure lana da babesa eta aukerak eskaintzea. Ulertzen saiatu behar dugu. Askok barneratu behar izan dute biolentzia bidaiaren parte dela.

Jakintzat ematen dute, beraz?

Ez dakit jakintzat ematen duten, baina ez dut uste inozoak direnik. Denek dute Europara etorri den ezagun edo lagunen bat. Egoerak askotarikoak dira, eta ezagutza maila ezberdinak dituzte, baina ziur aski oso zaila da gerora kontatzen dizkiguten zenbait egoera aldez aurretik irudikatzea. Beste batzuetan ezjakintasuna nabari da; askok oso-oso gazte alde egin zuten etxetik. Nahasketa bat da.

Euskal Herrian migratzaileei harrera egiteko zenbait sare sortu ziren iaz, eta, oro har, haiengana iritsi ziren etorkin gehienak gizonezkoak ziren. Non daude emakumeak?

Interesgarria da emakumeok bizirik irauteko garatzen ditugun estrategiak ezagutzea. Egun indarrean diren migrazio politikekin, ia ezinezkoa da bakarrik migratzea: inork ezin du muga bakarrik pasatu. Eta badira joan-etorri jario hori beste batzuk esplotatzeko baliatzen dutenak. Erraza da emakumeak salerosketa sareen atzaparretan erortzea. Sare horiek babesa, segurtasuna eta muga igarotzeko bidea ematen diete. Ez dira harrera sareetara iristen, beste nonbait daudelako. Iritsi, iristen dira; gizonek bezalaxe migratzen dute.

Zuek nola topatzen dituzue?

Batzuetan, zerbitzu sozialen bidez edo indar polizialen bidez heltzen dira. Baina, gehienetan, ahoz aho. Aurretik gurean dauden andreek mezu garbia helarazten diete ingurukoei: «Lagun zaitzakete». Izan osasun kontuak, izan asilo eskaera edo prostituzioa uzteko nahia. Emakumeen ahoz ahokoa da biderik eraginkorrena.

Behin helduta, zer-nolako erlazioa sortzen da haien eta zuen artean?

Borondatez hurbiltzen direnez, uste dute lagun diezaiekezula; hori abiapuntu ona da. Lanketa ez da arbuiotik hasten; ez dago mesfidantzarik, eta hori ezinbestekoa da bideari ekiteko. Oinarri horretatik abiatzen gara proiektu bat eraiki eta helburu komun batzuk ezartzeko. Gero, bidean, elkar ezagutu ahala, ikusiko dugu elkarri zerbait eskaintzeko gai garen ala ez.

Zein izango litzateke erlazio horren azken xedea?

Pertsonak, eta ez arazoak, ardatz dituen ikuspegia landu nahi dugu. Gure lana bizi aukera hobeak lortzen laguntzea da. Bizi izan dituzten biolentzia egoera horiek guztiak batasun baten barruan ulertu behar ditugu, eta, deliturik balego, mina erreparatzeko baliabideak jarri. Emakume horiek euren bizitzari aurre egiteko gaitasuna garatu behar dute; arriskurik eta kalterik txikiena sortzen dizkieten erabakiak hartu behar dituzte. Horretako modua ematen duten heldulekuak eskaintzen dizkiegu guk, baina eurek egin behar dute bidea. Aukerak eta tresnak hartu, eta aurrera egin. Finean, emakume horien eta nire arteko ezberdintasun bakarra da abiapuntu gisa izan ditugun aukerak. Familian edo inguru sozialean ditugun aukerek gainerako guztia baldintzatzen dute.

Sexu esplotazioa, gosea, hotza... Traba asko izan dituzte bizitzan aurrera egiteko.

Eta hemen daude. Guk bizirik irautea lortu dutenekin egiten dugu lan. Indartsuak dira, oso. Jende asko ikusi dute bidean geratzen, eta eurak honaino heldu dira; garaileak dira. Ikuspegia aldatu behar dugu: pertsonen beharrei erreparatu ordez, haien ahalmenetan jarri behar dugu arreta.

Sistema batek sostengatzen du desoreka hori, nolabait. Zertan oinarritzen da indarkeriari bide emateko?

Bizitza merkaturatu egin dugu. Globalizazioaren eraginez, bizitzako alor guztiak merkatuan jarri ditugu. Arazoa egiturazkoa da: dena sal eta eros daiteke, baita pertsonak ere. Errealitatea aztertzean, nahitaezkoa da merkatuaren logika eta dinamika patriarkalak presente izatea. Ezer ez dago isolaturik. Askok ez dituzte oinarrizko bizi baldintzak bermaturik. Bizitzea ahalbidetzen duten estrategiak garatu behar ditugu.

Pertsonen salerosketa, prostituzioa... Halakoek mesede egiten al diote sistemari?

Sistema denok gara. Pertsonen salerosketaren oinarrian eskari bat dago, eta pertsona batzuk erabiltzen dira eskaintza hori asetzeko. Salerosketa nonahi dago. Esklabotza normalizatu dugu, gizarteak barneratu egin du.

«Esklabotza moderno» gisa definitua izan da.

Askotan erabiltzen den terminoa da, eta egia da. Pertsonak baliogabetzen dituzte; erabakiak hartzeko gaitasuna ukatzen diete; atxikita daude; une oro pairatzen dute biolentzia; euren bizitza gidatzeko gaitasuna galtzen dute. Hori esklabotza da, eta gure muturren aurrean dago. Baina ez dugu ikusten, edo ez dugu ikusi nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.