Esti Markez. Musikaria

«Normalean, egun berean hasi eta bukatzen ditut kantak»

Kezkagarri zaizkion gaien inguruan jostatu da Esti Markez 'Hitzekin jolasean' diskoan. Lehen bakarkako lana du, eta, dioenez, kantek «guztiz adierazten dute» nolakoa den.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Donostia
2022ko azaroaren 17a
00:00
Entzun

Aspaldi da musikaria, baina orain bilakatu da bakarlari. Hitzekin jolasean diskoa kaleratu du Esti Markezek (Aia, Gipuzkoa, 1999), eta bere kabuz ekoitzi du CD formatuan. Larunbatean hasiko du aurkezpen bira, jaioterriko probalekuan, Aian (Gipuzkoa) Iker Lauroba (gitarra), Danae Riaño (baxua) eta Josu Erbiti (bateria) kideekin batera. Aste batzuk badira kantak entzungai direla, eta «oso gustura» dago harrerarekin. «Beti duzu duda izpi bat, ez baitakizu entzuleei iritsiko zaien ala ez. Noski, artistok hori nahi dugu. Horrek ematen dizkigu gero kontzertuak, eta hori da maite duguna».

 

Zeren mugarria izango da zure lehen bakarkako lan hau?

Aurreko diskoa aitarekin [Mikel Markez] atera nuen, erdi bana; lan honetan, sakondu nahi izan dut, eta entzuleei «hau naiz» esan. Hitz batzuetan ageri da: «baina banaiz eta banabil». Banabil musikan, eta pausoa eman nahi nuke dedikazio handiagoz aritzeko. Orain arte, osasungintzako eta musikako jarduna uztartzen aritu naiz, eta, aurrerantzean, musikaren ehunekoa handitu nahiko nuke, erditik osora.

Musikaria izan nahi duzu jardun osoz?

Musika da gehien betetzen nauena. Orain, diru apur bat ematen dit. Baina ez da beti hala izan, errusiar mendi baten antzekoa baita mundu hau. Kontzertu asko egoten da sasoi batean, gutxiago bestean... Nire helburuetako bat da musikan aritzea erabat, edo horretan saiatzea. Lortuko dudan ez dakit, baina saiatuko naiz. Saiatu gabe, ez baita jakiten.

Hitzekin jolasean deitu diozu diskoari. Horrela sortu duzu, melodia jarrita aurretik egindako hitzei?

Idatzi nahi dudanari buruz hausnartu ohi dut lehenbizi. Gero hasten naiz idazten, baina ez hitz guztiak, apur bat. Hori musikatu egiten dut, eta, bitartean, hitzak gehiago garatzen ditut. Normalean, abestia egun berean hasi eta bukatzen dut. Ez baitakit kantu bat utzi eta handik bost egunera hartzen. Oraingoz.

Musika guztia nik egin dut, eta hitzak ere bai zazpi abestitan. Beste hirurak bi bertsolarirenak dira: Alaia Martinek egin ditu Onena eta Bi begirada kantuen hitzak. Azken horretan, hitzak eginda zeuden, eta Alaiari galdetu nion ea musikatu nitzakeen; baietz erantzun zidan. Bestearekin, laguntza eskatu nion, eta hark osatu zuen. Notak airean abestiko hitzak Jon Martinek oparitu zizkidan: nirekin gogoratu omen zen egin zituenean.

Gustura zaude kantuetan lortu duzun musika estiloarekin?

Zaila egin zait bilaketa. Aitarekin egin nuen diskoak gehiago zuen folk estilotik. Ez da erraza, ordea, gustuko duzun musika mota jakin aurkitzea, edo jakitea zer estilotara jo nahi duzun. Uste dut disko honekin lortu dudala erakutsi nahi nuena islatzea. Oso eroso nago estilo honetan eta, uste dut hau dela nirea. Kantek guztiz adierazten dute naizen hori.

Hitzetan aipatu dituzun gaiak bolo-bolo dabiltza gizartean.

Diskoan, maitasuna, buru osasuna, indarkeria matxista eta migrazioa aipatzen ditut, besteak beste. Hausnarketa sakonen ondorio dira denak, kezketatik abiatuta eraikiak. Korapiloak askatzeko modu bat izan da horiek idatzi eta musika bihurtuta ateratzea.

Musika lagungarri zaizu korapilo horiek modu pertsonalean ere askatzeko ?

Dudarik gabe. Kezka batzuk edo barruan ditudan ideiak ordenatu eta askatzeko modu bat da musika niretzat; sendatu egiten nau. Terapia gisa bizi dut idaztea, eta jendeari naizen eta pentsatzen dudan hori kantu gisa ematea.

Garrantzia eman nahi izan diezu harreman eredu eta motei, ala berariaz atera zaizu gaia?

Ez dut egin izan nahi album oso bat gai jakin baten inguruan. Hari ezberdinak uztartu ditut. Maitasunak mugitu egiten gaitu, eta horretaz ere idatzi dut. Hala ere, ez da beti bikotekideen arteko maitasuna ageri; badago lagunen artekoa ere, adibidez. Gustatzen zait entzule bakoitzak kantak bere modura interpretatzea. Bakoitzak bere historia pertsonala moldatzen du horrela.

Kolaborazioak dauzka lanak. Artista gehiagorekin bildu eta lan egitearen zalea zara?

Gero eta gehiagotan ikus dezakegu nola kolaboratzen duten askotariko artistek elkarrekin. Pozgarria da niretzat. Bi artista nahastean, jende gehiagorengana hel zaitezke, eta, alde horretatik, kantak konpartitzea oso polita iruditzen zait. Disko honetan, Eñaut Elorrietak kolaboratu du abesti batean, eta aitak beste batean. Biei nik eskatu nien, eta segituan esan zidaten baietz. Ume-umetatik entzun izan dut Ken Zazpi taldea, eta, orain, Eñauten bakarkako lana: asko gustatzen zait artista gisa. Aita ere erreferente bat da niretzat. Oso betegarriak izan dira bi elkarlanak.

Arrisku handia da autoekoizpenera jotzea musika digitala modan den garaiotan?

Argi nuen lana CD formatuan nahi nuela. Horrela, abestiek iraun egiten dute [eskuetan hartu du lana]. Nik musika Spotify eta antzerako plataformetan entzuten dudan arren, gustuko ditudan musikariei formatu fisikoan ere erosten diet lana. Lan horri zure gelan edo gordeko duzun tokian leku bat egitea hura baloratzeko modu bat da. Durangoko Azokara ere, horretara joango gara. Gurea saldu eta besteena erostera.

Azokak zer ematen dizu?

Erakusleiho bat. Bai fisikoa, bai jendearenganakoa ere. Asko gustatzen zait Durangok entzuleekin sorrarazten didan hurbileko harremana. Diskorik gabe, gainera, zentzua galduko luke azokak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.