Pello Fernandez: «Giza taupada dago Javier Zigaren margolanen atzean»

Margolariari buruzko liburu bat argitaratu du Nafarroako Gobernuak; haren 600dik gora obra katalogatu dituzte

Pello Fernandez, Zigari buruzko liburuaren aurkezpen ekitaldian. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Agerikoa denaz harago so egin dezala. Horixe eskatu nahi dio Ziga Fundazioko kide Pello Fernandezek irakurleari, Javier Ciga.Pintor de esencias y verdades (Javier Ziga. Funtsen eta egien pintorea) izenburuko liburuaren bitartez. Hark idatzi, eta Nafarroako Gobernuak argitaratu du obra. «Margolari kostunbristatzat jotzen dute Ziga, baina haren lana hori baino gehiago da. Zigaren pintura da etnografikoa eta sinbolikoa. Agerikoa denaren atzean, giza taupada dago haren margolanetan», erran du egileak.

Fernandezek bi zatitan bereizi ditu liburuaren edukiak: batetik, artistaren testuinguru historikoa eta haren obra jorratu ditu; bertzetik, Zigaren margolanen katalogoa osatu du. Azkena, duela hogei urte egin zuen Carmen Alegriak. Liburu horrek 348 koadroren berri ematen zuen. «Orain, ia lan kopuru bikoitza katalogatu dugu», azaldu du Fernandezek. Denera, 659 lan. Hori dela eta, orain aurkeztu dutena Zigari buruzko lanik zabalena eta osoena dela azpimarratu du Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilari Jose Luis Sanchez Muniainek.

Iruñean jaio eta hil zen Javier Ziga (1877-1960). Ikasi eta lan egin zuen, hala ere, hainbat tokitan hemendik kanpo, tartean Madrilen eta Parisen. «Zigaren sustrai artistikoak dira posterromantizismoa eta errealismoa. Errealismoa da haren obraren ardatz kontzeptuala». Europan, abangoardien eragina jaso zuen. Sumatu zen haren lanetan. Fernandezek nabarmendu du, hala ere, eragin zioten mugimendu guztiak bere galbahetik pasatu zituela lehendabizi. «Izan zituen eragin guztiek badute Zigaren ukitua; bere egin zituen. Horretan betean asmatu zuen».

Egin zituen erretratuekin ere, ederki asmatu zuen Zigak. Haren obren artean ezagunenetakoak dira. «Pertsonen funtsa margotu zuen. Nafarroako elitearen erretratuak egin zituen, politikaren, ekonomiaren eta kulturaren arloko elitearen erretratuak; baina herria ere margotu zuen. Zigaren koadroetan ageri da herri bat, kultura bat, historia bat».

Konpromisoa

Herritarrekin izan zuen konpromisoa nabarmena izan zela erantsi du liburuaren egileak. Izan ere, EAJko kide eta Iruñeko Udaleko zinegotzi izan zen Javier Ziga, bitan. Bide horrek, hain zuzen ere, espetxera eraman zuen margolaria. 1937ko apirilean atxilotu, eta 1939an utzi zuten libre.

Pertsona konprometitua, xaloa. «Halakoxea zen, apaingarririk gabekoa». Zigaren pinturak islatu zuen margolariaren izaera, Fernandezen hitzetan. «Zigaren obretan deus ez da falta, eta, batez ere, deus ez da sobera».

«Bertze edozer gauzaren gainetik, funtsen eta egien pintore izan zen Ziga; arimaren eta bere garaiko gizartearen pintore», gaineratu du Fernandezek. Obra hori ezagutarazteko artistaren familiak egin lana nabarmendu du. «Elizondoko museo etnografikoan Zigaren 65 obra dago. Familiak beti izan du argi haren ondarea nafarrena dela». Nafarroako Museoan ere Zigari eskainitako areto bat dago, eta margolariaren obrak dituzte, hainbat bildumatan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.