David Doblas. Rizing Zephyr Fukuoka taldeko jokalaria

«Europatik kanpo jokatzea komeniko zaigu jokalariei»

Gipuzkoa Basketeko jokalari ohia Japonian ari da jokatzen, eta han segitzeko asmoz da, ilun ikusten baitu saskibaloiaren oparotasuna orain Europako zenbait ligatan.

DAVID DOBLAS.
Aitor Manterola Garate.
2020ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Oporretara joan zen Japoniara duela urte batzuk, eta «liluratuta» itzuli. Orain zer eta haren pasioari lotuta bizi da bertan David Doblas (Santander, Espainia, 1981), hango saskibaloi liga profesionalean ari baita.

Zer eragin izan du Japonian Olinpiar Jokoak urtebete atzeratu izanak?

Aurreneko astea arraroa izan zen; alde batetik, jendea triste zegoelako, baina, bestetik, lasaitasun handia hartuta. Tokion eta Osakan ziren lehiaketa gehienak, eta hor etsipena handiagoa izan da, baina japoniarrek azkar egiten dute aurrera.

Noiz arte egongo zara Japonian?

Espero dut horko konfinamendua bukatu aurretik itzultzea. Taldearekin hitz egin dut hegazkineko txartelak hartzeko apirilaren 20tik aurrera, baina ez da erraza izango. Hegaldi asko ari dira bertan behera geratzen, eta uste dut pare bat astean gauzak hobetuko direla. Bestela, maiatzera arte geratuko naiz hemen. Aurreko egunetan, Iberiak, gobernuak eta Inditex multinazionalak hegazkin bat antolatu dute Espainia aldera, eta hemen jokatzen ari ziren jokalari eta entrenatzaile batzuk itzuli egin dira.

Nola geratu zaizu kontratua orain taldearekin?

Bi denboraldirako kontratua daukat, eta, hilaren amaiera bitartean, klubak aukera du eteteko. Nik ere bai alde egiteko, eskaintza hobea jasotzen badut. Gustura nago, baina beste aukera batzuk begiratuko ditut, beti egin izan dudan bezala. Hemen, jokalarioi zegokigun guztia ordaindu digute; ez da aldi baterako enplegu espedienterik. Ez dute inolako tranparik egiten ez ordaintzeko.

Japonian segitzea da zure lehen aukera?

Bai, eta egoera honekin, oraindik eta gehiago. Europatik kanpo jokatzea komeniko zaigu jokalariei. Babesle askok ospa egingo dute kiroletik, eta dirua faltako zaie Europako klubei.

Hain gaizki ikusten duzu Europan saskibaloia?

Italian eta Espainian asko antzemango da krisi hau. Babesleak lanik gabe badaude orain, ekoizpenik gabe, taldeetatik aterako dute dirua, normala den bezala.

Japonian geratzeko hautua diruagatik bakarrik da?

Duela zazpi urte lagun batekin etorri nintzenean, hemengo kulturak liluratu egin ninduen. Gero, hemen lan egiteko aukera izan dut, eta ordu asko sartu behar izaten ditugu. Oso serioak eta abegikorrak dira gurekin, oso ondo zaintzen gaituzte, eta oso profesionalak dira. Saskibaloia produktu gisa oso ondo zaintzen dute: marketinak garrantzi handia dauka; zalea oso kontuan hartzen dute. Beti daude pozik zaleak, eta etxetik kanpo jokatzea ere polita da, erosoa. Oso atsegina da hemen jokatzea. Gainera, partida asko dauzkagu: astean bizpahiru.

Nolakoa da lehia aldetik?

Oso bertikala eta bizia da jokoa. Ez da erraza hemen jokatzea, egokitu egin behar baituzu lehendabizi hemengoen jokora. Taldeetan dirua dago, eta atzerritar onak fitxatzen dituzte. Bi oso onak dauzkate talde guztietan, eta 90eko hamarkadan bezala da: estatubatuar parea izaten ziren izarrak. Hemen ere antzekoa da. Talde bakoitzeko lau atzerritar egon daitezke, baina deialdian hiru; eta bik bakarrik joka dezakete aldi berean.

Ligako izarretako bat zara.

Denbora asko jokatzeko aukera daukat, eta ondo sentiarazten nau horrek jokalari eta pertsona gisa. 20 puntu eta bederatzi erreboteko batezbestekoa egin dut 40 partidatan, atera kontuak.

Txinako ligaren bidea hartuko du Japoniakoak?

Hemengoa indartuta aterako da krisi honetatik, jokalari askok nahiko dutelako hona etorri. Txinakoak diru gehiago dauka, baina, soldata handi horiengatik ez balitz, ez lituzkete jokalari onak erakarriko; Japoniakoa Asiako liga onena litzateke. Taldeak zure lana ontzat jotzen badu, denboraldi baterako fitxatzen zaituzte. Txinan, aldiz, fitxatu eta hilabete batera bota zaitzakete.

Egonkortasun hori ez da oso ohikoa saskibaloian.

Hemen bai, atzerritarrak bizpahiru denboraldi egoten baitira talde berean; bertakoak,sei edo zazpi, eta gauza horietan Europako saskibaloiaren gainetik dago Japoniakoa. Eredu dira produktua eta jokalaria zaintzen eta maitatzen. Klubek bizpahiru urterako egitasmoak egiten dituzte, ez zaie presarik sortzen bost partida segidan galtzeagatik. Gurea Lehen Mailara igotzeko egitasmoa da, eta pazientziaz ari dira agintariak.

Urrundik bada ere, gustura ariko zinen ikusten Gipuzkoa Basketen denboraldi ona, ezta?

Bai. Jokalari batzuekin harremana daukat, eta aurreko egun batean, bideo jokoan aritu nintzen Xabi Oroz, Mikel Motos eta Julen Olaizolarekin; baita Raul Netorekin ere [NBAn ari da, Filadelfian]. Denboraldi bikaina ari dira egiten, eta ez nuen uste hainbeste egingo zutenik, taldea eraberritu egin baitzuten. Uste dut zuzenean igotzeko hautagai handiena zela. Ea orain bulegoetan lortzen duten igotzea.

Nola askatuko zenuke korapilo hori?

ACB gaizki ari da. Bildu ditzala eragile guztiak, eta erabaki dezala liga bukatutzat ematea. Ez da justua inorentzat jokatu gabe jaistea, baina igotzeko dagoenarentzat ere ez da justua ez igotzea. Japoniako ligan ez da inor jaitsiko, bi talde igoko dira Lehen Mailara, eta handitu egingo dute liga, eta aurrera horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.