Albistea entzun

Maskaraden hari luzeari eutsi dio Pettarrak

Ezpeize-Ündüreine eta inguruetako gazteriak emango ditu urtarrilaren 22a eta apirilaren 30a bitartean. Zuberoako 14 herritan egingo dira aurten maskaradak
Kherestuak Zamaltzainaren harrapatzeko saioan.
Kherestuak Zamaltzainaren harrapatzeko saioan. ALLANDE SOKARROS Tamaina handiagoan ikusi

Allande Sokarros -

2017ko urtarrilak 11 - Maule

Zuberoako maskaradetara etortzera ohituta daudenei irudiko zaie, agian, urtetik urtera arizaleak gazteago direla. Iazko Sohüta-Hokiko maskaradakari (maskaradetako arizaleak) asko adingabeko gazteak zeuden, eta Ezpeize-Ündüreine eta inguruko herrikoak diren aurtengoetan joera hori areagotu egin da. Haatik, ezaugarri hori ez da seinale txarrekoa, oso aitzitik baizik. Ezen agerian ezartzen du Zuberoako gazte ainitz euren herri kultura zahar eta eraberrituari interesatzen direla.

Ezpeize-Ündüreine, nola ere Ainharbe, Mitikile, Onizepe, Sarrikotape eta Ürrüstoi-Larrabile herrietako gazte andanak aurten egingo dituzten maskaraden kasuan, gainerat, Zuberoako euskal kulturaz berraxolatze baten ildotik datozela azpimarratzekoa da. Euskaltasunaren berpizte honen abiapuntu moduan, 2008an egin zen Xiberoko Jauna pastorala ikus daiteke. Izan ere, Jean-Louis Davant larrabiltar euskaltzainak idatzitako testu baten inguruan gauzatu zen egitasmoaren harira, dantzari talde bat eta kantari talde bat eratu ziren, arrakasta handia izan zuen pastoralaren ostean aurrera jarraitu dutenak. 2013an, berriz, euskal giroaren hazte horretan, Jaki Ezkonobiet idazle izan zuen Aitzina mintza antzerkia ere aitzinurrats bat gehiago izan zen. Halaber, zehaztekoa da ere Ezpeize-Ündüreineko lagun andanak euskararen ikasteari ekin diola, azken urteetan.

Giro horretan sartzen da, beraz, aurtengo maskaraden antolaketa, horiek Zuberoako hamalau herritan —gehi Ezpeize-Ündüreine bera— ibiliko direlarik, urtarrilaren 22a eta apirilaren 30a bitartean. Herrialdean bertan egin ohi den txandaz gain, Gipuzkoako Aiztondo mankomunitatera ere joatekoak dira, maiatzaren 7an.

Maskaradakarien gaztetasunaz gain, ikusleak ohartuko dira aitzindariak deitutako dantzarietako pertsonaiak bikoitzean daudela, horrek berak dantza eskola baten bizitasuna nabarian jartzen duela. Beltzeriaren aldetik, Pirinioetan hartzen kopurua emendatzearen auziak Zuberoan piztu duen eztabaidari nolabait bromaz ihardukitzeko... hiru hartz dira kauteren jokoaren tarte batean agertuko! Buhameen taldean, berriz, mutil oso gazte batek ospe txarrekoa bilakatu egin den kalaxnikov gerra-arma bat dakar eskuan... zurezkoa, haatik! Buhameen jokoak Zuberoatik kanporako bidaietara daramatzala jakinez gero, hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola Euskal Elkargo sortu berria, Calaiseko etorkinek jasandako egoera larria, Irak eta Siriarat jihadaren egitera joateak...

Kherestuetan, hiru neska

Biarneseraz hitz egiten duten kherestuak, berriz, hiru neska izango dira: bata, nagusia, eta beste biak, haren zerbitzukoak. Maskaraden ohiturak Auvernia eskualdeko jatorrizkotzat ematen dituen xorrotx zorroztarien karguan, berriz, mutil-neska bikote bat egongo da. Hain zuzen, kargu nagusiak eramango dituztenen izenak ematearren, jakitekoa da gizarte boteredun eta ordenatuaren irudiak diren jauna, anderea, laboraria eta laborarisa jokoetan aritzeko, bi mutil eta lau neska tartekatuko direla jelkaldietan: Stephanie Eliziri, Argitxu Kamus, Christelle Pucheu eta Denise Xala, eta Jerome Serbielle eta Sebastien Xala. Gizarte zokoratu eta mespretxatu baten lekuko diren beltzeriakoak aipatzearren, ordea, Iker Uthurralt izango da Kabana Handia, Allande Uthurralt Pitxu eta Ximun Dagerre buhame jauna.

Euren jokoaz gain, maskaradetako zati ezberdinen artean kantuzko loturak egiten dituzten xorrotxak izango dira, aldiz, Alain Merkapide eta Benedicte Kaillaba. Kherestuen jokoa egiten arituko dira, azkenik, Laida Kamus (nagusia), Cecile Gaxen eta Maritxu Aranthabe (zerbitzariak). Zehaztekoa da kherestuen jokoa goizean izango dela, barrikada hausteak izeneko dantza emanaldien ostean. Hortaz, guztiz komenigarria da maskaradak egingo diren herrira 10:00ak ingururako etortzea; agerraldi nagusia, berriz, 15:30 inguruan hasiko da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zugaza, Herraez, Gonzalez, Zupiria eta Ormazabal, gaur, Gasteizen. ©IREKIA

Euskal artisten 26 artelan erosi dituzte museoek, Jaurlaritzak diruz lagunduta

Aitor Biain

Artium museoak, Biboko Arte Ederren Museoak eta Tabakalerak elkarrekin erosi dituzte 18 euskal artistaren obrak, 200.000 euroko ezohiko diru laguntza bati esker.

2023ko Bertsoaoa zikloko irudia, Leire Urbeltzek egina. ©Nafarroako Bertsozale Elkartea

Iruñeko Bertsoaroa otsailaren 9tik martxoaren 2ra eginen dute

Berria

Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak antolaturik, sei emanaldirekin osatu dute zikloaren egitaraua. Lehenbiziko aldiz, bertso afari bat ere izanen da.

Gorka Moreno, Amaia Ozerin eta Patxo Telleria, gaur goizean, 'Sormen Ola' proiektuaren aurkezpenean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Gazteentzako tailer sorta bat antolatu dute Loraldiak eta EHUk

Olatz Enzunza Mallona

Gazteen artean euskal kulturaren transmisioa sustatzeko asmoz, Sormen Ola programa abiatu dute Loraldiak eta EHUk. Parte hartzaileek formakuntza tailerrak jasoko dituzte hilean behin, sortzaile profesionalek gidatuta. Larunbatean egingo dute lehenengo saioa.

Slawka Grabowska eta Amaia Garcia antolatzaileak, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Kultura diputatua eta Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendaria, gaur goizean, jaialdiaren aurkezpenean. ©Jon Urbe / Foku

Otsailean egingo dute Lumafest jaialdia Donostian, bigarrenez

Naroa Torralba Rodriguez

Zabalik dago mikrokontakizunak bidaltzeko epea. Otsailaren 9tik 11ra tailerrak eta hitzaldiak izango dira Koldo Mitxelena kulturunean.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.