Esteban J. Giron. Toundra taldeko gitarrista

«Gure ardura da bidegabeak diren kontuetan argia jartzea»

Niño de Elcherekin Esquirla proiektua landu ondoren, Madrilgo Toundra taldeak bosgarren diskoa kaleratu du: 'Vortex'. Musika instrumentalera itzuli dira, esateko «asko» daukaten arren.

MARCOS SANCHEZ.
mikel lizarralde
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
2007tik, Toundra Madrilgo taldea bere espazioa aurkituz joan da rock instrumentalaren eremuan. Bost disko kaleratu ditu ordudanik, eta, 2017an, Esquirla proiektua ere garatu zuen, Niño de Elcherekin. Iaz, berriz, Vortex diskoarekin, bere esentziara itzuli zen. «Apirilean atera genuen diskoa, eta gelditu gabe ibili gara. Laurogei bat kontzertu eman ditugu; Europan bi bira, Mexikon beste bat... Eta oraindik segitzeko asmoarekin gabiltza», azaldu du Esteban J. Giron gitarristak. Harekin batera, Alberto Tocadosek (baxua), David Lopezek (gitarra) eta Alex Perezek (bateria) osatzen dute taldea egun. Gaur, Donostiako Dabadaban ariko da, eta apirilaren 5ean, Iruñeko Zentralen.

Zikloak amaitzearen aldekoak zarete? Bira amaitu ostean begiratuko diozue etorkizunari?

Bai. Baina egia da ziklo baten barruan askotan beste zerbait sortzen zaigula, dela bira bat, edo dela grabazio bat. Adibidez, Esquirlaren bira amaitzen ari ginela, disko hau konposatzen hasi ginen, eta, orain, bira betean gaudela, musika ari gara idazten Das Cabinet des Dr. Caligari-rentzako [Robert Wienek 1920an zuzendutako filma]. Maiatzaren 8an interpretatuko dugu zuzenean, Madrilen. Guk joko dugu propio idazten ari garen soinu banda.

Vortex grabatu baino lehen, Esquirla garatu zenuten Niño de Elcherekin. Nola eragin du kolaborazio horrek disko berrian?

Esquirlarekin urtebete inguru egin genuen. Aurretik ideia asko genituen, eta hiru aste besterik ez genuen behar izan musika idazteko. Lan dinamika ezberdina izan zen, baina lagun handi batekin aritu ginen, eta, kontuan izanda zer denbora gutxi egon ginen elkarrekin, produktibitate handia izan genuen. Alde horretatik, taldea sendotuta eta indartuta atera zen Esquirlatik. Hamar urte daramatzagu elkarrekin, eta oso ondo ezagutzen dugu geure burua.

Vortex grabatu aurretik, bazenuten hari buruzko ideia jakinik?

Lan sutsua egin nahi genuen, rockeroa. Hastapenetako amorru hardcore hori berreskuratu nahi genuen. Azken batean, ez diogu utzi hori entzuteari. Ezta izateari ere. Gorputzak eskatzen zigun.

Zuzenean jotzeko egina ematen du. Apaingarririk gabea.

Hori nahi genuen. Disko batzuk egin dituzunean, beti daukazu aurretik egin duzunaren pisua. Eta, horrekin batera, beti nahi diozu erantzun azkenekoz egindakoari. Bakoitza bere pausoen oinordekoa eta arduraduna da, eta, oraingoan, zuzenean jotzeko egokia izango zen disko bat egin nahi genuen, gehien gozatzen dugun espazioa baita hori.

Vortex izenburuak berak kontzertu areto bati egiten dio erreferentzia. Zergatik?

Alemania hegoaldeko areto bat da, eta, gure lehenengo biran, hangoak izugarri eskuzabalak izan ziren gurekin. Lekua egin ziguten, eta, orduz geroztik, 6-7 aldiz jo dugu han. Gainera, Vortex 2017an idatzi genuen, taldeak hamar urte bete zituen urtean, eta iruditu zitzaigun atzera begiratzeko ordua ere bazela guretzat. Neurri batean, zirkulua ixteko modua zen, eta baliatu nahi genuen gure atzean egon diren eta gure ametsa betetzen lagundu diguten horietaz guztiez oroitzeko.

Aurreko disko guztiak zenbakiz izendatu dituzue.

Zenbakiena gure arteko txantxa bat izan da beti. Gure talde gustukoenetako bat Led Zeppelin da, eta, haiek bezala, diskoak horrela izendatzen hasi ginen (I, II, III eta IV), omenaldi gisa. Eta Led Zeppelin baino gehiago ezin denez izan, bosgarrenarekin etorri da Vortex.

Zuen musikan, orain dela urte batzuk nekez elkartuko ziren estiloen oihartzunak daude: metala, post-rocka, elektronika, folka... Nola garatzen duzue gurutzaketa hori?

Rockaren oinordekotzat daukagu geure burua; metalarena, post-rockarena... baina moldaketak egiterakoan sartzen dira beste estiloak. Batzuetan, The Chieftains duzu buruan jaikitzen zarenean; beste batean, Pearl Jamen gitarra batekin txundituta geratzen zara; eta, hurrengoan, Metallicaren And Justice For All ari zara entzuten hamaikagarrenez. Hori guztia elkartzen baduzu, zerbait propioa aterako da. Eta, entzuten duzun horren zabaltasunaren arabera, diskurtsoak ertz gehiago edo gutxiago izango ditu.

Ahotsak askotan definitzen du talde bat. Talde instrumentala izanda, zailagoa da Toundra zaku batean sartzea?

Ahotsak asko definitzen du, bai. Guk bi abeslarirekin egin dugu lan: Maika Makovskirekin eta Niño de Elcherekin. Eta emaitza erabat ezberdina da. Horrek askatasuna eman digu. Ez daukagu hizkuntzaren muga, eta muga estilistikoen inguruan ere oso libre ibili gara.

Zakuak murriztaileak dira askotan, baina batzuetan lagungarriak izan daitezke? Esaterako, estilo bati lotutako jaialdietarako kontratatuak izateko orduan.

Guk egiten duguna egiten dugu horrela ateratzen zaigulako. Ez dago ezer ez izatea baino punkagorik. Eta ez dago norbera izatea baino punkagorik. Oso garbi izan dugu ez genuela egin nahi estilo ariketa bat, musikari batek egin dezakeen gauzarik itsusiena baita. Beti saiatu gara mezu propioa bilatzen, nahiz eta entzun dugunaren oinordekoak garen.

Ahotsak, musika definitzeko ez ezik, balio du ideiak plazaratzeko. Zuek, hitzik gabe ere, mezu bat zabaltzen saiatzen zarete?

Guretzat ezinbestekoa da. Gure motibazio handienetako bat da hori. Gainera, ardura bat daukagu. Hedabideek kasu egiten badigute, ardura dugu argia jartzeko bidegabeak iruditzen zaizkigun kontuetan. Toundraren izaera etiko-politikoa ahotsa ez izatearen estetikaren oso gainetik dago.

Horretarako, beste kanal batzuk behar dituzue.

Bai, eta horiek baliatu behar ditugu. Alde batetik, hedabideak; baina baita bideoklip batean etorkinak bizitzen ari direna salatzea ere. Ez dut uste bizitzan egiten dugun guztiak gako politikoei erantzuten dienik; denok ditugu kontraesanak, eta eskubidea dugu horretarako. Baina Toundrarekin badugu ardura hori, behin hasi ginelako bidezkoa ez dena salatzen, eta hipokrita litzatekeelako orain ez egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.