Donostiako 80. Musika Hamabostaldia. Jakub Hrusa. Orkestra zuzendaria

«Musika, dantza eta arte gehiago behar da eskoletan»

Hrusak lehen aldia du Musika Hamabostaldian. Kursaaleko oholtzara bigarrenez igoko da gaur, Mahler orkestraz gain Donostiako Orfeoia, Easo Eskolania eta Easo Gazte abesbatzak zuzentzeko.

PETRA KLACKOVA.
2019ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Jakub Hrusa (Brno, Txekiar Errepublika, 1981), Alemaniako Bamberg orkestrako zuzendari titularra izateaz gain, zuzendari gonbidatu aritzen da Txekiar Orkestra Filarmonikoan eta Prague Philharmonia orkestran. Lehen aldiz etorri da Donostiako Musika Hamabostaldira, eta atzo igo zen lehen aldiz Kursaaleko oholtzara, Mahler Chamber Orchestra eta Seong-Jin Cho piano jotzailea zuzentzera. Mendelssohnen Hebridak obertura, Chopinen Pianorako 1. Kontzertua, eta Beethovenen 4. Sinfonia jo zituzten. Gaur berriro ariko da agertoki berean eta orkestra berarekin, baita Donostiako Orfeoia, Easo Eskolania eta Easo Gazte abesbatzekin ere. Dvoraken Te deum, Kodalyren Psalmus hungaricus eta Schumannen 2. Sinfonia interpretatuko dituzte.

Zer ezaugarri dituzte gaur joko dituzuen obrek?

Oso ezberdinak dira. Garai ezberdinetako zuzendariak dira. Schumann orkestra sinfonikorako tradiziozkoa delako aukeratu dugu. Niretzat, 2. Sinfonia bere obrarik onenetako bat da. Ikaragarria da lan hori halako musikari bikainekin jotzeko aukera izatea.

Dvorak aukeratzeko garaian, berriz, esango nuke nire nortasunak eragina izan duela, txekiarra bainaiz. Te deum obra oso aproposa da programa irekitzeko, eta konpositore horren beste lan batzuk baino gutxiago jotzen delako hautatu dugu. Nik atsegin dut konpositore hungariarrekin lan egitea, Bartok eta Kodalyrekin, kasurako. Psalmus hungaricus lehenago ere zuzendu izan dut, eta esfortzu handia eskatzen du: abesbatza, agertoki eta orkestra bikainak behar dira, baina pieza interesgarrienetako bat da. Kodalyren eta Dvoraken lanak testu biblikoetan oinarritzen dira: lehena hungariarrez abesten da, eta oso nazionala da, pasio handikoa; bigarrena, berriz, unibertsalagoa da, eta latinez abesten da. Dena dela, bi lanetan nabari da folk musikaren eragina, baita konpositoreek harekiko duten lilura ere.

Nolakoa izan da Seong-Jin Cho pianistarekin lan egitea?

Lehenago ere lan egin izan dugu elkarrekin: Amsterdamen, Royal Concertgebow Orchestrarekin. Bere belaunaldiko hoberenetako bat da, zalantzarik gabe. Aurreko aldi hartan Ravelen obra bat jo genuen, eta oraingoan, berriz, Chopinen lan bat. Esperientzia guztiz ezberdinak izan dira.

Lehen aldia duzu Donostiako Musika Hamabostaldian. Nolako garrantzia du zuretzat?

Bikaina da. Donostian lehenago ere jo izan dut, Bamberg orkestrarekin: bira bat egin genuen Espainian zehar, eta Donostiara ere etorri ginen. Beraz, aretoa aurretik ezagutzen dut; baita hiria ere, apur bat behintzat. Primerako orkestrak, abeslari itzelak eta programa bikaina ditu jaialdiak: aparta izango delakoan nago.

Orkestra askorekin egiten duzu lan. Oraingoan, Mahler Chamber Orchestrarekin ari zara. Zer du berezitik orkestra honek?

Musikari guztiak bat eginda dauden sentipena sortu behar du orkestra idealak, eta hori izaten dut buruan lan egitean. Hala ere, orkestra handiekin ez da erraza izaten hori lortzea, jendea lanera joango balitz bezala etortzen baita jotzera. Egia da zuzendarion lana ere badela orkestra —eta musikariak— zuzentzea haiek errutina saihestu eta freskotasunez jo dezaten. Baina hori, esan bezala, zaila izaten da orkestra arruntetan.

Mahler orkestra, berriz, elkarrekin jotzen duen musikari talde bat da; bakoitzaren interesetatik harago, laguntasunez, sentipen bateratu batez eta nortasun musikal batez jotzen dute. Gainera, jotzen duten toki guztietan islatzen dute ganbera musikak berezkoa duen elkartasun ezaugarri hori. Orkestra hain handia ez izatearekin lortzen da hori; musikari gehiago izango balira, zailagoa izango litzateke sentsazio hori ziurtatzea.

Nabarmendu daitekeen beste ezaugarri bat musikariek duten ikuspuntu freskoa da. Kalitate maila hoberena galdu gabe, beti prest daude obra interpretatzeko modu berriak esploratu eta probatzeko. Orkestra bera izan arren, entitate ezberdin bat da kontzertu bakoitzean. Musikari gehienak gazteak dira, eta horrek berezi egiten duen gazte energia bat ematen dio taldeari.

Zer ematen dizu hainbat orkestrarekin lan egiteak?

Zer ematen digu hainbat pertsonaezagutzeak? Gugandik gertu dauden pertsonekin elkartu nahi izaten dugu haien pentsaerak arima aberasten digulako. Bamberg orkestrarekin erraza da: elkar ulertzen eta inspiratzen dugu. Beste biekin ere gauza bera gertatzen zait. Hirurak herrialde ezberdinetakoak dira, hiru kultura ezberdinetakoak. Niretzat ederra da, kultura eta pertsona horiek modu sakon batean ezagutzeko aukera ematen baitit.

Zein da, gaur egun, musikak oro har gizartean duen rola?

Nire iritziz, bada zentzugabea den arazo bat: musika, sarritan, ez da haurren heziketaren parte izaten. Eta hori ez dut esaten musikaria naizelako soilik. Ikerketa zientifiko guztiek diote abesteak, instrumentu bat jotzeak, dantzatzeak... musika duen edozerk modu harrigarrian laguntzen duela giza garunaren hazkunde osasuntsuan. Badakit ordenagailuek, telefonoek eta halako gailuek modu askotan laguntzen digutela, baina pasibotasunera ere bultzatzen gaituzte. Botoi bat zapaltzearekin, nahi dugun produktua eskuratzen dugu, eta hori kaltegarria dela iruditzen zait. Ezin duzu pianoan abesti bat jo edo dantza egin, besaulkian eserita egon besterik ez baduzu egiten.

Musika, dantza eta arte gehiago eskoletan; hori da behar duguna. Baina betiere modu aktibo batean; ez dadila izan botoia zapaldu eta zinta entzutea bakarrik. Ez dakit egin daitekeen edo ez. Baina ziur nago gizarte osoak jasoko lukeela onura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.