Aitor Etxebarria. Musikaria

«Musika gehiegi ez entzuten saiatzen ari naiz azkenaldian»

El_Txef_A izen artistikoarekin nazioartean ibilbide oparoa egin ondoren, Aitor Etxebarriak bere izenarekin sinatu du oraingoan 'Nihilism Part 1' lan berria. Azken bost urteotan sortutako piezak bildu ditu bertan.
SERGIO DE ARROLA

Antton Iturbe -

2020ko urtarrilak 15
Mute eta Primavera Sound zigilu ospetsuak daude Aitor Etxebarriaren (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1985) Nihilism Part 1. Compositions and Recordings From 2014 to 2019 diskoaren atzean. Gainera, azkenaldian, besteak beste, Evelyn Glennie perkusionista eskoziarrarekin ari da kolaboratzen orain dela gutxira arte El_Txef_A izen artistikoarekin aritu den musikaria. Bi datu horiek Etxebarria pixkanaka jasotzen ari den nazioarteko oihartzunaren isla dira. Azken urteetan izan duen hazkuntza eta bilakaera artistikoa ere ez dira nolanahikoak. Elektronikaren, musika garaikidearen eta (post)pop-rockaren arteko eremu zehatzezin eta berezi batean bizi da bere musika, eta, disko berri honetan, agian, inoiz baino modu agerikoagoan azaltzen da bere musikaren edertasuna.

«2014ko otsaileko egun euritsu batean, estudioan Can't See Nobody abestiaren lehenengo zirriborroa konposatu eta grabatu nuenean, oilo ipurdi infinitu batek zeharkatu zidan gorputz osoa», aitortu du, proiektuaren abiapuntua gogoratzean: «Han nengoen ni, pianoaren aurrean bakar-bakarrik, abesten, jotzen eta dena grabatzen. Beldur asko kendu nituen gainetik une horretan». Orduan erabaki zuen bere izenarekin sinatzea proiektu berria, baita prozesuari denbora emango ziola ere, «harro eta pozik sentitzeko moduko lan bat» grabatu ahal izateko. «El_Txef_A bezala, gauzak oso azkar joan dira beti, eta disko hau, ordea, bost urtez landu dut, mantso-mantso, nire buruko txabolaren babesean, nire inguruan eta nire ibilbide artistikoan beste milaka gauza gertatzen ziren bitartean».

Nihilism Part 1 diskoak norabide berri bat irekitzen du Etxebarriaren ibilbidean. Izan ere, inoiz grabatu duen lanik pertsonalena bada ere, Elena Setien eta Eñaut Zubizarretaren ekarpenez gain, banda bat osatzen duen kolaboratzaile sorta fina izan du inguruan: Jatsu Argarate, Hibai Etxebarria, Hasier Oleaga, Iban Urizar Amorante, eta baita Hannot Mintegia ere. Alde batetik, disko berria bada Mintegiarekin Markak diskoan hasitako elkarlanaren jarraipen eta sakontze bat, eta bi musikarien arteko elkar ulertzea eta kimika berezia guztiz sendotuta ageri da bertan: «Hannotek konfiantza osoa jarri zuen nigan Markak-en [Gernikako bonbardaketari buruzko dokumentala] soinu banda sortzeko garaian, eta bai disko horren grabaketa, bai zuzenean aurkezteko egin genuen bira, funtsezkoak izan dira gaur nagoen lekura heldu ahal izateko».

Etxebarriak eta Mintegiak proiektu ugari egin dituzte elkarrekin azkeneko urteetan, eta Audience taldeko kide izan zenaren eragina aitortu du: «Oso nabaria da, bere gitarraren sonoritateak eta jotzeko modu berezi horrek doinu guztiak markatzen baititu. Tira, egia esan, jotzen duen guztia gustatzen zait, beti [barrez]... Horrez gain, oso antzeko sentsibilitate artistiko eta estetikoa dugu. Sarritan, bion arteko jardunean ari garenean, jendea txundituta uzten dugu, ez baitigute esandako ezer ulertzen. Bion artean sortu dugun mikromundu batean bizi gara une horietan».

Ahotsaren presentzia

Ahotsaren presentziak eta erabilerak beste maila batera altxatzen dute Nihilism Part 1. Ahotsa da pertsonak bere barnean duen instrumentu musikala; agian, zintzoena. «Aurreko disko batzuetan, neronek konposatzen nituen ahotserako doinuak, baita hitzak ere, baina marruskadura mental handi samarra neukan horren inguruan, eta ez nion neure buruari harago joaten uzten», adierazi du. 2017. eta 2018. urteetan taldearekin egindako kontzertuak oso inportanteak izan ziren alde horretatik. «Neure burua [Bilboko] Kafe Antzokian edo New Yorken abesten ikustea aurrerapauso itzela izan zen, eta ezinbestekoa ere bai Nihilism Part 1 aurrera atera ahal izateko. Ahotsa geu gara, eta Etxean bezalako abesti bat a capella sortzea izugarrizko esperientzia izan da niretzat».

Nahitaez, ahotsaren presentzia hori pop abesti kontzeptuari eta kantariaren figurari lotzen zaio, eta, neurri batean, izaera hori bera du diskoak. Baina beste ikuspegi batetik, pop kontzeptu horren ezeztatze bat ere erakutsi dezake. Diskoan hitzak egon badauden arren, modu ia ulertezinean kantatzen baititu, sarritan, Etxebarriak. Abestiek apenas dute lelo moduko pasarte errepikakor edo itsaskorrik. Bi ikuspegi horien arteko joko bat emango balitz bezala. «Azken urteetan, musika gehiegi ez entzuten saiatzen ari naiz. Zaila egiten zait, etxean zein kontzertuetan beti musika pilo bat entzun baitut. Biziki maite izan dut, gainera, hori egitea. Musika klasikoko eta garaikideko emanaldiak izan dira azkenaldi honetan ikusi ditudan gehienak, eta horrek ere eragina izan du nigan. Nolabait, estandarrak ahazten edo ezabatzen ari naiz neure burutik —inoiz izan baldin baditut—, eta agian horregatik baztertu ditut ohiko egitura, moldaketa eta abesti iraupenak».

Aurreko beste lan batzuetan egin duen moduan, plano musikal batzuek eta besteek elkar ukitzen duten eremu hastapenekoan lan egin du Etxebarriak. Nihilism Part 1-en, pop abeslariaren edo crooner-aren kontzeptuak mugaraino bultzatzen ditu; bere musika, indar eta intentsitate handikoa bada ere, gune gaseoso batean eta oreka dardartian bizi dela dirudi, edozein unetan apurtzeko arriskuan. «Disko hauskorra da zentzu askotan, agian soinuaren eta hutsuneen arteko tentsioaren ondorioz. Baina jatorri eta testuinguru oso ezberdineko jendeak esan dit oso nortasun nabarmena duela eta nire burua musikaren barnean indar handiz sumatzen dutela. Ikaragarri pozten nau horrek».

Nihilismoaren aldarria

Hor dago diskoaren izenburua ere: Nihilism Part. 1. Nihilismoak aurka egin eta deuseztatzearen ideia suntsitzaileak iradokitzen ditu, baina modu sortzailean ere erabil daiteke, konbentzionalismoen aurka egiteko indar gisa hartuta. «Nihilismo hitza azken urteotan irakurri ditudan hainbat liburu eta artikulutan azaldu zait, hitz larritan, eta haren esanahia eta jatorria ikertzera bultzatu nau horrek. Ez naiz nihilista sentitzen berez. Agian ez naiz bereziki ezer sentitzen. Azken bost urteotako jarduera artistikoaren barnean, nihilismoa hutsuneekin lotzen dut. Batetik, zentzu metaforikoan, hutsuneek helbururik eza marrazten dutela esango nuke; eta, bestetik, helbururik ez izateak, munduaren merkantilizaziotik at egoteak, sormen prozesuaren gozatze hutsera eraman nau».

Bestalde, diskoak sortzeko garaian, musikariak batez ere «ikasketa pertsonalari» ematen dio garrantzia. «Nihilism Part 1 idazteak barne bakarrizketarako beta eman dit; batzuetan samurra, beste batzuetan mukerragoa, baina beti lagungarria nire burua hobeto ezagutu ahal izateko. Horrez gain, beste musikari batzuekin lan egin eta komunikatzean, beraien zati txiki bat nire baitan hartu dudala nabaritu dut».

Lan egiterakoan bezala, harreman pertsonaletan ere senari jarraitzen dio Etxebarriak: «Sen handiko pertsona naizela esaten didate. Gauzei ez dizkiet buelta gehiegi ematen erabakiak hartzeko garaian. Aurrean dudan pertsonarekin elkarrizketa labur bat nahikoa zait asmo ona duen edo ez jakin ahal izateko, eta hori oso baliotsua zait, bai harreman artistikoetarako, bai pertsonaletarako».

Produktu amaitu bat baino gehiago, askotarikoagoa eta zabalagoa den mosaiko baten zati modura ikusi eta balioetsi daiteke diskoa. Etxebarriaren senak gidatzen duen ibilbide ezezagun horren kapitulu liluragarrienetako bat, zalantzarik gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna