Jurgi Ekiza. Willis Drummondeko kantaria

«Nahi dugu diskoa izatea garai tristeen oroitzapen baikorra»

Willis Drummond taldeak zuzeneko diskoa argitaratu du: 'Garai bereziendako kontzertu berezia'. Pandemiari ateratako «fruitu baikorra» da, eta, bidenabar, garaiaren «lekukotasun akustikoa».

JON IRAUNDEGI.
Ainize Madariaga
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Garai bereziendako kontzertu berezia zuzeneko diskoa grabatu du Willis Drummond taldeak, 30 bat kontzertuko biratik landa. Pandemiaren bazter ondorioa da obra: egoerak hala manaturik, estilo elektrikoari akustikoa nagusitu diote, publikoarekin «energia amankomuna» kausitzeko.

Haien sei diskoetako kantak arralanduz osatua da diskoa, bai ere Mikel Laboaren Gaztetasuna eta zahartasuna abestiaren moldaketaz eta Ane filmarendako konposatu zuten piezaz. Durangoko Azokan egonen dira egunero, eta Plateruenan joko dute abenduaren 7an, 14:30ean.

Zer gisa zaudete?

Egia errateko, Willis Drummond biziki ongi da, dinamika onean. Urte bereziak izan dira musikarientzat orokorrean, baina guk lortu dugu egoera baikortzea, formatua aldatuz, egokituz eta jotzeko aukerak ukanez. Horrez gain, Vincentek [Bestaven, Botibol] dinamika berria ekarri du musikalki. Orain elektrikora itzultzen ari garenez, lorietan gara.

2020-2021eko urteak bitxiak eta bereziak izan direla aipatu duzue. Nola bizi izan dituzue?

Batetik, frustratuak gara gutiago jo dugulako. Baina, bestetik, pausa egiteaz kontent gara, zeren luzaz tai gabe jo eta gero suertatu baitzaigu. Alta, sei hilabeteren buruan, 2020ko irailean, ohartu ginen egoera iraunkorra zela, eta ez zela posible, gure osasun mentalaren izenean ezin ginela gehiago egon jo gabe. Horregatik hasi ginen formatu berri batean pentsatzen: laukoa eta akustikoa. Urrian hasi nahi genuena, azkenean abenduan.

Akustikoan hasteak formatua ttipitzea ahalbidetu zuen?

Hori da. Hiruron artean egin ditugu batzuk. Adibidez, 2018an, Japoniara joan ginelarik, hala aritu ginen, toki ttipi-ttipia baitzen. Kontzertu elektrikoa izan zen,baina minimalista. Aldiz, 2019ko azaroan, Zugzwang diskoa aurkezteko, formatu ttipian aritu ginen, gitarra akustikoaz. Orduan pentsatu genuen balio zukeela egun batez unplugged moduko bat egitea, gitarra akustikoa antzoki batean jotzeko, edota toki berezietan. Krisia aitzin izan zen. Egun bateko amets bat balitz bezala hartu genuen.

Azken finean egoerak hartaratu gaitu, Iparraldean ez baitzen batere kontzerturik, eta Hegoaldean bai, baina distantziak eta jende kopurua errespetatuz, musukoarekin eta eserita. Beraz, bagenekien usaiako gure musikak ez zuela tokirik horrelako baldintzetan: gu jo eta su taula gainean, eta publikoa jarrita. Ez zen goxoa izanen haientzat, ez eta guretzat ere, hainbeste maite dugun erantzunik gabe joanen ginelako. Hala, haiek eserita eta lasai egotera behartuak badira, guk ere gauza bera egin dugu, energia amankomun hori lortzeko.

Sinbiosia da hori?

Hori bera, bai: harremana sortzea, zerbait aproposa emanez, baldintza horietan. Beraz, hasi gara akustikoa lantzen, nahiz eta ez den akustiko hutsa, sartu baititugu gitarra elektrikoak ere, eta teklatua eta sintetizadoreak.

Erran daitekea diskoa pandemiaren lekukotasuna dela?

Gure kontzertuetan ez genuen kalitatea apaldu nahi soilik jotzen segitzeko eta ekonomikoki diru sarrerak ukaiteko, ez. Nahi genuen zinez zerbait interesgarria sortu, egoerara egokitua. Beraz, lekukotasun bat da, zeren utziko baitu oroitzapena, zer ziren garaiak. Garai tristeen oroitzapen baikorra izan dadin nahi dugu.

Garai gogor baten alde ona?

Bai, erakusteko ahal dela beti zerbait egin, blokeatu gabe: baldintzak zein diren ikusi, guretzat eta publikoarentzat, eta horren arabera aritu. Egia errateko, hartu dugu pentsatu baino plazer askoz handiago, nahiz eta gogo handiago ukan elektrikoa eta zerbait bortitzagoa egiteko. Sorpresa ona izan da guretzat.

Eskertuko diozue pandemiari.

Bai. Taldeaz, musikaz eta ene buruaz ere, gauza asko ikasi dut. Pandemia honen fruituak aski baikorrak dira. Musika taldean apurtu du dinamika, hurrengo urratsari pentsatzeko dugun usaia hori, unekoa gozatu gabe. Izan ere, dena estrategia bilakatu da gure bizitzan, nahi gabe, hori baita gure gizarte kapitalistaren gauza: beti performantzia berriak, hurrengo urratsari so... Konfinamenduak ezarri gaitu bakoitza fase batean non ezin genuen aurretik ezer pentsatu, astez aste ibili behar genuen, ez baikenekien zer pasatuko zen. Azkenean, erreaktiboak izaten ikasi dugu, zer egin fase bakoitzean. Horri esker, plazer hartzen duzu; azken finean, berehalakoa izan behar baitu fruituak eta plazerak, proiektatu behar izan gabe.

Badea kantu berririk ala denak dira bertsioak?

Ez dugu kantu berririk idatzi kontzertu horrentzat. Gure sei diskoetakoak baitira, bakoitzetik bederen bat. Bestalde, Mikel Laboaren Gaztetasuna eta zahartasuna-ren moldaketa bat egin dugu. Eta kasik argitaragabeadena eresartu dugu, Ane filmarentzat egin genuen kantua, gure diskoetan ez baitugu sekula sartu.

Zein da Vincent Bestaven Botibol-en ekarpena? Segituko dua zuekin?

Zugzwang diskoa ateratzean, akustikoan, plazer hartu genuen. Baina ohartu ginen, oren bat baino gehiagoko kontzertu bat interesgarria izan dadin, beste talde baten beharra zuela. Segituan Vincentengan pentsatu genuen. Talde ezberdinetan ari da: Petit fantomen, Botibolen, gurekin ere aritua da organo batzuk jotzen... Kide perfektua zitzaigun, jotzen baititu gitarra elektrikoa eta akustikoa, eta teklatua. Oso ongi abesten du ere. Hurrengo disko elektrikoan berarekin segitu nahi dugu.

Zumarragako kontzertua...

Abenduaren 30eko hori azkena izanen da sasi-akustikoan, markatzeko garai bereziaren bukaera. Ondotik, berriz hasiko gara elektrikoan, gure rock estiloan, hori baita gure nahia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.