Matthieu Saglio. Biolontxelo jotzailea

«Zuzeneko kontzertuetan dago musikaren esentzia»

Lauko formatura egokitu ditu Sagliok milaka entzunaldi izan dituzten bere abesti batzuk. 'Live in San Javier' zuzeneko diskoan jaso ditu guztiak; hori bera aurkeztuko du Gasteizko Ondas de Jazz jaialdian.

GOIO VILLANUEVA.
aitor biain
2022ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Biolontxeloa beste kultura eta musika batzuekin uztartzea: hori izan du helburu Matthieu Saglio musikari frantziarrak bi hamarkada baino gehiagoko musika ibilbidean. Jazz musika oinarri hartuta, flamenkoa, musika afrikarra eta beste hamaika aldaera josten ditu musikariak. Live in San Javier (ACT) zuzeneko diskoa kaleratu berri du, milaka entzunaldi izan dituen El camino de los vientos aurreko lana egokituta. Gasteizen aurkeztuko du gaur, Ondas de Jazz jaialdian.

Biolontxeloak eskaintzen dituen askotariko aukerak arakatzen diharduzu azken urteetan. Hainbesterako ematen du?

Oso instrumentu moldakorra da, bai, askotariko musika estiloetara egokitzen dena. Urte asko dira biolina klasikoa ez den beste estilo batzuetara egokitzen hasi zirela. Biolontxeloa, berriz, berantiarragoa izan da, baina ez dago horretarako arrazoirik, oinarrian biolinak baino aukera gehiago eskaintzen baititu.

Jazza askotariko musika estilo eta kulturekin uztartzen duzu. Zergatik da garrantzitsua zuretzat nahaste hori?

Musika beti izan da askotariko elementu eta doinuen nahasketa bat. Ustezko purutasuna bilatzea okerra da, batez ere uste dudalako inoiz ez dela halakorik existitu. Etiketak jarri izan zaizkie estiloei denborarekin, eta batzuek uste dute hori zerbait purua egitea dela, baina ez da horrela. Jazza, adibidez, beti izan da askotariko elementuen uztarketa bat, eta ni horrek erakartzen nau gehienbat: nahasteko eta fusionatzeko aukera hori dudala ikusteak, musika ez ezik, askotariko kulturak eta jendarteak batzeko beta ere eskaintzen didalako.

Eta jazza da horretarako biderik egokiena?

Jazzak osagai garrantzitsu bat du: inprobisazioa. Jazz musikariak ohituta daude inprobisatzera, eta horrek askatasun handia ematen du musika egiteko orduan. Baina, tira, musika tradizional askotan dago inprobisatzeko joera hori, beste hizkuntza batzuk batzekoa, eta horrek aukera handiak eskaintzen dizkigu.

Zeri jartzen diozu arreta sortzeko orduan? Zein da zure helburua?

Barrura begirakoa da nire sorkuntza, sentimenduei lotutakoa. Hala ere, askotan, nirekin aritzen diren musikariek nire konposizioetan eragiten dute, baita noizbait agertokian ondoan izan nahi nituzkeen horiengan pentsatzeak ere; horrek akuilatzen du nire sormena. Baita bizipenek eta bidaiek ere; finean, sortzen duzun hori zerbait intimoa baita.

Beste euskarri eta diziplina batzuetarako ere sortzen duzu: antzerkia, zinema...

Bai, hala da. Baina ni zuzeneko musikaria naiz, beste ezer baino lehen. Beti pentsatu izan dut hori, eta, orain, zuzenean aritzeko hainbeste zailtasun izan ditugun urte hauen ostean, are argiago daukat. Zuzeneko kontzertuetan dago musikaren esentzia. Baina musikari jardunaren beste alderdietako bat da estudioan grabatzea, beste musikari batzuekin kolaboratzea, soinu bandak sortzea eta grabatzea... Abentura politak dira, eta, sarri, zuzenekoetan zailagoak izan daitezkeen gauzak probatzeko aukera ematen dute, eta hori ere ederra da, noski.

Zuzenekoaren aldeko aldarri hori egiteko kaleratu duzu zuzeneko disko bat, beraz?

Badu keinu horretatik ere, noski. Disko argitalpen asko izaten dira orain musikari asko geldi egon direlako azken bi urteetan, eta tarte hori baliatu dutelako sortzeko eta grabatzeko. Nik, ordea, nahiago izan dut kontrako norabidean pauso bat eman, estudioko disko bat kaleratu beharrean zuzeneko bat kaleratuta.

El camino de los vientos aurreko diskoaren moldaketa bat da.

Bai. Diskoan 11 kolaboratzailek parte hartu zuten, eta ezinezkoa zitzaidan horiei guztiei lekua egitea oholtzan. Beraz, laukote bat sortu nuen, perkusioarekin, pianoarekin eta biolinarekin, errepertorio hori zuzenera eramateko. Aukera asko ematen dituen formatua da.

Milioika entzunaldi izan zituen disko bati buruz ari gara, ordea.

Ez da ohikoa, ez. Orain sei milioi entzunaldi lortzear gaude Spotify plataforman. Ez sinestekoa da. Baina hori zenbaki bat besterik ez da, aurrera jarraitzeko indarra ematen didana. Bereziki pozten nauena da pentsatzea nire musika hor zehar entzuten ari direla, jakin gabe entzuleak nortzuk diren eta non dauden zehazki.

Jazz jaialdietan aritzen zara gehienbat. Hori da zure lekua? Eroso sentitzen zara?

Edozein agertokitan sentitzen naiz eroso, egia esan. Musika unibertsala da, eta, askotan sailkatu edo etiketatu egiten bada ere, esperientziak erakutsi dit lekuak berdin duela. Gauzak zintzotasunez eta gozamenez egiten direnean, transmititu egiten da, eta jendeari iristen zaio, dena delako jaialdia izanagatik ere. Horrek funtzionatzen du.

Baduzu beste proiekturik esku artean?

Zuzenekoetan zentratuta nago erabat: ilusioa egiten dit proiektuak, eta kontzertuei ekiteko irrikaz. Baina hasia naiz hurrengo diskoa prestatzen ere. Labean dago, hurrengo urtera begira. Esan dezakedan bakarra da laukotea ardatz duen disko bat dela, eta abeslari gonbidatu ugari izango ditudala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.