Ray Fernandez. Trobadorea

«Txundigarriena Bilboko kontzertua izango da»

Trobalari kubatarrak emanaldia egingo du gaur, Bilboko Kafe Antzokian. Hainbat euskal artista ere izango dira: esate baterako, Ines Osinaga, Rafa Rueda eta Bihotz Gorospe.

I.M.E.
2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Hamalau egunetan zortzi kontzertu eman ditu, besteak beste, EHZ jaialdian jo zuen ekainean. Gaur, 22:00etan, Bilboko Kafe Antzokian eta igandean Elorrion (Bizkaia) izango da. Ray Fernandez (Habana, 1971) trobalariak Euskal Herrira egin duen hirugarren bisita da honakoa. Bere abestietan eguneroko gaiak eta gizarteko bidegabekeriak umorez jantzita salatzen ditu. Joseba Sarrionandia idazlearekin hainbat proiektutan ere aritua da, azkenekoa, El que fuma, bebe, y canta (Erretzen, edaten eta abesten duena) abesti bilduma.

Gauzak zalantzan jartzeko modurik onena umorea dela diozu.

Kubako errealitatea korapilatsua da. Estatubatuarrei egiten ari gatzaizkien iraultza eta beste hainbat arazo daudela eta... Jendeak modu ezkor batean irudikatzen ditu. Badira minaren apologia egin eta, entzutearekin bakarrik, okerrago sentiarazten zaituzten artistak. Ni, berriz, txantxetan aritzen naiz horrekin. Eguneroko aferez, hartutako erabaki okerrez edo praktikan jartzen ez diren diskurtso zaharrez hitz egiten dut. Irtenbiderik onena iruditzen zait. Noizbait arazoren bat eduki dut, baina apartekorik ez.

Nola definituko zenuke egiten duzun musika?

Repentista naizela esango nuke. Nire burua salbatzeko modu bat da. Norbait nirekin bat badator, eta horrekin bere burua onik mantentzen badu, hobeto. Ez da nirekoikeria. Nik ez dut musika titulurik; gainerako taldekideek bai. Jolas moduan ulertzen dut musika. Gehiago naiz umorista, musikaria baino. Trobadore bat naiz, bertsolari umorista bat.

Azken asteetan, Silvio Rodriguez abeslariarekin jotzen aritu zara. Nolakoa izan da esperientzia?

Hori aiatola da. Ahobero edo chauvinista izateko beldurrik gabe diot. Berak deitu izanak izugarrizko garrantzia du niretzat; beste maila batera igo eta ospea ematen dit. Bere jaioterrian egin genuen kontzertuan iritziak trukatu genituen, eta txantxetan ere aritu ginen elkarrekin. Gaztea eta gerrillaria izaten jarraitzen duen gizona da. Ohore bat izan zen; esperientzia metabolizatzen ari naiz oraindik.

Euskal Herrira etorri aurretik bere gonbidapena jasotzea taldearentzat ere onuragarria izan da, urduri geundelako.

Ekainean, EHZ jaialdian ere jozenuten.

Oso esperientzia ona, luxu bat izan da. Ez nekien zenbaterainoko maila zuen festibalak. Ezagutzen dut, Manu Chao eta Fermin Muguruza ere bertan izandakoak direla.

Hasieran, rock talde asko zeudela—eta, zerbait gogorragoa zirudien musika estilo aldetik, baina guk jo genuenean ere jendea dantzan jartzea lortu genuen; eta kontuan hartu behar da euskaldunak dantzan jartzea ez dela batere erraza [barreka]. Hemen, gainera, ez dakit zer gertatzen den dantzarekin. Dantza kirol edo arte martzialekin nahasten duzuela ematen du [barreka]. Deigarria egin zitzaidan jendeak euskaraz eta frantsesez hitz egitea. Baten batek gazteleraz egin zigun, baina, hala ere, «ongietorri» [Ipar Euskal Herriko tonuan] esaten ziguten.

Sarrionandiarekin eta Aristides Hernandez ilustratzailearekin liburu bat argitaratzekotan zara.

Bai, nire kanta gehienak jasotzen dituen bilduma bat da.Aresek [Aristides Hernandezek] ilustrazioak egin ditu; mundu mailan dagoen umorista grafiko onenetakoa da. Sarri, berriz, hitzaurrea baino, erradiografia bat ematen duen sarreraren egilea da. Kanta bakoitza noiz eta nola konposatu zen azaltzen duten istorioak ere bildu ditu. Nire ahotsak kritika bat beharrean, diagnostiko bat behar duela dio berak [barre artean].

Liburua ateratzeko finantzaketa kolektiboa egiten ari gara. Jendeak parte har dezan nahi dugu, eta ekarpena egiten duenak opariren bat ere jasoko du [barreka]. Abestien hitzak biltzeaz gain, Iruñean eman genuen kontzertuaren eta Bilbon egingo dugun agerraldi bereziaren grabaketak sartzea da asmoa.

Gaur, Bilboko Kafe Antzokian kontzertua emango duzue bertako hainbat artistarekin batera. Nola antolatu duzue?

Oraindik ez dakit zenbat pertsona eskertu behar ditudan.Hainbeste dira proiektuan parte hartzen ari direnak...Txundigarriena Bilboko kontzertua izango da. Ezustekoak egongo dira.Nik 31 eskutik daukat, etaegunkariei ere ezin diet ezer esan [barre txikiarekin]. Kubatik datozen ustekabeak egongo dira. Joan daitezela, eta harrituko dira, ala ez.

Euskal artistekin lehenago lan egin duzu?

Bai. Lehenago ere aritu naiz, besteak beste, Ruper Ordorika eta Fermin Muguruzarekin, han, Habanan. [Jexuxmai] Lopetegirekin ere bai. Ia guztiekin, egia esan; hainbat bertsolarirekin ere lan egin baitut Habanako Aberri Egunean.

Artista batzuk harroputzak izaten dira, zeruko giltzak dituztela pentsatzen dute. Euskaldunek, berriz, ederra den gizatasun eta gertutasun maila bat dutela ohartu naiz. Hori da batek Euskal Herrian topatzen duen gauza onenetako bat. Betiere, jendearen arabera, noski. Hemen ere izango da bestelakorik, baina, zorionez, oraindik ez dut topatu halakorik.

Zu ez zarela artista, eta, izatekotan, mundu guztia dela artista esan duzu.

Hala da, bai, artea toki guztietan dago. Ez zait gustatzen artista hitza erabiltzea, esanahi elitista bat hartzen duelako. Medikua, irakaslea edo kale garbitzailea izan daiteke artista; baita gaizkilea ere! Artearen eta artisten inguruan hori esaten dut; badelako, bere buruari artista deitzeagatik, besteak baino hobea dela uste duenik. Nik diodana, beraz, honako hau da: guztiok gara artistak, edo bat bera ere ez. Jose Zacarias Tallet idazleak bere olerki batean poesia eta artea toki guztietan daudela dio; koska, ordea, aurkitzea dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.