Donostiako 80. Musika Hamabostaldia. Maria Espada. Sopranoa

«Sinbiosia gertatzen da entzulearen eta abeslariaren artean»

Espadak bi hamarkada daramatza nazioarteko orkestrekin nahiz musika taldeekin agertokia partekatzen. Ars Atlantica proiektuarekin igoko da gaur oholtzara, Hamabostaldiaren Antzinako Musika Zikloaren barruan.

2019ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Maria Espada sopranoak (Merida, Espainia, 1969) bi hamarkada baino gehiago darama oholtza gainean. Mundu sinfonikoko eta barrokoko obrak interpretatzen aritu da urte luzez, nazioarteko hainbat orkestraren alboan. Donostiako Musika Hamabostaldian izango da gaur, beste behin ere. Ars Atlantica proiektuarekin arituko da, eta Italiako Seicentoko Barbara Strozzi kantari eta konpositoreari buruzko monografikoa egingo dute. Haren jaiotzaren 400. urtemugan, konpositorearen kantata ezezagunenak interpretatuko dituzte, viola da gambaren, artxilautearen eta harparen laguntzarekin.

Strozziren lanak interpretatzen dituzun lehen aldia da?

Lehenago lan egin dut haren obrekin, baina jaialdian interpretatu behar ditugun abestiak berriak dira niretzat. Ez dut zuzenean proiektuaren sorkuntzan parte hartu. Manuel Vilak, Ars Atlanticako buruak, Strozziren monografiko bat egin nahi zuen, haren errepertorioa gustukoa zuelako eta bat zetorrelako berak txertatu nahi zuen zati instrumentalarekin. Emakume horrek musika asko idatzi zuen, eta garaiko autore oparoena bihurtu zen. Gainera, sarritan kanta ezezagunenak ere ezagutarazi behar dira; bestela, beti gauza bera egiten da, eta horrek ez dauka zentzurik.

Musika Hamabostaldian Ars Atlanticarekin batera arituko zara, lehenengoz.

Hala da. Vilak sortu zuen Ars Atlantica, eta proiektuaren arabera ahots eta instrumentu ezberdinekin egiten du lan; kasuan kasurako aproposenak bilatzen ditu. Hamabostaldian, Marta Infante mezzo-sopranoarekin batera ariko naiz; ez da harekin lan egiten dudan lehen aldia. Talde instrumentala ere ezagutzen dut; hiru kidez osatuta dago, eta horietatik birekin lan egin dut beste proiektu batzuetan.

Antzinako Musikaren Zikloaren barruan abestuko duzue. Zure errepertorioan ohikoa da genero hori?

Bai, nik denetik abesten dut: musika sinfonikoa, Erromantizismo garaikoa, postrromantizismokoa... Strozzi Italiako Seicentoaren parte da, Barroko garaiaren lehen urteetakoa, hain zuzen. Ezagutzen dut aldi hori, lehenago ere garai berekoak diren Monteverdi eta Ferrariren moduko artistak interpretatu ditut eta.

Katxalin elkartearentzat izango da kontzertuan bildutako dirua. Baina ez da ongintzazko proiektuetan parte hartzen duzun lehen aldia. Jendea laguntzeko erabiltzen duzu musika?

Urtero, gutxienez, ongintzazko pare bat kontzertutan parte hartzen dut; kasuren batean, sei kontzertu egitera ere iritsi naiz. Nire ustez, ondokoak laguntzea denok egin behar dugun zerbait da, ahal dugun heinean behintzat. Horrelako kontzertuak bi helburu nagusirekin antolatzen dira: lehena, eta garrantzitsuena, kontzertua antolatu duen elkartearentzat ahalik eta diru gehien biltzea da; bigarrena, berriz, entzule berriak erakartzea izaten da. Izan ere, kontzertua entzutera joaten direnak elkarteari laguntzeko egiten dute, eta ez da musika mota honen ohiko publikoa izaten.

Nazioarteko orkestra eta musika talde askorekin aritu izan zara. Zer eman dizu orkestra ezberdinekin lan egiteak?

Etengabeko ikasketa prozesua da, eta orkestra guztiek erakusten dizute zerbait. Esperientzia aberasgarria da; izan ere, musika ikusteko eta lan egiteko modu ezberdinak ezagutzen dituzu. Musika mundua globalizatua dagoen arren, ikuspegia aldatu egiten da herrialde batetik bestera. Zenbat eta pluraltasun gehiago egon, orduan eta aberasgarriagoa izango da esperientzia. Publikoari dagokionez, askotarikoa da. Herrialde batetik bestera ez ezik, herrialde baten barruan ere alde nabarmena egon daiteke. Begi bistakoa da zein entzule dauden ohituta musika mota hau entzutera eta zein ez. Herbehereetan, esaterako, jendeak begiak ixten ditu; oso isila da. Gainera, haien jarrerak ere eragina du oholtza gainean dagoen interpretearengan. Izan ere, sinbiosia gertatzen da entzulearen eta abeslariaren artean.

Bakarlaria zara 1996. urtetik. Zer erantzukizun du figura horrek orkestra batekin aritzean?

Obratik obrara aldatu egiten da. Bakarlariak duen presentziaren araberakoa izango da haren erantzukizuna. Zailena izaten da interpretazio denbora laburra daukazunean; denbora tarte motzean erakutsi behar duzu zure lana ondo egiten ari zarela. Hala ere, eskarmentuak laguntzen du; hasieran, kontzertuak ematen nituenean beldur eszenikoa hor zegoen. Baina urteekin konfiantza hartuz zoaz. Ez duzu inoiz penagarri egingo; hobeto edo okerrago atera daiteke, baina beti egingo duzu duin.

Ez zara soilik zuzeneko kontzertuetan aritu izan, Harmonia Mundi, Chandos eta Naxosen gisako diskoetxeekin ere grabatu izan duzu. Nolakoa izan da esperientzia?

Alde nabarmena dago zuzeneko batetik grabazio batera. Grabatzea ez zait gustatzen, ez duzulako edukitzen entzuleen estimulua. Hotza da; gela itxi batean zaude eta mikrofonoa ahoan duzu; arnasketa ere entzun egiten da. Ondorioz, grabaketak zuzeneko emanaldi batek baino gehiago ikaratzen nau. Gainera, askotan errepikatu egin behar izaten da hasieratik: soinu arraroren bat dela, akats bat dela... Zuzenekoak ere grabatu ohi dira, eta horrelakoak nahiago ditut; perfektu egongo ez diren arren, gehiago inspiratzen naute. Hala ere, batzuetan grabazioak garrantzitsuak dira; beharrezko lana da gerora errepertorio hori gorde ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.