Donostiako 80. Musika Hamabostaldia. Mikel Ansola. Organo jotzailea

«Organoa pertsona bezalakoa da: joan, eta probatu egin behar da»

Donostiako Musika Hamabostaldian joko duen lehen aldia da. Organo Zikloaren barruan, Ignacio Arakistainekin batera arituko da Tolosako Andre Maria elizan, gaur, 20:00etan.

GORKA RUBIO / FOKU.
2019ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
2011. urtean ezagutu zuen Mikel Ansolak (Markina Xemein, Bizkaia, 2000) organoa. Martin Alberdi herriko organo jotzaileak kontzertu bat eman zuen, Xemeingo Gaua ekitaldian, eta, hura ikustean, instrumentua ikasi behar zuela erabaki zuen. Geroztik, instrumentuan trebatzen ibili da, eta, joan den urtean, goi mailako musika ikasketak hasi zituen Musikenen. Gaur, Ignacio Arakistainekin batera joko du Tolosan (Gipuzkoa), Musika Hamabostaldian. Liszt, Reger, Bach, Franck eta beste hainbat artistaren obrak interpretatuko dituzte. Programa hiru zatitan banatu dute: bakoitzak ordu erdiz joko du, eta, ondoren, lau esku eta lau hankatara arituko dira.

Nola aukeratu dituzue joko dituzuen obrak?

Organo ezberdinak daude—barrokoa, klasikoa, erromantikoa, postrromantikoa...—, eta, azkenean, instrumentuak berak ere errepertorioa baldintzatzen du. Tolosakoa, adibidez, Erromantizismo garaikoa izanda,ez litzateke aukerarik onena barrokoko obra bat jotzeko. Jo daiteke, baina ez da aukera egokiena. Gainera, Tolosako eliza handia da, erreberberazioa handia da; orduan, kontuan eduki behar da zer obra jo eta zer abiaduratan. Horrek denak baldintzatzen du, zer errepertorio aukeratu.

Musika Hamabostaldian jotzen duzun lehen aldia da? Zuretzat zer esan nahi du hor aritzeak?

Zikloan jotzen dudan lehen aldia da. Musika Hamabostaldian, organo zikloa eta kurtsoa egiten dira, eta, zikloak irauten duen bitartean, egiten da ikastaroa. Urtero irakasle gonbidatu bat egoten da, eta herrialde askotako jendea etortzen da. Sarritan, kurtso horretan ibilitako jendeari aukera ematen diote hurrengo urteko zikloan jotzeko. Ikastaroan parte hartu izan dut beste urte batzuetan, baina ziklo barruan kontzertua emango dudan lehen aldia da. Hemen parte hartzea aukera ona da, beste herrialdeetako organista askorekin batera. Azkenean, gu gazteak eta Euskal Herrikoak izanda, eskertzekoa da tokiko ziklo baten barruan bertakoentzako lekua egotea.

Hainbat organo jo izan dituzu (Markinakoa, Bergarakoa, Tolosakoa, Azpeitikoa...); zer aldedago batetik bestera?

Zuk hartu bi organo erromantiko: Tolosakoa (1885) eta Bergarakoa (1889), esaterako. Biak marka,erregistro kopuru eta garai berekoak dira. Eliza ezberdinak dira, Tolosakoak eta Bergarakoak ez dute zerikusirik, inondik inora ere. Orduan, tokiak instrumentua ezberdin egotea, ezberdin entzutea eragingo du. Organoak dituen erregistroen arabera ere diferentea izango da. Horrez gain, instrumentu horrek izan duen mantentzea eta zainketak ere eragina izango du. Beraz, pila bat faktore dago instrumentua bakarra egiten dutenak. Hor dago organoaren punturik interesgarrienetako bat: beti duzu instrumentu berri bat, eta Tolosan edo Bergaran jotzean edukiko dituzun sentsazioak guztiz diferenteak izango dira.

Beraz, jo aurretik probatu egiten dituzu organoak.

Hala da, organoa jo aurretik, lehenengo, ezagutu egin behar duzu. Organoa pertsona bezalakoa da: joan, eta probatu egin behar duzu. Azkenean, transmititu nahi duzuna ondo transmititzeko, instrumentuaren laguna egin behar zara: erregistro denak probatzen dituzu, banan-banan, zein erabil dezakezun, zein datorkizun ondoen... Adibidez, Tolosako organoak pila bat pisatzen du, nahiko instrumentu gaitza da, baina polita; soinu ederrak dauzka. Beste batzuk txikiagoak dira, eta errazago moldatu zaitezke.

Zer leku dauka organoak musika klasikoan?

Instrumentu askok orkestra baten barruan jotzeko balio dute, beste musikari batzuez inguratuta. Elizako instrumentu bat dela kontuan hartuta, organoaren funtzio nagusienetako bat mezan laguntzea da. Abesbatzarekin ere behar handia egiten dugu, haiekin lotura handia dugu. Organoak literatura pila bat dauka, eta, mezarakoaz aparte, musika asko dago organorako idatzita. Barroko garaia baino arinagotik hasi eta gaur egun arte idatzi izan da, orain ere idazten da, eta badaukagu zer jo. Gainera, Musika Hamabostaldiaren barruan, beti egoten dira pare bat obra estreinaldikoak. Badago jendea gaur egun ere idazten duena, beste instrumentuetarako bezala.

Zer presentzia du musika klasikoak gaur egun?

Nik pentsatzen dut behar asko dagoela egiteko. Kontzertuen antolakuntzaz gain, lan didaktikoari dagokionez, hutsune handia dago. Musika klasikoa entzuten duen jendea, egia esanda,beti izan da publiko formal bat; baina jendeari musika genero hau hurreratu behar zaiola uste dut, musika klasikoa ere disfrutatzen dela ikusi behar dute.Jendeak, azkenean, ez du ezagutzen; interes falta handiadago. Ezagutarazteko indarraegin beharko litzatekeela pentsatzen dut. Horrekin batera,uste dut herrian dagoen kultur programazioan ere parte hartu behar dela; entzule roletik, jarrera aktibo bat egon behar dela, alegia.

Etorkizunari begira, baduzu proiekturik buruan?

Musika Hamabostaldiko kontzertua prestatzen ibili naiz azken aste hauetan. Bestela, ez daukat kontzerturik. Baina Markina Xemeingo kulturgune eta udaletxearen laguntzaz ziklo berri bat hasi dugu, Musika Haizean. Musika klasikoko kontzertuak dira, eta aurten, esaterako, hiru kontzertu egin ditugu, martxoan. Beraz, datorren urterako antolatzen hasi behar naiz beste taldekide batzuegaz. Egia esan, herri mailan musika klasikoaren harira ziklo bat antolatzeak poza ematen dit; ondo sentitu naiz bertan lanean aritzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.