Donostiako 69. Zinemaldia. Horizontes Latinos. Ivan Fund. Zinemagilea

«Ni filmaren barrura sartzeko ate egokia zen fantasia»

'Piedra noche' filmak eboluzio bat erakusten du, zauri baten osatzea. Filma ere aldatzen da, drama intimotik fantasiara. Ivan Fund zuzendariarentzat, hori egin ahal izatea «ostiko bat» ematea da.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Abiapuntua atsekabegarria da: urtebete da Brunok eta Gretak semea galdu zutela udako etxearen pareko itsasoan, eta hura saltzera doaz. Itsaso horretan izaki bitxi bat bizi den zurrumurrua dabil ingurukoen artean. Ivan Fund zuzendariak (San Cristobal, Argentina, 1984) absentziari eta doluari buruzko istorio bat fantasiaren bidez kontatu du Piedra noche filmen. Postprodukzio fasean dauden Latinoamerikako filmei zuzendutako WIP Latam Industria saria irabazi zuen iaz Donostiako Zinemaldian, eta Horizontes Latinos sailean aurkeztu du filma aurten.

Doluaz aritu nahi zenuen?

Santiago Losak aspaldi idatzia zuen filmaren gidoia, eta nik ezagutzen nuen; elkarrekin lan egin izan dugu. Istorioa oso tristea iruditzen zitzaidan, oso gogorra, eta atentzioa ematen zidan fantasiaren osagaiak. Oraindik sotila zen: agerpen moduko bat filmaren amaieran, iradokitze bat...

Eta zuk gehiago nahi zenuen.

Filma egin ahal izan genuenean, ikusi nuen fantasia zela ni istorioaren barrura sartzeko ate egokia, hori garatu eta hedatu egin behar genuela. Martin Felipe Castagnet nobelagileari deitu nion gidoia moldatzen laguntzeko eta marko fantastiko hori sortzeko. Marko horrek pertsonaien drama besarkatzen du, eta niri uzten dit beste toki batetik adierazten. Ez soilik gurasoen tragediaren minaz, baita kontzeptu zabalagoez ere.

Izaki edo munstro bati buruzko film bat idaztean, zalantza egingo zenuten erakutsi ala ez.

Bai. Uste dut ezin dela film honen spoiler-ik egin: norberak esperientzia bat pasatzea da inportantea, ez anekdota bat kontatzea. Nik munstroan sinetsi nahi nuen; hor egon zedin nahi nuen. Hortaz, nire gogoari eustea izan da lanik zailena, ez nuelako sartu nahi pertsonaien barnetik datorren presentzia anbiguo baten gisa, egon litekeena edo ez; erakutsi egin nahi nuen, pertsonaiek eta ikusleok ikus genezan.

Gustura zaude erabakiarekin?

Pozik nago. Ostikada bat eman nahi nuen, esateko baliabide mugatuekin ere egin daitekeela. Dagoeneko ez dago zalantzarik. Argentinan neurri honetako ekoizpen batekin horrelako irudi eta baliabideetara heltzea garrantzitsua da istorioak pentsatzeko, sortzeko bidea emateko. Pentsa liteke argentinar edo latinoamerikar bati ez dagokiola hori, milioi askoko aurrekontuak behar direla, eta ez; egin daiteke.

Beldurrezko ipuin baten agertokia dirudi: pertsonaia gutxi toki bakartu bateko etxe handi batean...

Lan handia egin genuen Linda Bay sortzeko. Toki horrek 1990eko Argentinaren imajinarioa irudikatzen du, aspirazio handiko gauza bat, ustezko oparotasun bat... Fantasia hutsa. Leku degradatu eta dekadenteak bihurtzen dira. Gainera, uharte bat izanda, marea igotzen denean bakartuta geratzen da. Pertsonaiak linboan kokatzen ditu, itsasoaren eta basoaren arteko atalasean. Mugimendu horri buruzko film bat da, atalasetik atera behar dira.

Gurasoak dira protagonistak, eta beste bi pertsonaia nagusi daude.

Niretzat, lau protagonista dira; ez ditut kategoriatan sailkatzen. Izan ere, minutuak kontatzen hasiz gero, ez dakit zer aterako litzatekeen. Sina pertsonaia funtsezkoa da niretzat, haren bidez sartzen garelako istorioan. Amaren betiko laguna da, eta hura erreskatatzera doa. Niretzat bera da narratzailea, besteari gertatzen zaionaren fede ematen duelako. Uste dut Bressonek esaten zuela zinema dela norbaiti begira ari den norbaiti begira dagoen norbait. Subjektibitate eta begirada jolas bat da.

Argia berezia da film osoan.

Berezko argiarekin filmatu genuen, argi bakar bat ere piztu gabe. Gustavo Schiaffino argazki zuzendariak izan du nahiko lan. Arratsaldez filmatzen nuen; gauez muntatu, ikusteko nola jarraitu behar genuen, eta goizean idatzi, egun horretan filmatu beharrekoa ixteko. Egiteko modu hori dokumentaletik gertu dago. Gidoi bat zegoen, baina ez gidoi konbentzional bat. Aktoreek ez zekiten ez hitzik eta ez ekintzarik. Gertatzen zenak eragiten zion aurrerago etorriko zenari. Horrek konfiantza handia izatea eskatzen du, eta eduki nitzakeen konplizerik onenak eduki ditut.

Zergatik horrela lan egin?

Ekoizpena sekuentzia bat bezala irudikatzen da: ideia bat izan, gidoi bat idatzi, filmatu eta muntatu. Horrek arazoak sortzen ditu. Ideia bat duzunean, dena zoragarria da. Gidoia idazten duzunean, gidoia ez da ideia, beste gauza bat da, eta ideiaren pretentsioa arrastatzen hasten da. Filmaketan arrastatzen dituzu ideiaren pretentsioa eta gidoiaren pretentsioa, eta muntaketan berdin. Azkenerako pretentsio multzo bat daukazu, eta ez dizu errealitateari aurre egiten uzten. Niri horrek balio dit emaitza egiazkoago bat lortzeko.

Proiektuak WIP Latam Industria saria irabazi zuen iaz. Lagungarria izan da?

Horri esker gaude hemen. Proiektu bat horrelako programa batean aurkeztea zaila da, filma ez dagoelako amaituta. Material hauskorra da, badakizu zer falta zaion, eta erakusteak bertigo handia ematen du. Horregatik, parte hartzen duten industriako kide guztiak kontu handiarekin joaten dira. Lehen horrelako instantziei uko egiten nien arren, egia da filma asko hazi dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.