Albistea entzun

Olatz de Andres. Dantzaria

«Dantza ez da ulertzeko»

Olatz de Andresek 'Doppelgänger' lanaren hiru kapsula aurkeztuko ditu Donostian; atzo izan zen emanaldi bat, eta gaur izango dira beste biak. Musika Hamabostaldian lehen aldiz ariko da aurten.
IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Leire Perlines Apalategi -

2022ko abuztuak 18

Hitzekin adierazi ezin daitekeena adierazteko lengoai da dantza Olatz de Andres (Donostia, 1976) dantzari eta zuzendariarentzat, baita bihotza eta arima alaitzen dituen praktika bat ere. Hamabost urte eman ditu Euskal Herritik kanpo formatzen, baina urteak dira itzuli zenetik, eta, hain zuzen ere, egunotan Donostiako Tabakaleran izango da Doppelgänger lanaren hiru kapsula aurkezten. Musika Hamabostaldiko Musika Garaikidea zikloaren barruan izango dira emanaldiak. Atzo egin zuen lehena, eta gaur egingo ditu beste biak.

Lehenengoz ariko zara Musika Hamabostaldian. Doppelgänger aurkeztuko duzu; zer espero duzu publikoarengandik?

Egingo dugun pieza oso berezia da, ez delako oholtzan egiten, eta hirurak pieza labur ezberdinak direnez, publikoak guztiak ikustea gustatuko litzaidake, proiektuaren ideia orokor bat edukitzeko.

Zer esan nahi du Doppelgänger hitzak, eta zer transmititu nahi duzu pieza honekin?

Hitz alemana da. Doppel hitzak bikoitza esan nahi du, eta Gänger hitzak, ondoan dabilena, zure itzala. Bikoitzarekin egin nahi nuen lan, gu bat garelako, baina haren barruan asko garelako. Denboraren esperientzia bat ere lortu nahi nuen, eta nolabait aurkeztu nahi nituen pertsonaia hauek egunerokotasunean, eszenikoak ez diren espazioetan, deigarriak diren jantzi horiekin, eguneroko bizitzarekin kontrastatzeko.

Nolakoa izan da sortze prozesua?

Doblearen eta denboraren eraldaketaren ideiarekin hasi ginen lanean, baina ez genituen trajeak hasieran. Gehienetan ikerketa bat egiten dut hasieran eta gero estudiora joaten naiz dantzariekin pauta batzuk partekatzeko, eta hortik hasten gara mugimendua bilatzen. Oraingoan, ez zen aurretiko ikerketa teorikorik egon; estudioko esperientzia bat izan zen, eta jantziek, iritsi zirenean, guztiz aldatu ziguten prozesua.

Obratik, Doppel-Xake, Doppel-C3PO eta Doppel-Leo kapsulak atera dituzu. Zer kontatzen da kapsula bakoitzean?

Proiektuak Doppelgänger du izena, eta kapsula bakoitza doppel-aren —bikoitzaren— zerbait da. Doppel-Xake kapsula xake partida koreografiko bat da, Bertan, bi dantzariak xake partidan asko murgiltzen dira, eta, ondorioz, jokoa bera bihurtzen dira. Doppel-C3PO-k kontenplaziorako gonbidapena egiten dio publikoari; oso motel gertatzen den koreografia da. Sinplea da, baina egunerokotasunaren denbora zalantzen jarri, eta denboraren beste esperientzia bat eskaini nahi dugu. Doppel-Leo kapsula koreografikoena da eta dantzariak gorputz bakar bat balira bezala urtu eta berriz osatzen dira. Planteamendu oso sinpleak dira, eta horien barruan konplexutasuna josten dugu mugimenduaren bidez. Jantziak ere oso bisualak dira.

Dantzariek aurpegia estalia izaten dute. Badu arrazoirik?

Bai, dantzarien nortasuna ezkutatu nahi nuen, honela, gainera, gorputzaren potentzia asko handitzen da, eta mugimenduak ere beste dimentsio bat du.

Oraingoan, zuzendari gisa ari zara. Zer dela eta?

2016. urtetik nabil prozesuetan kanpotik lan egiten, zuzendari gisa. Kanpoan egotean, materiatik nolabait urruti zaude, eta gogo handia dut berriro barruan egoteko. Bizkarrean izan dudan lesioak ere geldiarazi egin ninduen. Dantzak lesioak sortzen ditu, eta, batzuetan, ezin da jarraitu.

Nola ikusten duzu Euskal Herrian dantza garaikidea? Erraza da dantzatik bizitzea?

Urte batzuetatik hona asko aldatu eta garatu da egoera, eta sortzaile zein dantzari asko agertu dira urteotan. Kontua da Euskal Herrian diru laguntza asko ditugula ekoizpenerako, baina, behin piezak sortuta ditugunean, zaila da bira bat egitea, aurkeztea... antzokien programatzaileek gehiago programatzen dutelako antzerkia, esaterako, dantza baino. Bestalde, eskoletan dantzak presenteago egon behar luke. Dantza ez da ulertu behar; abstraktua da, lengoaia abstraktu bat da, eta batzuetan oso mezu narratiboa dauka, baina normalean ez du hitzaren bidez lan egiten. Mezu narratiboak jasotzera gaude ohituta, baina dantza beste plano batzuetan komunikatzen da. Dantzatik bizitzea oso zaila da eta esfortzu handia da. Oso prekarioa eta erregularra da, baina aldi berean oso aberatsa da esperientzia aldetik.

Baduzu esku artean beste proiekturik?

Pandemiak ikuspuntua aldatu dit sorkuntzari eta merkatuari dagokienez. Erritmoa aldatu eta beste lasaitasun batekin egin nahi nuen lan, eta ikerketa arloan murgildu nahi nuen ekoizpen arloan egon beharrean. Beraz, denbora erreminta koreografiko gisa ikertzen hasi nintzen. Ikerketa teoriko bat izan da; tesi bat idatzi dut. Lau parametroren gainean egin dugu lan: denboraren errepikapena, geldotasuna, egonezina eta birbobinaketa, eta lau orduko pieza bat sortu dugu.

Egun, proiektu horren beste fase batekin nago; liburu bat idatzi nahi dut, dantzan ikusten eta bizitzen dudana oso efimeroa delako. Zerbait ikusi, eta, ikuskizuna amaitzean, desagertu egiten da, eta prozesu horietan guztietan dagoen ezagutza liburu batean agertu nahi nuke.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

<b>Artze anaiak.</b> Txalaparta erakustaldia Iruñeko 1972ko Topaketetan. ©BERRIA

ARTE KONSTELAZIO BAT IRUÑEARI OPARI

Yasmine Khris

Iruñeko 1972ko Arte Topaketen 50. urteurrena ospatuko da aurten, eta orduko oroitzapenak bizirik dituzte batzuek. Xabier Morras margolariak, esaterako, kontrastez beteriko hiriaren irudia ekarri du gogora. Zentsurak, polemikek eta artisten aniztasunak ezaugarritu zuten topaketa.

 ©BERRIA

«72ko topaketen oroitzapena ez da anekdotikoa, baina ia»

Yasmine Khris

Ofizioz idazlea da Andres, baina komisario lanean arituko da aurten, 1972-2022ko Topaketetan. Urriaren 6tik 18ra eginen dira eta 70 jardunaldi baino gehiago antolatzeaz arduratu da.
Walter Salas-Humara (eskuinean), gaur egun The Silos osatzen duen hirukotearekin. ©BERRIA

Musikaren plazera

Mikel Lizarralde

1980ko hamarkadan AEBetan sortutako sustraidun rockaren ordezkari da The Silos, Walter Salas-Humararen proiektua. Bi kontzertu ditu Euskal Herrian egunotan.

Mende erdia bete berri da Alejandra Pizarnik hil zela. ©BERRIA

Zauri diren lerroak

Ainhoa Sarasola

Sufrimendu biziko aldiak eta sormen loraldiak tartekatu ziren Alejandra Pizarnik idazle argentinarraren bizialdi osoan. Beldurrari, maitasunari eta bakardadeari idatzi zien, eta XX. mendeko poema bilduma nabarmenetako bat osatu zuen. 50 urte bete dira hil zenetik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...