Agurtzane Elustondo eta Ion Elustondo. Musikariak

«Diskoa guk egiten dugunaren erakusleiho moduko bat da»

Beraien aurretik aritu diren trikitilariei eskaini nahi izan diete diskoa. Fandangoaz eta arin-arinaz gain, beste doinu batzuk ere bildu dituzte 'Bizirik dauden eskuak' lan berriko hamasei kantetan.
GAIZKA PEÑAFIEL

Aitor Arroyo Askarai -

2019ko irailak 4
«Guk egiten dugunaren erakusleiho moduko bat da. Jendeak pixka bat denetik jotzen dugula jakiteko modu bat». Horrela hitz egiten du Agurtzane Elustondo trikitilariak joan den maiatzean argitaratu zuten diskoaren inguruan. Bizirik dauden eskuak laneko abestietan hainbat fandango, arin-arin eta bolero bildu dituzte, besteak beste. Ion Elustondo taldeko pandero jotzaileak kontzertuetan «egoerara moldatu» egiten direla esan du: «Ez dira bi erromeria berdin egoten: batean, fandangoak, arin-arinak eta sueltokoak egingo dituzu gehiago; eta, beste batean, berriz, lotuak joko dituzu sueltokoak baino gehiago».

Diskoan «garai bateko esentzia» mantentzen saiatu direla azaldu du Agurtzane Elustondok: «Musika herrikoiak berezko duen erraztasun hori nahi genuen: doinu berriak izan arren, ezagunak izatea. Aurreko diskoko abestiak ere nahiko melodikoak ziren, baina oraingoan ahalegin berezi bat egin dugu piezen aukeraketan».

Hamasei abestik osatzen dute bilduma eta horietatik hamar Martin Aginalde musikariak egin ditu. Gainerako sei abestietan hainbat doinu sartu dituzte; balsak eta doinu mexikarrak, kasurako. Abesti horiek «bertsioen bertsioak» direlakoan dago trikitilaria: «Kanta originala nolakoa izango ote zen jakiten saiatu gara, eta horren inguruan moldaketa bat egiten. Askotan, ordea, ez dugu originalak topatzea lortu. Orduan, melodia errespetatu dugu, baina moldaketa batzuk egin eta gure hitzak jarri ditugu». Zein zatitan kantatu erabakitzeko intuizioz jokatu dutela ere azaldu du. Sueltoko kanten inguruan, berriz, berez dantzarientzat pentsatuta egon arren, «entzuteko errazak» direla eta dantza egin nahi ez duenarentzat ere «oso gustagarriak» izan daitezkeela uste du.

Abestiak «lehengo erara» grabatzen saiatu dira: «Bozgorailu eta halakorik ez zegoen garaian, trikitilariek soinu altua erabiltzen zuten, goiko tonuak urrutitik hobeto entzuten zirelako edo. Guk ere hori egin dugu diskoan: soinua, panderoa eta kriskitinak bakarrik grabatu ditugu; kasu batzuetan, baita irrintziak eta ahotsak ere».

Trikitia Euskal Herrira iritsi aurretik, erromeriak panderoekin bakarrik egiten zirela azaldu du Agurtzane Elustondok, eta emakumeak izaten zirela koplak abestuz eta panderoa joz erromeria egiten zutenak. Bide horretatik, diskoa egiteko orduan perkusioari garrantzia eman nahi izan diote, eta, horretarako, Michel Longaron musikariaren laguntza izan dutela nabarmendu du pandero jotzaileak: «Etxea behetik hasi behar dela esaten da, eta horrelako mailako perkusionista batekin, oinarria ere ondo egiten duzu».

Kriskitinak ere sartu dituzte hainbat abestitan. Taldekideek azaldu dutenez, aurretik fandangoak bakarrik omen zeuden kriskitinekin grabatuta; eta beraiek, berriz, fandango batean sartzeaz gain, arin-arin bat ere grabatu dute kriskitinekin. Xabier Berasaluze Leturia musikariak lagundu die horretan.

Lan berria argitaratu baino bi hilabete lehenago bi ezbehar gertatu ziren: lehenengo, Kepa Junkera musikariak 2018ko abendu hasieran iktus bat eduki zuen; eta geroago, joan den urtarrilean, Iñaki Garmendia Laja hil egin zen. Agurtzane Elustondok uste du lanaren garapenean eragina eduki zutela gertakari horiek: «Nahiz eta diskoaren doinuak jada apur bat pentsatuta eduki, ezbehar horiek, eta hain denbora tarte laburrean pasatu izanak, eragin handia izan dute. Izenburua orain arte izan diren trikitilariei eskaintzea, esaterako, bi gertakari horiek markatu dute». Irakasle izandakoa zuen Laja. Junkerak, berriz, aurreko diskorako pieza bat egin zien, eta elkarrekin grabatu zuten.

Garai batean ez bezala

Diskoko Bagoaz abestiaren harira gaizki-ulertuak eduki dituzte: hainbatek galdetu diete ea agur esateko kantu bat ote den, musikaren mundua utzi behar dutela ulertuta. Ion Elustondok mezua bestelakoa dela argitu du: «Xabier Amurizak azalduko luke ondoen, hitzak bereak baitira. Jendea lehen parte hartzaileagoa zen; orain, berriz, indibidualistagoa da, bere zilborrera begira bizi da. Hortik doa mezua». Musikatik harago, oro har nabaritzen den joera dela uste du pandero jotzaileak. Haren hitzetan, herriko dinamika asko bertan behera gelditzen ari dira, jada ez dagoelako «lehengo inplikazio maila».

Bestela gertatzen da beraiek argitaratu duten diskoan. Xabier Amurizak, Nerea Elustondok eta Asier Iriondok abestien hitzekin lagundu diete; arlo musikalean, berriz, hainbat artistarekin aritu dira elkarlanean: Jose Maria Santiago Motriku (panderoa), Gurutz Bikuña (gitarra akustikoa), Pilar Aresti (irrintziak) eta Estitxu Pinatxo (ahotsa), tartean. Guztiekin lan egitea «plazer hutsa» dela adierazi dute Elustondo anai arrebek: «Lehenengo diskoan ere beraiekin aritu ginen, eta, hain gustura ibili ginenez, errepikatzeko dudarik ez dugu eduki. Giro ona dugu gure artean, eta ekarpenak beti positiboak izaten dira».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna